Donostia – Iñigo Urkullu lehendakariak ezinbestekotzat jo du “paradigma aldaketa”, zientzian eta teknologikoan berdintasuna modu sistematikoan txerta dadin, eta gonbita luzatu die herritarrei Berdinaldia Herri Itunarekin bat egiteko. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bitartez antolatutako Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia, paradigma aldaketa baten alde nazioarteko kongresua inauguratu zuen atzo Urkulluk Donostian. Mundu mailako hainbat aditu elkartu eta berehalako txip aldaketa eskatu nahi duen biltzarraren irekiera ekitaldian izan ziren Nerea Melgosa Berdintasuneko sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, “zientziaren eta teknologiaren esparruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sistematikoki ezartzeko behar diren aldaketak eta genero-arrakala azter-tzeko”.

Lehendakariaren esanetan, nazioarteko topaketa horrekin “gogora ekarri nahi da zientzian eta teknologian dagoen genero-arrakala ez dela soilik emakumeen presen-tzia eta ikuspen txikiagora muga-tzen, baita bere ikuspegi androzentrikora ere”. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu zuenez, Kongresuan zehar “zientziaren eta teknologiaren eragileen eguneroko praktikan genero-ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak nola ezarri aztertuko da”.

Bere hitzetan, “emakumeek zien-tzian eta teknologian duten eginkizuna eta bokazio zientifikoa aitor-tzea sustatuko da, eta gaur egun nagusi den maskulinitate-ereduak sistema zientifiko-teknologikoan duen eraginari helduko zaio, eta, batez ere, etorkizuneko proposamenak egingo dira, eragile guztien konpromisoa bilatuz”.

Kongresuaren hasierako hitzaldia, Mª Ángeles Sallé Gizarte Zientzietan doktore eta garapen sozioekonomikoko, Berdintasuneko eta gizarte digitaleko politika publikoetako adituak eskaini zuen.

Sallék aldarrikatu zuenez, “ezinbestekoa da txip aldaketa, zibilizazioarentzat arriskutsua delako, humanitateetatik kanpo, eta osasunaz, hezkuntzaz, zaintzaz, ingurumenaz, hitz batean, bizitzaz gehien dakiten emakumeen protagonismorik gabe garatzen den teknologia. Humanismo teknologikoa feminismo dosi handiz baino ezin daiteke eraiki”.

Ildo horrekin jarraituz, agerian utzi zuen “aldaketak norabide bikoa izan behar duela: aldaketaren subjektuak ezin dira soilik emakumeak izan (haien jarrerak, gaitasunak, sinesmenak eta autokonfiantza), sistema osoa baizik (egiturak, denborak, hizkuntzak, erabakiak hartzea, joera ikusgarriak eta ikusezinak) hibridoagoa eta inklusiboagoa izatekotan”. Bestalde, Stanfordeko Unibertsitateko Londa Schiebinger katedradunak, zientzian eta teknologian bikaintasuna hobetzeko genero ikuspegidun berrikuntzak izan zituen hizpide. Adituak adierazi zuenez, “diru publikoa erabiliz gero, ikerketak gizarte osoari egin beharko lioke mesede. Genero-ikuspegia duten berrikuntzek zientzia eta teknologia genero-erantzukizunarekin estimulatzen dituzte, hartara, mundu osoko pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzen delarik”.

Kongresuaren lehen egunean bi mahai-inguru ere egin ziren maila handiko adituen parte hartzearekin: besteak beste, Anne Pépin Europar Batzordeko ordezkaria, Silvia Rueda Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendaria, eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Zien-tzia, Teknologia eta Berrikuntzarako mandataria.