Aiora Zabala Irunen jaioa da eta Bartzelona, Oxford eta Cambridgeko Unibertsitatean ikasteko bekak eskuratu zituen. Ingurumen Zientzietan lizentziatua , eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Erresuma Batuko Unibertsitate Irekian eta Cambridgeko Unibertsitatean Ingurumen Politikako irakaslea ere bada. Elkarrizketa honetan dio ingurumena bere grina dela. Txikitatik horrela izan da. Eta munduak aldaketa handiak izango dituela berotze globalaren ondorioz. Izan ere, gertutik aztertzen duen arazo bat da.

Ibilbide luzea daukazu ingurumena ikertzen. Zer da gehien erakartzen zaituena?

–Lehen galdera eta zailena. Ingurumenarekiko grinaren motibazioa zein den ezin asmatuz, horretaz egiten dut hausnarketa liburuaren bukaeran hain justu. Ardura eta lilura batera izan zitezkeen. Batetik, erabili eta egiten dugunak gure ingurunean gero eta inpaktu handiagoa izatearekiko ardura. Bestetik, naturan gertatzen diren gauza ñimiñoenak ere liluragarriak izan daitezkeelako, adibidez toki elkorrenetan bizitza indarberritzen denean. Gaztetatik izan dut giza-natura harremanei buruzko jakin min handia, eta horiek hobetzeko gogoa. Horrek eraman ninduen ingurumen zientziak ikastera, eta horien baitan, giza zientziak nagusiki. Ikerketa lan txiki eta bekei esker Ingalaterran amaitu nituen ikasketak 2015.ean (masterra eta doktoretza). Ikasketei esker Bartzelonan, Oxforden, Cambridgen, Hegoafrikan, Chiapasen eta Indonesian bizi izan naiz, eta horietako leku bakoitzean ikasitakoak ikusmirak zabaltzen lagundu dit. Irakasle naizelarik, ikasten jarraitzen dut, betiere naturarekiko harremana hobetuko duen hura bilatu bitartean.

Azken hamarkadetan,garrantzi handia hartu du klima-larrialdiak

.

–Hala da. Ingurumen arazoak hainbat dira: airearen eta uraren kutsadura, plastikoen zaborra, bioaniztasunaren galera, ozono geruza, eta abar. Euren artean loturak ugari dira, adibidez, kutsadurak eragin nabarmena du landare eta animaliengan. Gai horietan kokatu da klima aldaketa. Baina azken hamarkadetan horren gai handi bihurtu denez, larrialdi bihurtzerainokoa, batzuetan ingurumenari buruzkoa den edozerk klimarekin zerikusia duela pentsatzen dugu. Baina klima aldaketarik ez balego ere, beste ingurumen arazoek ere hortxe jarraituko lukete: ur eskasia, kutsatzaile toxikoak… Horiek guztiak lotzen dituen haria giza-natura harremanak dira, azkenaldian oso aztoratuak dabiltzanak, hain zuzen ere.

Eta ildo horri jarraitu, zein da etorkizuneko erronka nagusiena?

–Gaur egungo ingurumen erronka ugarien artean bi nabarmenduko nituzke. Bata, klima-aldaketaren ondorio okerrenak eragoztea, eta horretarako berotegi-efektuko isuriak ahalik eta bizkorren murriztu behar dira, garraioan, energia ekoizpenean etab. Bestea, klima larrialdiari aurre egiteko neurriak oso serio hartzea, hiriak prestatuz, landa eremuak begetazio egokia duela ziurtatuz, etab. Bioi ez ekiteko argudio nagusia, ekonomikoki garestia izan daitekeela, alegia, hutsala da klima aldaketak dakartzan eta ekarri ditzakeen larritasunen aldean.

Zer gauza aldatu beharko genituzke ingurumenaren alde herritarrok?

–Herritarrok hainbat gauza baditugu gure esku ingurumenaren alde ekiteko, eta aldi berean baita gure bizi kalitatearen alde ere. Batetik, norbanako gisa egin ditzakegun hainbat keinu eta ekimen badaude edozein arlotan, maiz entzun izan ditugunak: txorrotan datorren ur edangarria burutsu erabiliz, behar baino produktu gehiago ez erosiz, etab. Bakoitzak hartu behar ditu bere erabakiak, bizitzan ezin baita hartu beharreko erabaki guztientzat gida berde bat egin. Bada, ordea, erabaki horietarako funtsezko printzipio lagungarri bat; egiten dugun edozertan eskura dauzkagun baliabideak ongi estimatzea. Betiere, esango nuke, ahal dugun neurrian, keinu batzuk dirua aurrezten digute edo lasaiago bizitzea ahalbidetzen dute (esate baterako, autoan joan ordez, eskolara bizikletan joan gaitezkeenean). Beste erabaki batzuk ordea, zailagoak dira, hautu berdeak garestiagoak direnean, edota autobusez lanera joateko denbora hiru aldiz biderkatzen zaigunean. Maila horretan, gizarte antolakuntzan dago gakoa, ingurumenarentzako eta guretzako azpiegitura eta aukera hobeak eskatzeko, iritzi publikoan parte-hartzeko…

Egun, klimaren egoera hainbeste aldatu denez klima-aldaketaren mugimendu negazionistak indarra galdu du. Hala ere, badago oraindik mugimendu horretan dagoenik?

