Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu duen azterlan batean desberdintasun nabarmenak topatu dira iparraldearen eta hegoaldearen artean, unibertsitate ingurunean eskura dauden kalitate nutrizional baxuko elikadura produktuak aztertuta. Europako iparraldeko gobernuen politiken ondorioa izan daiteke fenomeno horretan gobernuen jarduna giltzarri baita elikadura ingurune osasungarriak eratzerako orduan.

Elikadura ingurunea

Gai horren inguruan Euskal Herriko Unibertsitatetik (UPV/EHU) azaldu dutenez, “orain arte ez da inoiz egin hainbat testuinguru soziokulturaletako unibertsitateko elikadura inguruneak alderatu dituen azterlanik. Orain gutxi argitaratu dute Availability and properties of commercially produced food products offered in European public universities: A North-South comparison izeneko lana, eta Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzailek parte hartu dute bertan”. Komertzialki ekoitzitako elikagaien eskuragarritasuna eta elikagai horien propietateak alderatzen ditu ikerketak, Europa iparraldeko unibertsitate bateko eta hegoaldeko beste unibertsitate bateko elikadura inguruneak kontuan hartuta. Zehazki, zeharkako behaketa azterlana OsloMet-Osloko Unibertsitate Metropolitarrean eta UPV/EHUn egin dute.

EHUko Donostiako kampusa UPV/EHU

Unibertsitateko elikadura ingurunea kontzeptuak unibertsitateko instalazioen barruan dauden espazio, azpiegitura eta zirkunstantzia guztiak biltzen ditu. Ingurune oso horretan, unibertsitateko kideek elikagaiak eskuratu, erosi eta kontsumitzen dituzte. “Elikadura ingurune osasungarriak, dieta hobearekin edo ongizate handiagoarekin bateragarriak diren elikagaiak hauta-tzeko aukera eskaintzen die bertan bizi diren, ikasten duten edo lan egiten duten kideei, eta oso lagungarri zaie ganorazko elikadura bermatzekotan. Orain arterakoan azterlan gutxik ikertu dute sakonki Europako unibertsitateko elikadura ingurunea, eta bakar batean ere ez dira sekula alderatu hainbat testuinguru soziokulturaletako unibertsitate desberdinak.

Nutrizioa

Komertzialki ekoitzitako elikagaien eskuragarritasunaren eta propietateen arteko aldeak aztertu ditu ikerketak. Elikadura produktuen kalitate nutrizionala kalkulatzeko, mantenugaien profilen inguruan hainbat erakundek proposatutako honako eredu hauek (nutrient profiling models, NPMs) erabili ziren: Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN), Erresuma Batua (UK NPM), eta Norvegiako Elikagaien eta Edarien Industriaren Praktika Profesionalen Batzordea (Matbransjens Fagligle Utvalg, MFU). Nolabait, hiru eredu horiek uztartzen ahalegindu dira prozedura erabilgarria erabiltzeko. Gainera, elikagaiak NOVA sistemaren bidez sailkatu zituzten, prozesatze mailaren arabera. Kalitate nutrizional baxuko produktuen eskuragarritasunari dagokionean, emaitzetan alde nabarmenak jaso zituzten iparraldearen eta hegoaldearen artean. Kalitate nutrizional eskaseko elikagaitzat sailkatutako salgaien ehunekoa handiagoa izan zen UPV/EHUn (produktu guztien ia %54,5), OsloMeten baino (ia %40). Produktu gehienak ultra-prozesatutzat kategorizatu ziren, eta bi unibertsitateetan eskaintzen ziren elikagai mota horien ehunekoan ez zen alde nabarmenik hauteman(OsloMet %86,1; UPV/EHU %83,3).

Ikertzaileak

“Aztertutako Europako iparraldeko eta hegoaldeko unibertsitateen artean aldea dago eskainitako kalitate nutrizional baxuko elikagaien kopuruan. Zehazki, mota horretako produktuen ehuneko handiagoa topatu zen UPV/EHUn, OsloMeten baino. Azterketan erabili dugun esploratzeko hipotesiaren arabera, emaitza hauek Europako iparraldeko gobernuen politiken ondorio lirateke, neurri batean bederen. Izan ere, gobernu horien jarduna giltzarri baita elikadura ingurune osasungarriak eraikitzerako orduan. Nolanahi ere, produktu ultra-prozesatuen presentziaren ehunekoa oso antzekoa zen bi unibertsitateetan”, zehaztu dute. Ondorioz, ikertzaileek azpimarratu nahi izan dutenez, “datu hauek ikusita, elikadura ingurune osasungarriak eratzen laguntzekotan, Euskadiko testuinguruan gure egoera soziokulturalera bereziki egokitutako esku hartze programa eta politika espezifikoak garatzeko beharra antzematen da,”.

“Erakundeko estamentu guztietatik bultzatu da elkarren arteko dokumentu bateratua"

Bestalde, 2.000 pertsona baino gehiago (zehazki, 2.021) batu zaizkio Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde izeneko adierazpenari. Testua eskuragarri eta zabalik egon da webgune ofizialean, sinatu nahi izan duten euskal unibertsitate publikoko kolektibo guztietako kideentzat (ikasle, irakasle-ikertzaile nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileek). “Erakundeko estamentu guztietatik bultzatu da elkarren arteko dokumentu bateratua: errektorego taldeak, fakultateetako dekanotzak, eskoletako zuzendari-tzak, eta ikasleen kontseilu nagusiko eta campusetako ikasleen kontseiluetako presidenteak. Euskal unibertsitate publikoaren eta bertara egunero etortzen diren pertsona guztien aldeko aldarrikapen esplizitua egitea zen, hain zuzen ere, adierazpen horren helburua”, aldafrrikatu dute UPV/EHUtik.