Bankoa-Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxako kutxazain automatikoek irudi eta mezu berdina eskaintzen dute atzotik, bezeroek makina horietan egiten dituzten zereginetan euskara erabil dezaten.

Horixe da, hain zuzen ere, bost finantza-erakunde horiek elkarrekin abian jarri duten ekintzetako bat, bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko, Eusko Jaurlaritzak sustatutako akordioa lotu ostean.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek aurkeztu zuen ekimena Donostian eskainitako prentsaurrekoan; Kutxabankeko eta Laboral Kutxako zuzendari Marta Madinabeitiak eta Iñaki Egizabalek ere hitza hartu zuten, eta beste hiru erakundetako ordezkariak ere bertaratu ziren.

“Kutxazainetan ere aukeratu euskara. Bai, oso erraza da!”, dio euskaraz bost banku eta kutxetako 1.718 kutxazain automatikok (1.643 Euskadin eta 75 Nafarroan) erakusten duten mezuak, txat baten elkarrizketa gogorarazten duen irudi bisual eta estetika berarekin.

Euskararen egunarekin bat abenduaren hirura arte presente egongo den neurri horretaz gain, Bankoa-Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxak gida komun bat prestatu dute erakundearekin harremanak euskaraz egin nahi dituzten bezeroei “kalitatezko zerbitzua berma-tzeko”.

Guztien artean “adostutako” gida hori beren langileei, EAEko langile guztiei eta Kutxabankekoei eta Nafarroako Laboral Kutxakoei banatuko zaie, bankuetako 5.000 langile ingururi, zehaztu dutenez.

Dobaranek azaldu zuenez, dokumentuak “jarraibide” amankomunak eskaintzen ditu euskararen aldeko hautua egiten duten bezeroentzako arreta indartzeko eta hobetzeko; gainera, eremu edo esparru horretan “hitz erraz eta erosoak” sustatzen ahaleginduko dira, ingurugiro horretan “sarritan gertatzen den hizkuntza-estresa saihesteko”.

Bere esanetan finantza-erakundeek “eragin nabarmena” omen dute eremu sozioekonomiko pribatuan, herritar partikularrei zein enpresei dagokienean, eta, horregatik, azpimarratu nahi izan du oso garrantzitsua dela “ohiturak aldatzeko bitartekoak eta tresnak” haien eskura jartzea.

2007an hiru euskal aurrezki-kutxekin sinatutako lehen hitzarmenetik Eusko Jaurlaritzak Euskadiko finantza-sektorearekin burututako “lankidetza luzea” izan bada ere, sailburuordeak “urrats berri hori” balioan jarri nahi izan zuen, “bostek parte hartzen duten jarduera eta proiektuetan euskararen presentzia sustatzeko eta bermatzeko” konpromisoa hartu dutelako.

Iñaki Egizabal Laboral Kutxako zuzendariak keinuaren balioa azpimarratu zuen: bezeroei sustapen-gonbidapen “berdina” egiteko “ados jarri izana”, alegia, kontuan izanik bost erakundeak “lehiakide gogorrak” direla euren artean eguneroko jardunean.