Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Familia eta Haurren Zuzendaritzaren bitartez, Aukerak Suspertzen programa sustatzen du, eten digitalari aurre egiteko eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 3.700 adingabe eta gazteri baino gehiagori laguntzeko, hezkuntza-prozesuan jarraitzeko zailtasunak eta desabantailak baitituzte.

2023an, Aukerak Suspertzenek konpromiso hori areagotu du eskola-desberdintasunekin amaitzeko, gizartean desabantaila-egoeran dauden 3.710 haur eta nerabe artatuz. Zifra hori % 31 hazi da aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Era berean, programaren alderdi nabarmenetako bat 171 ( % 30,7) boluntario gehiago izatea izan da. Horrela, 2022an 556 pertsona izatetik 2023an 727 izatera igaro da.

Baliabide materialak hornitzera bideratzeaz gain, hala nola gailuak eta konektibitatea, Aukerak Suspertzen-ek gaitasun digitalak eta hezkuntza-laguntza indartzen ditu, adingabe bakoitzaren eta haren familia-ingurunearen behar espezifikoetara egokituz. Horretarako, programak hezkuntza-erantzunak aktibatzen ditu, boluntarioen eta profesionalen, administrazioen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen lankidetzatik. Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibaren gidaritzapean, programak 20 erakunde laguntzaile ditu, hiru lurraldeetako 90 udalerritan lan egiten dutenak.

Nerea Melgosa sailburuaren hitzetan, "Aukerak Suspertzen-ek, hezkuntza-aukeren berdintasunerako zubia izateaz gain, gure gizartea definitzen duen elkartasun- eta komunitate-espiritua irudikatzen du". Melgosak, halaber, programaren eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zainketa-politikaren arteko berezko lotura nabarmentzen du. Horrela, azaldu duenez, "zaintzek adingabeei ematen diegun laguntza hezitzailea, emozionala eta soziala barne hartzen dute. Eta programa hau ekintza kolektiboak bizitzak nola eralda ditzakeen erakusten duen adibide argia da ".

Inpaktua

Bestalde, Oscar Granadok, Agintzariko Aukerak Suspertzen programaren koordinatzaileak, adierazi duenez, "programaren arrakasta ez da soilik artatutako adingabeen kopuruaren hazkunde esanguratsuaren arabera neurtzen, baita haien bizitzetan lortu dugun inpaktuaren sakontasunaren arabera ere". Azaldu duenez, "desabantaila sozialean dauden gazteak ahalduntzea bilatzen dugu, aurrera egiteko beharrezkoak diren tresnak eta trebetasunak eskainiz".

Eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza jaso duten adingabeen kopurua % 31 igo da aurreko ekitaldiaren aldean. Igoera hori EAEko lurralde guztietan izan da; hala ere, bereziki nabarmena izan da Bizkaian, 2022an 1.444 adingabe izatetik 2023an 1.844 adingabe izatera igaro baita. Igoera proportzionala izan da Araban (429tik 941era) eta Gipuzkoan (689tik 925era) ere.

Haur eta nerabeen % 76 ikastetxe publikoetakoak ziren, eta % 24k itunpekoak. Familiei dagokienez, aurreko ekitaldian ere igoera handia izan da onuradunen artean. Profilari dagokionez, familia gehienak bi gurasokoak dira ( % 60).