LKS aholkularitzako i3s sistemen ingeniaritzak euskarara itzuli du SAP enpresa-kudeaketarako software ezagunaren lehen bertsioa.

Ingeniaritzak komunikatu batean adierazi duenez, proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteak (EJIE) kontratatu du, eta azken hartzailea Gasteizko Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Saila da.

“Hasieran, proiektua sailaren finantza-arloetara mugatzen zen, baina, ondoren, zabaldu egin zen, beste prozesu batzuei (logistikoei, esaterako) estaldura emateko. Kontuan hartu behar da, gainera, SAPek etengabe erabiltzen duela terminologia berria negozioen munduko prozesu edo ekintza bakoitza deskribatzeko, edozein sektoretakoa izanda ere”, azaldu dute i3s-tik.

Andoni Aranzamendi i3s-ko zuzendariak azaldu duenez, software horren itzulpen- eta ezarpen-lana “oso prozesu konplexua” izan da, eta bederatzi hilabete inguru iraun du prozesu horrek.

“Enpresa-kudeaketarako irtenbide-sorta hori euskarara itzultzeak —gaur egun 60 hizkuntzatan baino gehiagotan dago eskuragarri— i3s lantaldea eraberritzera behartu du, itzulpen-prozesuan bertan euskarri-teknologia aplikatuz”, zehaztu du Aranzamendik.

Lan horri esker, “edozein erakunde publikok edo pribatuk lan egin ahal izango du euskaraz SAP irtenbide-sortarekin, mundu mailako erreferentzia bat”, azpimarratu du, eta, aldi berean, honako hau gaineratu du: “Hemendik aurrera oinarri hori badagoenez, behar duen enpresan inplementatu ahal izateko beharrezko zerbitzuak eman ahal izango ditugu”. “Gure I+G erabiliz, gai gara hura ezartzeko aukera emateko, lan egiten duten SAP sistemaren sektoretik edo bertsiotik aparte, eta, era berean, etengabeko mantentze- eta eguneratze-zerbitzuak eskaintzen ditugu, etengabe eguneratuta egon dadin”, esan du Aranzamendik.