–Estatu Batuetan egindako giza zien-tzietako ikerlanek hala diote. Orain hamar bat urte gaiaren aurkakotasun nagusiena klimaren negazionismoa zen, eta honakoa aldarrikatzen zuten: gizakia ez zela klima aldatzen ari. Iri-tzi hori ahuldu egin bada ere, klima larrialdiari aurre egiteko kostuak altuegiak direla dioena indartu da azkenaldian. Klima negazionismo hori urrutitik ikusten genuen Europan, ustekabean eta askoren harridurarako, gure artean espero baino gehiago hedatu baita azken urteotan. Beste ikerlan batzuek diotenez, oso nabarmenak direnean soilik jabetzen omen gara kalte kolektiboez gizartean oro har gizartean, lehenengo zantzuak antzematen direnean baino askoz ere beranduago.

Energia trantsizioa da egungo erronkarik nagusiena. Nola egin beharko litzateke?

–Ez dago energia trantsiziorako bide bakarrik. Tokian tokiko beharrak eta baliabideak aintzat hartuta moldatu behar da estrategia bakoitza. Adibidez, Euskadiko eta Europako beste hainbat tokitan karbono isuri zuzen gehienek garraioan dute jatorria eta sektore horri heldu behar zaio nagusiki. Txinan ordea, ekoizpen industrialerako elektrizitatea sortzeak eragiten ditu isurketa gehien (askotan, guk kontsumitzen dugun hura ekoizteko), eta kasu horretan ikatzaren erabilera murriztu beharko litzateke. Bi adibideotan baina, bada gai amankomun bat: energia-iturri berriztagarrietara jo behar da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da energiaren eskaera ongi kudeatzea ere. Hau da, energia modu zuhurragoan erabiltzea, efizientziaren bitartez, kontsumo arduratsuaren bitartez, eta garraio-moduak optimizatu ordez, edo harekin batera, garraiorako beharrak murriztuz, alegia, autoarekiko dugun mendekotasuna arinduz, eta bide batez, bizi kalitatea hobetuz.

‘Natura gure esku’ liburuaren egilea ere bazara. Zein helbururekin idatzi zenuen liburua?

–Denontzat baliagarria den ezagutza zientifikoa egunerokotasunera ekartzeko. Alde batetik, ingurumen gaiei buruz jakin min handia dagoela sumatzen nuen, orain hogei bat urte baino askoz ere handiagoa. Bestalde, ingurumen-giza zientzietan badago eguneroko edozeinen eztabaida eta erabakietarako baliagarria den ezagutza. Biak bat egin eta uztartu nahi izan nituen, ezagutza hori modu argi eta arinean plazaratu asmoz. Senideekin, lagunekin… ingurumenean lan egiten ez dutenekin izandako elkarrizketez baliatu nintzen ezagutza hori eguneroko kontuekin lotzeko. Bidaietan zehar ezagututako pertsonak, tokiak, bizitakoaz ere baliatu nintzen ezagutza eta egunerokotasuna lotzeko, adibidez, edaten dugun kafea eta Guatemalan ezagututako kafe nekazaria, haren lan baldintzak, haren ekosistema, haren duintasuna. Bestalde, ohiko bi literatura estiloetatik ere aldendu egin nahi nuen: irtenbide argirik gabeko mezu katastrofistak dakartzana batetik, eta eguneroko jokaerak modu ekologikoan bideratzeko gida praktikoak bestetik.

Zer ikasiko dugu liburu horrekin?

–Pertsona bakoitzak hartu beharreko erabaki guztiak gida batean biltzea oso zaila da. Beraz norberak bere kabuz hausnartzeko tresnak (ezagu-tza) biltzea da helburua: erabakien zailtasuna sinplifikatu eta bideratzeko, merkatuez haratago naturak duen balioa esplizitu egiteko, ingurumen politikei buruzko desadostasunak ulertu eta kudeatzeko… horiexek dira liburuaren atalen adibide batzuk. Norbanakoen ekimen txikienak nola eta zergatik zabaldu daitezkeen ere jorratzen du, noski, baita enpresa eta aktore handien papera ere. Gazteentzat zein helduentzat dago bideratuta, ingurumenari eta jasangarritasunari buruz gehiago jakin eta ekiteko grina duenarentzat, gaia ohi baino sakonago jorratu nahi duen horrentzat.

Desazkundea aipatzen duzu liburuan. Zer kostutan?

