2022an Nafarroako Estatistika Institutuak gauzatutako ikerketa batek adierazten du, Nafarroako 3 urte edo gehiagoko biztanleen % 26,7ak baduela euskararen ezagutzarik, eta % 15,1a euskal hiztuna dela.

Euskararen ezagutza hiru kategoriatan sailkatu dute ikerketarako: euskalduna, hartzailea eta ez-euskalduna. Euskaldunak, euskara ondo ulertu eta hitz egiten duten pertsonak dira; euskaldun hartzaileak, euskara ondo edo zailtasunez ulertzeko gai izanik, hitz egiten ez dutenak edo nekez egiten dutenak; eta euskaldunak ez diren pertsonek ez dute euskaraz ulertzen, ezta hitz egiten ere.

2022an, 3 urte edo gehiagoko euskal hiztunen ehunekoa % 15,1 da, euskaldun hartzaileena % 11,6 eta ez-euskaldunena % 73,3. 2021arekin alderatuta, euskaldunen ehunekoa bi hamarren igo da, eta euskaldun hartzaileena bere horretan mantendu da. Sexuaren arabera aztertuta, gizonen % 15 euskaldunak dira, % 11,7 euskaldun hartzaileak eta % 73,2 ez-euskaldunak. Emakumeak berriz, % 15,1 euskaldunak dira, % 11,5 euskaldun hartzaileak eta % 73,4 ez-euskaldunak. 2021arekin alderatuta, emakume euskaldunen ehunekoa 3 hamarren igo da. Gizonen kasuan, euskaldunen ehunekoak hamarren bat egin du gora. Euskaldun hartzaileen ehunekoa aurreko urtekoaren antzekoa da gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Adinaren arabera aztertuz gero, 2022an, euskaldunen ehunekoa % 25etik gorakoa da 24 urtetik beherakoen artean, eta pixkanaka behera egiten du adinak gora egin ahala, 65 urte edo gehiagoko pertsonen artean % 8,3koa delarik. Adin ertaineko multzoetan ikusten da euskal hiztunen gorakadarik handiena. Izan ere, euskal hiztunen ehunekoari dagokionean, alderik handiena 25-34 urteko biztanlerian antzematen da, zazpi hamarren handitu baita, 2021ean % 18,9 izatetik gaur egun % 19,6 izatera. Hurrengo adin-taldean, 35-44 urte artekoetan, ehuneko hori sei hamarren hazi da, % 13,1eraino, eta 45-54 urtekoetan, igoera bost hamarrenekoa izan da, 2022an % 10,6ra iritsiz. 55 eta 64 urte bitarteko eta 65 urte edo gehiagoko euskal hiztunen ehunekoa berdin mantendu da azken urtean.

Nazionalitatearen arabera

Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen % 1,1 euskaldunak dira, % 2,8 euskaldun hartzaileak eta % 96,1 ez-euskaldunak; nazionalitate espainiarra dutenen % 17 euskaldunak dira, % 12,8 euskaldun hartzaileak eta % 70,2 ez-euskaldunak. Atzerriko nazionalitatea duten euskal hiztunen eta euskaldun hartzaileen ehunekoa aurreko urteko kopuru berean mantendu da.

Jaioterriak zehazten du nabarmenki herritarrek euskaraz jakitea. Eremu euskaldunean jaiotakoen % 74,3 euskaldunak dira, eremu ez-euskaldunean jaiotakoen artean % 2,9 besterik ez. azpimarratzekoa da, halaber, EAEn jaiotako pertsonen % 36 euskaldunak direla. Aitzitik, eremu ez-euskaldunean jaiotako pertsonen % 86,9, beste erkidego batean jaiotakoen % 92 eta atzerrian jaiotakoen % 95,5 ez-euskaldunak dira. 2021. urtearekin alderatuta, euskaldunen ehunekoak gora egin du Nafarroako edo EAEko eremu linguistiko desberdinetan jaiotako biztanleen artean. Ehuneko horrek ez du aldaketarik erakutsi beste erkidego batean edo atzerrian jaiotako pertsonen kasuan.

Euskararen ezagutza duten biztanleen ehunekoa hazi egiten da hezkuntza-mailak gora egin ahala. Esate baterako, euskal hiztunen ehunekoa %5,3koa da lehen mailako ikasketak osatu gabe dituzten biztanleen artean, eta ehuneko hori 18,1eraino igotzen da goi-mailako ikasketak dituztenen artean. Progresio hori euskal hiztun hartzaileekin ere errepikatzen da, lehen mailako ikasketak osatu gabe dituzten biztanleen % 1,6tik, goi mailako ikasketak dituzten biztanleen %13raino, nahiz eta kasu horretan puntu gorena, bigarren hezkuntzako lanbide-orientazioa duten biztanleen % 13,4a izan.

Bizitokiaren gorabeheran

Euskararen ezagutza oso bestela banatzen da Nafarroan zehar, bizilekuaren arabera. 2022an, eremu euskaldunean bizi diren biztanleen % 62, eremu mistoan bizi direnen % 13,8 eta eremu ez-euskaldunean bizi direnen % 2,8, euskaldunak dira. Aurreko urtearekin alderatuta, hiru hamarren igo da eremu mistoko euskaldunen ehunekoa, eta hamarren bat eremu ez-euskaldunean bizi diren euskaldunen ehunekoa.

Euskal hiztunen ehunekoa % 80tik gorakoa da Foru Komunitatean dauden 272 udalerrietako 20tan. Horiek guztiak eremu euskaldunean daude, noski. Euskal hiztunen ehuneko handiena duen udalerria Urroz da (% 95,9), ondoren datoz Arantza (% 91,8) eta Araitz (% 90,5). Bestalde, 18 udalerritan euskaldunen ehunekoa biztanleriaren % 1ekoa baino txikiagoa da. Udalerri horiek eremu ez-euskaldunean daude, eremu mistoan dagoen Güesa izan ezik.