Kilometroak Ikastolen festak eta Urmuga Festibalak, mendia eta musika uztartzen dituen jaialdiak, egun osoko egitaraua antolatu dute uztailaren 19rako Orereta ikastolako komunitatea omentzeko. Goizean mendi ibilaldi musikatuak izango dira. Arratsaldeko 17.00etan, errioan gora San Pedrotik etorriko den patatxan, musika emanaldia izango da Errenteriako Lekuona Fabrikaren parean. 19.00etan Urmuga kontzertu erraldoia hasiko da Orereta ikastolaren Añabitarte baserrian. Eta iluntzean, Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena ospatzeko erromeria.

Musika emanaldiei dagokienez, Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta, patatxa ontzia San Pedrotik irtengo da Albaolako bertako eta Hibaika Arraun Elkarteko kideek eramanda. Lekuona Fabrikaraino iritsiko dira, eta 17.00etan errio gaineko kontzertua eskainiko dute Kilometroak ikastolen festaren omenez. Harien Zurdak taldeko kideek eta Arkaitz Miner musikariak eta bere taldekideek eskainiko dute emanaldia. Kontzertu hau doakoa eta irekia izango da.

Ekitaldia amaitutakoan, 18.00etan doako autobusak irtengo dira Añabitarterantz Urmugaren kontzertu erraldoia ikus ahal izateko. 19.00etatik aurrera Et Incarnatus Orkestrarekin batera, Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Olaia Intziarte, Arkaitz Miner, Aire Ahizpak, Xutik taldea eta, nola ez, Janus Lester, Kilometroak 23 kantaren egilea, arituko dira kantuan. Bi orduko emanaldia izango da.

Sarrerak gaur jarri dira salmentan Oarsoaldeko hainbat dendetan. Gonbidapenak online ere eskuratu ahalko dira hilaren 15etik aurrera, Urmuga festibalaren, Kilometroaken eta Orereta ikastolaren webguneetan.

Eguna amaitzeko, erromeria batek hartuko du baserri ondoko oholtza. Bertan afaltzeko aukera izango da eta igo eta jaisteko doako autobus zerbitzua ipiniko dute.

Goizean, bi mendi ibilaldi antolatu dituzte: Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik bat eta bestea Endarlatsatik Oiartzungo Guru-tze auzoraino. Izena Kilometroak webgunean eman daiteke.