Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Estatuko Sarean sartu da aurten Usurbilgo Lanbide Eskola, Energia Berriztagarrien esparruan. Sare honen helburu nagusia kalitatezko prestakuntza-programen garapena sustatzea da, lan-merkatuaren beharrei erantzuteko eta ikasleen garapen profesionalari laguntzeko. Baina bikaintasun honek ezin du arlo, programa edo ziklo bakar batera mugatu, izan ere, sare honen parte dira espezializazio adimendunean oinarritutako lanbide-heziketako zentroak, ekosistema berritzaileen katalizatzaile bihur daitezkeenak. Azken batean, antolatzeko, lan egiteko, ikasi eta irakasteko eta, batez ere, izateko modu bat da. Hori dela eta, azken urteetan apustu garrantzitsua egiten ari da ikastetxea ibilbide luzeko lanbide arloak egungo teknologia eta prozesuetara ekartzeko, honetarako instalazio eta baliabide teknikoetan inbertituz, eta ikaskuntza eredu berrien aldeko apustu sendoa eginez.

Gaitasunen garapena

Ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzeko asmoa tarteko, ETHAZI eredua abiatu dute Usurbilgo ikastetxean. “Jakintzek ezin dute euren artean isolatutako ikasgai eta moduluak izan, hori jada aspaldi ulertu genuen Lanbide Heziketan, baina nola txertatu eredu berri hau ikasleen ikaskuntza prozesuan? ETHAZI eredua ezarri dugu, eta horren bitartez, erronkak diseinatu eta ikasleen rola birdefinitu ditugu, ikasleak euren ikaskuntza prozesuko protagonista eta arduradun bilakatuz”, adierazi dute. 

Etorkizunean nolako gizartea nahi dugun, eta nolako langile, bizilagun, edota aktore sozial behar ditugun galderen inguruan hausnarketa egin ondoren, aurten pausu bat aurrerago doaz: “Kalifikazio batetik haratago nola bermatu dezakegu gure ikasleek etorkizunean behar dituzten gaitasunak garatu dituztela? Eta lanketa honetan gabiltza, eragile sozial ezberdinekin lan arlo bakoitzeko gaitasunak definitzen, baita horiek lortzeko ikaskuntza ibilbidea diseina-tzen ere, etengabeko hobekuntza egiten, hori ere bikaintasuna baita”.

Enpresako egonaldi formatu berriak

Ikastetxearen eta inguruko enpresen arteko elkarlana ezinbestekoa da bertako ikasleen prestakuntzan. Enpresetan etengabe gertatzen ari diren aldaketek eta aurrerakuntza teknologikoek bere espazioa behar dute ikaskuntza prozesuan, benetan eguneratutako prestakuntza eskaini nahi bada. Hori dela eta, enpresako egonaldi formatu berriak txertatu dira: iazko ikasturtean, lehen mailako ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera izan zuten proiektu pilotu gisa, eta aurten ere izango dute aukera. Horrez gain, bigarren ikasturtean ohiko praktikaldiak eskainiko dira, 3 hilabeteko egonaldia eginez bertako edo Europako enpresa batean; edota Dual programa ere hautatu dezakete, urte oso batean zehar ikasketak uztartuz enpresa batean, kontratu edo beka batekin lan eginez. 

Bestalde, 2022-23 ikasturtean, atzerrian praktikak egiteko aukera izan dute erdi eta goi mailako ikasleek, sei herrialdetan: Suedia, Portugal, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Italia eta Polonian. Horrez gain, azken urteetan ikastetxeko nazioarteko atalak egindako lanari esker, Europa eta mundu mailako harremanak sendotzeko aukera izan dute, ikasle eta irakasleen-tzako aukera berriak zabalduz atzerrian. Aurten, esate baterako, erdi mailako Fabrikazio Mekanikoko eta Instalakuntzak eta Mantentzeko zikloetako lau ikaslek 15 eguneko egonaldia egin dute Alemanian, eta maiatzean, berriz, Alemaniako ikasleak Usurbilera joango dira. Danimarkako ikasleak ere ikastetxean egon dira Energia Berriztagarrietako zikloan, eta maia-tzean Usurbilgo ikasleen txanda izango da.

STEAM prestakuntza osagarria

STEAM Prestakuntza Osagarria martxan jarri du bigarren urtez, erdi mailako ikasleei zuzenduta. Astean 6 orduko errefortzua eskaintzen da, ondorengo arloak landuz: Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Pentsamendu Kritikoa. STEAM gaitasunak indartzeko helburuarekin, aurrerago, goi mailako ikasleei ere eskainiko zaie. Azpimarratzekoa da bigarren urteko ikasleek Bartzelonan ospatutako VEX Robotics Competition lehiaketan lortutako emaitza bikaina, binakako txapelketan hirugarren postua eta Estatu mailakoan lehen postua eskuratuz.

ATEAK ZABALIK

Bi jardunaldi antolatu dituzte maiatzaren 3 eta 6ean. 

AURREMATRIKULA egiteko epea: 

Maiatzaren 8tik 26ra bitartean. Ikastetxean bertan egin daiteke edota online, Ikasgunea plataforman. Hori bai, ondoren matrikulatzeko aukera izateko, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea.

INFO+

Usurbilgo Lanbide Eskolaren webgunean