Euria, espero bazen ere, ezin desegokiagoa izan zen. Iparraldeko ikastolen festa handiak, Herri Urratsek, aurreikusitako gidoia aldatu egin behar izan zuen 40. Edizioa ospatzen zen egunean.

Aurreko egunetan ospakizunaren eremu inguruan botatako euriak, gaur eguerdian ere gogotik astindu du, eta premiazko erabakiak hartzera behartu ditu antolatzaileak. Hala, gune bakar batera mugatu dira, Araba Gunera, jarduera guztiak. 

Hurbildu diren hainbatek egunkari honi adierazi diotenez, arazoak arazo, giroa, beste behin ere, ezin hobea izan omen da Senperen. “Harritu egin gaitu, jardueren eskaintza murriztekoak zirela jakinda, hainbeste familia etortzera animatu izanak”, nabarmendu du Donostiatik Iparraldera etorri den Lutxik. Hala eta guztiz ere, arratsaldeko lehen orduan oraindik lehortzen eta oinetakoak aldatzen ari zirela aitortu zigun, ura izan zelako protagonistanagusia.

Hurbildutako guztien gogoa goraipatzekoa izan arren, kontuak ezin berdindu ditu Seaskak. “Herri Urratsen 40. urteurrena ospatzeko ametsa zapuztu du ekaitzak”, esan digute antolatzaileek penatuta. Ikastolen jaia baino bi egun lehenago, bisitarien gozamenerako prestatutako guneak urak irensten ikusi zituzten. 

Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdiko ikastolek ezin jasoko dute beraz, hain premiazkoa duten laguntza ekonomikoa.

 “Gaur bildutako diruarekin ezinezkoa izanen zaigu jaiak berak eragindako gastuei eta Seaskak dituen behar nagusiei aurre egitea”, adierazi dute saminez antolatzaileek .

Ikastolen ordezkariak eta agintariak, Sanperen Arnaitz Rubio

Gauzak horrela, “dei zabala egin diote euskal gizarte osoari” ekarpen ekonomikoak egin daitezen.Horretarako, hainbat formula gaitu dituzte: herriurrats.eus/denda web orrian sartu eta materiala erostea; bizum bat eginda (Hego Euskal Herrian soilik) bezeroan Herri Urrats idatzi eta egoki iritzitako ekarpen ekonomikoa egin; eta bestela, nahi den diru-kopurua sartuz honako kontu korronteetan: Caisse d 'épargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819, Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197, Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332 eta Crédit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107. PayPal sistema ere erabili daiteke Herriurrats.eus/laguntza erabiliz.

"Sor dezagun elkartasun uholde bat ekaitzak Herri Urrats eta Iparraldeko euskara ito ez ditzan!", aldarrikatu dute antolatzaileek.