Euskal Herrian pasako dute aurtengo uda Ukraina iparraldeko Txernobyl inguruan bizi diren 89 adingabek, Txernobil Elkarteko familiekin batera. Taldea bart gauean iritsi zen, eta lehen geldialdia Irungo Txingudi merkataritza-parkean egin zuten, han zeudelako zain harrera familietako batzuk eta Txernobil Elkarteko kideak.

Bi hilabete inguruko egonaldia elkarteak sustatu duen Aparteko Atseden Programaren baitan koka-tzen da.

Zentral nuklearrak kutsatutako ingurunean bizi diren adingabeak dira, eta horretaz gain, orain urtebete luzetik hona gerraren ondorioak ere sufritzen ari dira. Arrazoi desberdinengatik Ukrainan bizitzen jarrai-tzea erabaki duten baliabide gutxiko familietako gaztetxoak dira.

Euren jaioterriko egoera kontuan izanik, elkartearen iritziz oso mesedegarria izango zaie gutxienez bi hilabete hauek inguru seguru eta lasaian pasatzea, eta horregatik sustatu dute Aparteko Atseden Programa hau.

Deialdia egin eta jasotako erantzunari esker, 49 adingabek lehen aldiz etortzeko aukera izan dute; gainerakoak aldez aurretik ibilitakoak dira elkartearen Harrera Programetan.

Lurraldeka, 33 adingabe Gipuzkoan biziko dira, eta horietatik 12 berriak dira; beste 27 Bizkaian (17 lehen aldiz); 6 Araban (bost berri), eta 23 Nafarroan (14 lehen aldiz etorri direlarik). Aipatu bezala, guztira, 89 adingabe, eta horietatik 49 lehen aldiz etorri direnak.

Bi autobusetan

Bi autobusak hilaren 25ean abiatu ziren Ukraina iparraldeko Ivankivetik, eta atzo gauean iritsi ziren Irunera.

Jarraian, autobusetako bat Barakaldoko BECera joan zen, eta bestea Iruñera. Etorritako adingabeekin batera, Ukrainako hiru begirale eta elkarteko hiru boluntario etorri ziren bidaian.

Ukrainara abuztuaren amaieran itzultzea aurreikusita badago ere, oraindik data erabat zehaztu gabe dago, bertan bizi duten egoera lazgarria kontuan izanda.

Aldi berean, Txernobil elkarteak bidalitako laguntza humanitarioa azken aste honetan bertan hasi dira banatzen Ivankiven.

Guztira, Euskadin eta Nafarroan egindako sentsibilizazio-ekintzen bidez jasotako bederatzi tona oinetako bidali dituzte, besteak beste. Konboi humanitarioa joan den ekainaren 11n abiatu zen Errenteriatik eta 16an iritsi zen Ukrainara jasotako arropa guztia bertan banatzeko.