–Desazkundea modu askotan interpretatu daiteke eta ez du esan nahi iraganeko bizimoduetara itzuli behar garenik. Batzuen aburuz, desazkundea martxan jartzeak gutxiago erostea eta daukaguna hobeto aprobetxa-tzea esan nahi du, gauzak norberak egitea edota gehiago elkarbanatzea. Definizio hertsi batean, gizartearen garapena Barne Produktu Gordinaren hazkundean neurtzeari uztean datza, hori soilik 1944tik hona egin baita. Gizarteen garapena beste gai batzuei ere so eginez egin bahrako li-tzateke: ongizatea, enplegu maila, hezkuntza, berdintasuna… Norbanakoaren mailan, ongizatea suspertzeko beharrezkoa ez dena kontsumitzeari uztean datza. Beraz kostua duen ala ez, ez dago horren argi. Hausnarketa eta pentsamolde berriak erabili behar dira.

Ba al dugu klima-aldaketaren arriskuen berri? Sentsibilizatuta gaude?

–Aurtengo beroaldien datu globalek eta tokian-tokiko esperientziek, ba-tzuk harritu, besteak kezkatu eta beste batzuk gutxienez klima aldaketaz konbentzitu egin ditu. Baina bat-batekoak ez diren aldaketen pertzepzioa makurra da, errazagoa izaten baita erreakzionatzea bat-batean datozen gertaeren aurrean, pixkanaka datozenekin baino. Pertzepzio zailtasun horixe da klima aldaketari aurre egiterako orduan dugun erronketako bat: biharko ekonomia etziko planeta baino garrantzitsuagotzat jotzen delako. Bestalde, klima aldaketak dagoeneko eragin dituen larrialdi asko urrun geratzen zaizkigu, ikusezinak zaizkigu: Afrikako lehorteak eta horien ondoriozko uzta porrotak, Asian itsas mailaren eta izotzen aldaketek eragindako migrazioak, eta abar. Gainera, zeharo garrantzitsua da klima-aldaketaren arriskuekin batera, haiei aurre egiteko moduak komunikatu eta ezagutzea. Bestela, izozturik gera gaitezke, larrialdia ikusi bai baina zer egin jakin gabe, ekiteko ahalmenik gabe.

Dibulgazioan eta komunikazioan ere aritzen zara.

–Jasangarritasun gaietako ingelesezko zientzia aldizkari nagusienetakoan editore ibili nintzen (Nature Sustainability), eta horri esker beste ikerlarien lanei buruz oparo ikasi eta irakurlego zabal batentzat asko idazteko aukera ere izan nuen. Akademian eduki eta lanabes ugari daude eguneroko eztabaida eta erabakientzako oso baliagarriak direnak. Baina modu argi eta garbian komunikatzen ez badira, ez dute gizartearentzako paper garrantzitsu hori betetzen. Hau are garrantzitsuagoa bihurtzen da ingurumenari buruzko gaiekin, oso premiazkoak direlako. Euskarazko entzuleriarentzat komunikatzea plazera da, nire ustez irakurlego sentsibilizatua eta kritikoa delako oro har, eta horri esker gai eta argudio sakonagoak jorratu daitezkeelako. Ingurumenaren inguruko gaiekiko jakin mina gero eta handiagoa dela iruditzen zait. Egunkarian idatzi izan dut ingurumen politikaz (Berria), telebistan noizbehinka ingurumen albiste nabarmenak testuinguruan kokatu (EITB-Egun on Euskadi), irratiko kolaborazioak... Gaur egun, besteak beste, hilabetean behin parte hartu ohi dut Baipasa irratsaioan (EITB), astelehenetan, gaur egun klima larrialdiarekiko egin dezakeguna hizpide izanik.

Gure egunerokoan, zer erabaki edo jarrera aldatu beharko genituzke?

–Aipatu bezala, ingurumenean eragina duten erabaki guztientzako gida bat egitekotan, entziklopedia baten modukoa izan beharko luke. Eta askotan ez dago erabaki optimorik. Pentsa adibidez janariaz: sasoikoa, hurbilekoa, merkea, ur eta lur erabilera gutxikoa, karbono isuri gabekoa eta beste hainbat ezaugarri betetzen dituen elikagaia ez da aurkitzen erraza izaten. Baina batzuk besteak baino hobeak dira oro har. Erabaki perfektuengandik aldendu egin beharko genuke, horrelakoak gutxitan suerta-tzen direlako eta, bestela, frustragarria izan daitekeelako. Ezinbestekoa da eguneroko erabakietan jasangarritasunaz hausnartzea, ingurumen gaiak aintzat hartzea, egiten eta kontsumitzen duguna hobetzen eta inpaktu gehien duten jarduerak jorratzea ahalbidetzeko. Guztiok gure inpaktua hobetuko bagenu, edota erabaki pertsonal zein profesionaletan halakoak aintzat hartuko bagenitu, bidearen zati handi bat egina izango genuke.