Ostegun honetan Ataungo mendi batean langile bat hil eta gero, basogintza sektoreko lan ezbeharren kopuruak gora egin duela salatu du LABek.
Sindikatuak komunikatu batean ziurtatu duenez, laneko heriotzak prekarizazioaren eta erakundeek lan osasunaren arloan duten kontrol faltaren ondorio dira.
Hain zuzen ere, basogintza sektorearen egoera salatu du, atzo Ataungo mendi eremu batean zuhaitz bat gainera erorita behargin bat hil ostean.
37 hildako aurten
LABek "elkartasuna eta babesa" helarazi die hildako langilearen senide eta gertukoei. Gainera, sindikatuak gogorarazi duenez, honekin "dagoeneko 37 langile hil dira aurten".
"Azken bederatzi egunetan hil den bigarren langilea da basogintza sektorean", nabarmendu du, eta horrek, bere ustez, agerian uzten du "sektoreko lan baldintzak gero eta okerragoak" direla.
Gainera, azpimarratu duenez, "basogintza sektorean ematen diren arriskuak handiak dira"; izan ere, "alde batetik, erabiltzen den makineria arriskutsua da, lan egiten den lursailak ere arriskutsuak izan daitezke hainbat faktorerengatik", eta, bestetik, "kanpoko faktoreak ere, eguraldia esaterako, garrantzitsuak izan daitezke lan arriskuak okertzeko orduan".
Prebentzio neurri "eskasak"
Era berean, "erabiltzen diren prebentzio neurriak ez dira batere nahikoak", salatu du, eta, horren adibide gisa, "azkenaldian sektorean lan-ezbeharren kopuruak gora egin duela" aipatu du.
"Lan istripuek ez dute etenik, heriotzek ez dute etenik, eta prekarizazioaren ondorio larriak erakundeek lan osasunaren gainean duten kontrol faltaren ondorio dira", nabarmendu dute LABetik.
ELAk, bere aldetik, elkarretaratzea deitu du datorren astelehenerako, 11:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, lan-istripuaren aurka protesta egiteko, sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.