Lanbide heziketan dagoen genero-arrakalari aurre egiteko egitasmoa jarri dute martxan
Nesken artean STEM bokazioak sustatzea du helburu ‘neskup!’ proiektuak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ehun ikastetxetan gauzatuko da
Euskadiko Lanbide Heziketako arlo zientifiko eta teknologikoko tituluak aukeratzen dituen emakume kopurua eskasa da oraindik ere. Izan ere, aurtengo ikasturtean Euskadin ikaslegoaren %35 emakumezkoak badira ere, nesken presen-tziari dagokionez alde handiak daude familia profesionalei erreparatuz gero; Osasun arloan %77ra iristen diren bitartean, STEM eta Industria arloetan soilik %24 eta %12 dira, hurrenez hurren.
Lanbide Heziketan dagoen genero-arrakalari aurre egitearren, Euskadiko ikastetxeek aurrerapauso bat egitea erabaki dute NeskUP! izeneko egitasmoa abiaraziz. Ekimenak Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen Ikaslan sareko (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak) zein Abantean Hetel sareko ikastetxeak biltzen ditu. Guztira, hiru lurraldeetako ehun ikastetxe inguruk hartuko dute parte.
Parte hartzaileek ikasturte bakoitzeko hiru ekintza egingo dituzte emakumezkoen bokazio zientifiko eta teknologikoak indartzeko
STEM bokazioen sustapenaren alorrean erreferentziazko proiektu bihurtzeko asmoz jaio da NeskUP! eta parte hartzaileek “konpromiso irmo eta zehatza” hartu dute emakumeen kopurua handitzera bideratutako ekintzak garatzeko. Gauzak horrela, ikasturte bakoitzean hiru ekintza egingo dituzte bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko, genero-arrakala desagerrarazteko, Lanbide Heziketako ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoen inguruan sentsibilizatzeko, STEM lanbide-alorretan Lanbide Heziketako neska ikasleen talentua aitortzeko eta lanbide-orientazioa hobetzeko.
Ekintza horiek agerikoagoak izan daitezen eta beste ikastetxe batzuk eta, oro har, gizartea inspiratu ahal izateko www.neskup.eus ataria sortu da.
Lan-aukera gehiago
Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 STEM lanbideekin lotuta daude: elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; informatika eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; irudia eta soinua; elikadura-industriak; zura, altzariak eta kortxoa; kimika; eta garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak dira arlo horiek. Ziklo hauek lan-aukera gehiago, soldata hobeak eta garapen profesional handiagoa eskaintzen badituzte ere, bokaziorik ezak oztopo izaten jarraitzen du.
Temas
Más en Sociedad
-
Dos peritos de emergencias cargan contra Mazón por no haber asumido el mando el día de la dana
-
La IA, responsable de los avances más revolucionarios en reproducción asistida
-
Euskaraldia anuncia decenas de actos en el arranque de su cuarta edición
-
Adjudicado el proyecto para eliminar el paso a nivel de Errenteria