Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 11 urteko haurren artean egindako ikerketa baten arabera, haurren portaera arazo larrienek zerikusia dute ilearen kortisol maila altuagoekin.
Analisiak dioenez, estres kronikoa aldi berean eragin dezaketen zenbait faktoreren eraginpean egoteak ilearen kortisol kontzentrazioa zehaztu dezake, EHUk ohar batean jakinarazi duenez.
Kortisola, egoera estresagarriei erantzuteko gorputzak jariatzen duen hormona, odolean, listuan eta gernuan egon ohi da, baina ilean pilatu egiten da, eta estres kronikoaren mailaren adierazle gisa balio du, azaldu du EHUko Basque Environmental Health Research Group taldeko kide Ane Arregi Otxotorena ikerketaren arduradunak.
Analisiak ondorioztatu du portaera arazo handienak ilearen kortisol maila altuagoekin lotuta daudela, eta amaren estresa haurren portaera arazoekin lotuta dagoela.
"Horrek esan nahi du amaren estresak haurren kortisol mailetan ere eragina izan dezakeela, haurren portaera arazoen bidez. Nolabait bi urratseko bide honetan zehar", zehaztu du.
Zaratak ere eragina du
Inguruko zaratarekiko esposizio-maila handiagoa kortisol maila baxuagoekin lotuta dago, eta, beraz, "zenbat eta altuagoa izan zarata, orduan eta baxuagoak dira kortisol mailak", adierazi du ikertzaileak.
Sexuaren araberako analisiaren banaketan, harreman hori mutilen kasuan bakarrik zen esanguratsua, adierazi du.
"Zaratak eragindako hasierako estres akutuak unean uneko kortisol mailak igotzea eragin dezake, baina epe luzera zarata handiaren eraginpean egoteak eragindako estres kronikoak kortisol maila jaitsi dezake", dio.
Hala ere, espero ez ziren zaratari buruzko emaitzak berresteko, ikerketa bera egingo da Athlete proiektuan (Horizon 2020).
Ingurumen-, gizarte- eta banakako faktoreak
Oro har, ikerketan bi faktore horiek antzeman dituzte, "baina horrek ez du esan nahi beste loturarik ez dagoenik, baizik eta guk ez dugula beste harremanik aurkitu", argitu du Arregik.
Hala, eredu bat sortu dute ingurumen, gizarte eta banakako faktoreen eta haurren ileko kortisol kontzentrazioaren arteko harremana ikertzeko.
Estresari eragin diezaioketen elementu gisa, literatura medikoan agertzen diren faktore guztiak hartu dituzte kontuan: espazio berdeak eta urdinak, airearen kutsadura, inguruko zarata, familia eta eskola harremanak, gurasoen estres maila, lo egiteko arazoak, jarduera fisikoa, adina eta sexua, besteak beste.
Arregik aitortu duenez, "oraindik asko dago ikertzeko haurren eta gazteen ilearen kortisol mailetan eragiten duten faktoreen inguruan, eta orain arte egindako azterketek ez zuten kontuan hartzen faktoreen aldibereko eragina".
Etorkizuneko ikerketek ikuspegi konplexuago hori erabili beharko lukete haurren ileko kortisol-kontzentrazioaren eragile erabakigarriak hobeto ulertzeko; izan ere, ingurumen- eta gizarte-elementuekiko eta banakako elementuekiko aldibereko esposizioak eragina izan dezake kontzentrazio horretan.
Ile-kortisola "oso tresna lagungarria izan daiteke estres kronikoan ingurumen-esposizioek duten eragina ebaluatzeko", eta horrek "politika publiko eraginkorrak" aplikatzen lagun dezake; izan ere, "leku bateko herritarren estres kronikoa zerk eragin dezakeen jakinda, errazagoa izan daiteke hori saihesteko politikak aplikatzea", ondorioztatu du.