Emakundek laneko sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloei buruzko prestakuntza ematen die enpresei. Testuinguru horretan, jardunaldi bat prestatu dute ostiral honetan, legelari espezializatuekin, lege-berrikuntzak aztertzeko, eta "indarkeria matxistarik gabeko" lan-giroak ahalbidetzeko.

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, 'Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako enpresen protokoloen testuingurua eta berrikuntzak' jardunaldia inauguratu du Azkuna Zentroan, Bilbon. Bertan, Emakundek legelariekin batera egindako protokolo-eredua berrikusteko lana bateratu da, azken lege-berrikuntzetara egokitzeko.

Protokoloaren bertsio berri honek sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerak detektatu eta konpondu nahi ditu erakundeetan. "Oinarrizko hainbat eskubideren aurka egiten duten indarkeria-adierazpenak dira, eta pertsonen osotasun fisikoan, psikikoan eta moralean eragiten dute, batez ere emakumeenean", nabarmendu du Elgarrestak.

Emakundeko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela enpresek protokolo bat izatea "indarkeria eta diskriminazio mota horiek prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta eragozteko". "Jakin badakigu enpresen eskaria eta interesa dagoela, protokolo bat edukitzeak indarkeria mota horien aurkako konpromisoa erakusten duelako, langileak sentsibilizatzen dituelako eta jazarpenaren aurkako babes prebentiboa argitzen duelako", ziurtatu du.

Ildo horretan, gogora ekarri du 2011z geroztik Emakundek baduela jarraitu beharreko prozedura-eredu bat lan-eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan. Harrezkero, hainbat berrikuspen egin dira, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta enpresetako jazarpena desagerrarazteko bidean aurrera egiteko, "ahalik eta modu erabilgarri eta eguneratuenean". Gaur egun berrikusten ari dira, azken arau-aldaketak sartzeko.