Mintzola proiektuaren baitan Euskaltzaindiak sustatzen duen ahozko jardunari eta, bereziki, eguneroko hizkuntzari buruzko azterlanen ondorioak aurkeztu zituzten atzo hainbat adituk. Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikerketa Zentroan aurkeztu ziren atzo, gradu eta master amaierako zazpi lan eta ikerketa-lan monografiko bat, guztiak ere 2022an eta 2023an saritutakoak.

Aurkeztutako ikerketa lanak honako hauek izan ziren: Odei Guiradoren Pulunpa (e) ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze plana; Iñigo Otaegiren Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak, eta Mikel Perezen Kode-alternantziaren erabilera eta jarrera euskaldunengan.

Baita Ainhoa Leyaristiren Hizkun-tza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz; Audrey Serranoren Iruñerriko gazteen hizkera, eta Maddi Aiestaranen Beasaingo gazte-hizkera aztergai: testuinguruaren eragina kode-alternantzian. Eta zerrenda osatzeko, Endika Uriarteren Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian, Oier Urreiztiren Aldude-Urepeleko mintzoa, eta Alazne Fernández de Muniainen Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran.

Halaber, Idurre Alonsok, Odei Guiradok eta Aritz Bereziartuak eguneroko euskara sustatzeko Arikala ikerketa-ekintzaren lehen emaitzak aurkeztu zituzten, eta Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak hitanoaren diagnostikoa eta haren erabilera sustatzeko bideak eta formulak aztertu zituzten.