Madril – Adingabeen suizidioak maximo historikoetan daude. 30 urtetik beherakoen suizidioak %7,9 hazi dira urtebetean, eta heriotza absolutuaren lehen kausa gisa finkatu dira, trafiko-istripuen eta tumoreen aurretik. Bereziki kezkagarria da 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen egoera, 2022an 75ek egin baitzuten bere buruaz beste, 2021ean baino %41,5 gehiagok. Bosgarren urtez jarraian suizidioak gehitu egin direla erakusten duen INEren Heriotzak Kausaren Arabera izeneko estatistika sakon aztertu ondoren, honako hau adierazi dio Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkarteko (SEPSM) presidente Manuel Martinek EFEri, “argi dago laguntza eske ari zaizkigula”.

Heriotza horiek datu historikoetara iritsi dira bi sexuetan (3.126 gizonezko, %4,8 gehiago; eta 1.101 emakume, %7,8 gehiago), kanpo-herio-tza globalen kausa nagusi bihurtzeraino. Guztira 4.227 pertsona hil dira, 2021ean baino %5,6 gehiago. Egun bakoitzeko 11,6.

341 suizidio

“Iaz izugarri kezkatu gintuzten haurren suizidioek, 2021ean 22 izan zirelako, eta Espainian inoiz horrelakorik ezagutu ez genuelako”, azaldu du Andoni Ansean Suizidioaren Prebentziorako Espainiako Fundazioko presidenteak. Behin zenbaki hori, “zoritxarrez, ohikoa zenera itzuli den honetan” (14 urtetik beherako 12 adingabe 2022an), adituak oso kezkatuta daude 15 eta 29 urte bitartekoekin gertatzen ari denarekin, suizidioa bihurtu baita adin tarte horretako heriotza absolutuaren lehen kausa, naturala zein kanpotik eragindakoa izan. Adin horretako 341 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda, zirkulazio-istripuagatik baino 20 gehiago (320), baita tumoreengatik zendutakoak (276) baino gehiago ere. Aurreko urtean (316) baino %7,9 gehiago dira, kontuan izanik orduan kopuru hori beste %5,3 hazi zela 2020. urtearekin alderatuta (300).

Ez ditu suizidioak lehen aldiz gainditu 30 urtetik beherakoen artean ohikoenak diren beste bi heriotza-kausak, baina oraingo honetan nabarmentzekoa da eredu hori adin-talde guztietan errepikatu dela. 25 eta 29 urte arteko tartean, minbiziak 102 heriotza eragin zituen, eta ezbeharretan hildakoak 120 izan ziren, bere buruaz beste egindakoak, aldiz, 135; 20 eta 24 urte artekoan, 100, 126 eta 131 zendu ziren, hurrenez hurren. Eta nerabeen kasua are kezkagarriagoa da: 75 (44 mutil eta 21 neska. 2021ean hildako 53ak baino %41,5 gehiago), hil baitziren suizidatuta; errepidean, berriz, 74 , eta minbiziaren ondorioz, beste 74. Inoizko kopururik handiena da, 2018ko 70ak gaindituta.

Autolesioak ugaritu

Nerabeek ANAR Fundazioari kontsulta egiteko arrazoien artean gainditu egin du osasun mentalak ohikoa izaten zen indarkeria; eta kontsulta horien artean, jokabide suizida izan zen 2022an dei gehien jaso zituena (7.928, suizidiorako asmoak eta suizidio saiakerak zirela eta, guztizkoaren % 17,5); beraz, hamarkada batean 34,8 aldiz biderkatu da. Gai printzipal horren ondotik datoz autolesioak, 2012an 71 izatetik 2022an 3.243 izatera pasa baitira, alegia, ia 46 aldiz gehiago. Suizidioa eta autolesioak desberdindu egin nahi izan ditu Martínez doktoreak; izan ere, nerabeek beren buruari egiten dioten kalteak, arriskuaren adierazleak izan badaitezkeen arren, ez dutelako beti asmo suizidarik izaten, eta, “askotan, tentsioaren deskargarekin edo fisikoki askatzen ez den irrika garrantzitsu batekin zerikusia duen beste fenomeno baten ondorio izaten direlako”.

Hala ere, “inolako zalantzarik gabe, mezuak bidaltzen ari dira”, pandemiarekin batera antzeman genuen osasun mentaleko arretaren eskaria “argi eta garbi hazi delako”, eta hori ederki ikusten dugu itxaron-zerrendetan. “Zerbait gertatzen ari denaren zantzuak erakusten dizkigu” dio, iritzi horrekin bat eginez Anseanek, ondorengo hau gehituz: “eskola, institutu edota osasun-zentroren batean neska-mutilekin lanean dabilen edonork argi asko nabaritu du, suizidiorako asmoen, autolesioen, eta portaera edo saiakera suiziden gorakada.

Bere buruaz beste egiteko arriskua handitu egiten da adinarekin, batez ere gizonezkoen artean: 15-29 urteko mutilen tasa 7,64koa da, eta 79tik gorakoena, berriz, boskoiztu egiten da 37,38raino; nesken kasuan, bikoiztu egiten da 3,85etik 6,97ra. Zehazki, suizidioak heriotza gehien eragiten dituen adin tartea 55 eta 59 urte artekoa da (479, % 18 gehiago; baina tasarik handiena 79tik gorakoena da (18,19), eta igoerarik handiena ( 275 suizidiorekin %26,1) 70-74 tartean zenbatu zen. Hala eta guztiz ere, Espainiako tasa (7,87) EBko baxuenetakoa da, Zipre, Malta, Grezia, Italia eta Eslovakiaren gainetik, eta Lituania, Hungaria eta Esloveniatik oso urrun.

Laburrean

024

Jokabide suizidaren telefonoa. Orain urte eta erdi baino apur bat gehiago abian jarri zenetik, jokabide suizida artatzeko 024 telefonoak 178.000 deitik gora jaso ditu, gizonezkoenak baino emakumeenak gehiago, eta dei horien artetik %8,2k arrisku handikoan izan ziren eta %4 suizidio-saiakerak. Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 2022ko maiatzaren 10etik 2023ko irailaren 30era bitartean 178.122 dei jaso ziren 024an – Gurutze Gorriak eguneko 24 orduetan estatu osoan erantzuten duen linean –, eta dei guzti horien artetik 7.555, 112 zerbitzuak eskaintzen duen zerbitzura bideratu behar izan zituzten.