2022an 4.921 milioi euroko negozio-zifra lortu zuen Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreak, gainera horri 1.845 milioiko balio erantsia gehitu behar zaio. Osotasunaren %2,4, eta aurreko urtean baino hiru hamarren gehiago da. Sektore honek guztira 2.816 enpresa eta 26.625 lanpostu hartzen ditu, hau da, euskal ekonomia osoaren %1,9 eta %2,4, hurrenez hurren, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera.
Datu positiboak
Zifra horiek, beste behin, datu positiboak dira aurreko 2021. Urtearekin alderatuz gero, hazi egin baitira bai enpresa kopurua ( %0,4), baita enplegua ere ( %6,3). Horiez gain, negozio zifraren datuak ere hobera egin du, %10,8 igota, eta balio erantsia ere hazi egin da beste %11,0.
Eskuragarri dagoen serie historikoko lehen urtetik, alegia 2010etik, IKTen sektoreko enpresen kopurua %34,7 hazi da, eta lanpostuak, berriz, %19,8. Datuak zehazki aztertuta, sektore horretan 2.816 enpresa eta 26.625 lanpostu zenbatu zituzten 2022an, 2010tik honako baliorik handienak, eta enpresaren batez besteko neurria 9,5 pertsonakoa izan zen.
Euskadiko enpresa guztien %1,9 baino ez den sektore horrek, ikerketa eta garapena egiten eta gauzatzen duten enpresen %14,4 biltzen ditu, ordea, 115,7 milioi eurorekin. Izan ere, sektore guztietako enpresen artean I+Gko jarduerak soilik %1,1ek egiten dituen bitartean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietako enpresetan ehuneko hori %7,6ra iristen baita.
I+Gean dabiltzan langileak
2022. urtean, sektore horretako 1.790 pertsona aritu ziren I+Gean lanean “erabateko jardunaren pareko lanaldian”, eta horietako %23,9 (428) emakumezkoak ziren. IKT sektorean I+Gko 1.790 pertsona horiek, ikerketan eta garapenean aritzen diren enpresen sektoreko langileen %11,6 suposatzen dute.
Enpresaren tamainari erreparatuz gero, 10 langile edo gehiagoko enpresetan %48,8ko datuak lortu ziren lehenengo kasuan, eta %35,4koak sektore guztiak kontuan hartutakoan.
Berrikuntza-jardueretan egindako gastuari dagokionez, IKT establezimenduek 425,6 milioi euro bideratu zituzten, sektore guztiek egindako gastuaren %12,9. Gastu horretatik, 321,0 milioi 10 langile edo gehiagoko establezimenduei zegozkien, tamaina horretako enpresek gastatutako guztizkoaren %11,2 adierazten duelarik.
I+G+Bra bideratutako baliabideei dagokienean ere, IKT sektoreak ehuneko handiagoa erabili zuen alor horretan sektoreen guztizkoak baino. Nabarmentzekoa da, berrikun-tzaren intentsitatea %6,6koa izan zela sektore horretan, eta %1,6koa gainerako sektore ekonomiko guztietan.
IKT teknologien erabilera oso hedatuta dago sektore horretako enpresen artean; esate baterako, Interneten erabilgarritasuna %99,7koa da, gainerako sektore guztietan %94koa den bitartean.
Era berean, IKT sektorean %72,2k badituzte web orriak, eta sektoreen guztizkoan %57,5ak. Merkataritza elektronikoa ere gainerako sektoreetan baino dezente garatuagoa dago, bitarteko horren bidez erosketak egin zituzten IKT establezimenduak %72,5 izan ziren, eta beste %13,5ek baita salmentak ere.