Osakidetzak haurdun dauden emakumeentzako proba ez-inbaditzaile berri bat ezarri du, gaixotasunak jaio aurretik detektatzeko baheketa-programan. Proba hori amaren odol-laginaren analisian oinarritzen da eta, horri esker, fetua edo amaren osasuna inolako arriskuan jarri gabe, Down sindromearekin, Edwards sindromearekin edo Patau sindromearekin lotutako alterazio kromosomikoak detekta daitezke haurdunaldian. Jaio aurretik detektatzeko baheketa-programan proba berri hori abian jarri duen lehen autonomia-erkidegoa Euskadi izan da, eta haurdun dauden guztiei eskaintzen zaie.
Prozedura berriak %99ko eraginkortasuna du, eta Osakidetzako erakunde sanitarioetan txertatzearen helburua, haurdunaldian zehar prozedura inbaditzaileen kopurua murriztea da, amniozentesia kasu, nolabaiteko arriskua badakarrelako, %1 inguru feturen galera eraginez. Lehen hiruhilekoko baheketan edo proba konbinatuan tarteko arriskua duten emakume haurdunei eskaintzen die Osakidetzak proba berria. Osakidetzako zentroetara haurdunaldiaren kontrola egitera joaten diren emakume haurdun guztiei eskaintzen zaizkie jaio aurretiko baheketa proba hori, eta seme-alabak Down sindromea, Edwards sindromea edo Patau sindromea izateko duen probabilitatea neurtzen du. Baheketa edo lehen hiruhilekoko proba konbinatua arrisku-kalkulu bat egitean datza, 11. eta 13. asteen artean, amaren faktoreak kontuan izan (adina, haurdunaldi mota, aurrekariak) eta proba biokimiko eta ekografiakoetatik abiatuta. Datu horien konbinazioak zehazten du fetuak alterazio kromosomikoak izateko zenbaterainoko arriskua duen; eta behin egindakoan, arrisku txiki, arrisku ertain eta arrisku handi gisa kalifikatzen ditu.
Arrisku handia izanez gero, beste baieztapen proba bat egingo dela adierazten zaio (korioneko biopsia / amniozentesia); arrisku ertaina izanez gero, kasu horietan ere beste proba bat egingo da amaren odolean azido desoxirribonukleikoa (DNA) detektatzeko, eta emaitza arrisku handikoa bada, baieztapen proba bat eskatuko zaio (amniozentesia); arrisku txikiko emaitzaren kasuan, ohiko kontrolekin jarraituko duela adierazten zaio haurdun dagoen emakumeari. Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu dutenez, orain arte lehen hiruhilekoan egindako probekin sindrome horiek antzemateko fidagarritasuna handia bada ere (%89-95), DNA gehituta kasuen %99ra arte detektatzea erdietsiko du, bide batez, berresteko teknika inbaditzaileak murriztea ahalbidetuz.
2009an prozedura martxan jarri zenetik 210.000 baheketa baino gehiago egin zaizkie Osakidetzara haurdunaldiaren jarraipena egitera joan diren emakumeei, %85etik gorako estaldurarekin; bistakoa denez, haurdun dauden emakume gehienak Osakidetzara joaten dira kontrolatzera. Horretaz gain, baheketan parte hartzen duten emakume haurdunen %40k baino gehiagok 35 urte baino gehiago izaten ditu, eta hori garrantzitsua da, adina arrisku faktorea delako. Beraz, jaio aurretiko baheketa proba berri bat gehitzeak hobetu egingo ditu sortzetiko anomaliak dituzten fetuen atzipena eta detekzioa.
Bestalde, Osasun Sistemen Ikerketarako Biosistemak Institutuak, Biogipuzkoako eta Osakidetzako ikertzaileen eskutik, hipertentsio arteriala diagnostikatuta duten 45 urtez azpiko herritarrek gaixotasun kardiobaskularrak jasateko probabilitate handiagoa dutela zehaztu ahal izan du, eta hala jakinarazi du Osasun Sailak. Hipertentsio arterialaren diagnostiko berriek arazo kardiobaskularretan eta hilkortasunean duten eragina neurtu du 2023an amaitutako azterketa horrek, hamarkada batean 25.000 euskal herritar baino gehiagoren jarraipena eginda.
Ateratako ondorio nagusien arabera, hipertentsioak lotura zuzena du gertaera kardiobaskularren gorakadarekin, eta gorakada hori hipertentsioa diagnostikatzen den adinaren araberakoa ere bada: 45 urtez azpiko pazienteak dira arrisku handiena dutenak, eta, ondoren, 45-54 urteko pazienteak; arrisku txikienekoak 65-74 urte bitarteko pazienteak dira. Inolaz ere, ez da loturarik antzeman hipertentsioaren diagnostiko berri baten eta edozein kausak eragindako hilkortasunaren artean.
Amaia Bilbao González (Bilbao-Basurtoko ESIko ikertzailea eta Biosistemak-eko kidea) buru izan duen ikerketa taldeak, 2010ean eta 2011n hipertentsioa lehen aldiz diagnostikatu zitzaien eta aurretik gertakari kardiobaskularrik ez zuten 18 urtetik gorako 12.600 paziente identifikatu zituen. Ondoren, hipertentsio-diagnostikorik eta aurretiko gertaera kardiobaskularrik ez zuten pazienteekin parekatu zituzten aurreko horiek, adinaren, sexuaren eta osasun-zentroaren arabera. Beste hainbat aldagai ere kontuan hartu zituzten, esate baterako, maila sozioekonomikoa, diabetesa, hiperkolesterolemia eta erretzeko ohitura. Paziente horiei guztiei jarraipena egin zieten 10 urtez, gertakari kardiobaskularren agerpena edo heriotza ebaluatzeko. l
Xehetasunez
- Informazioa. Prozedura berriak %99ko eraginkortasuna du, eta haurdunaldian zehar prozedura inbadi-tzaileen kopurua murriztea da Osakidetzaren helburua, amniozentesia kasu, nolabaiteko arriskua baduelako, %1 fetu ingururen galera eraginez. Lehen hiruhilekoko baheketan edo proba konbinatuan tarteko arriskua duten emakume haurdunei eskaintzen die Osakidetzak proba berria. Osakidetzako zentroetara haurdunaldiaren kontrola egitera joaten diren emakume haurdun guztiei eskaintzen zaizkie jaio aurretiko baheketa probak, eta seme-alabak Down sindromea, Edwards sindromea edo Patau sindromea izateko duen probabilitatea neurtzen du. Baheketa edo lehen hiruhilekoko proba konbinatua arrisku-kalkulu bat egitean datza, 11. eta 13. asteen artean, amaren beraren faktoreetatik (adina, haurdunaldi mota, aurrekariak), proba biokimikoetatik eta ekografiakoetatik abiatuta. Datu horien konbinazioak zehazten du fetuak alterazio kromosomikoak izateko zer nolako arriskua duen, eta behin egindakoan, arrisku txiki, arrisku ertain eta arrisku handi gisa kalifikatzen ditu.
- Arriskua. Arriskua handia izanez gero, beste baieztapen proba bat egingo zaiola adierazten zaio (korioneko biopsia/amniozentesia); arrisku ertaina izanez gero, orduan ere beste proba bat egingo da amaren odolean azido desoxirribonukleikoa (DNA) detektatzeko; eta emaitza arrisku txikikoa bada, ohiko prozedurari atxikiko zaiela azaltzen zaie, Osakidetzatik jakinarazi dutenez.