Donostia – Ohiko konplizidadearekin, eta txantxa artean, ikusi genituen Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia joan den urtarrilaren 11n, Alorrenea sagardotegian ospatutako ekitaldian. Izan ere, bi aktoreak izan dira aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak, zeinaren bitartez hasiera ematen zaion txotx denboraldiari. Antzokietan eta telebistan sarritan ikusi ditugu elkarrekin Jon eta Aitziber, baina honako eginkizuna ohorez eta urduritasunez bizi izan dutela aitortu dute. Haiek azaldutakoaren arabera, une hunkigarriz jositako jardunaldia izan zen hura, non sagarrondoa landatu, sagar dantzan aritu eta “Gure sagardo berria” oihukatu ondoren, sagardoa dastatzeko ardura izan zuten.

Aitziber Garmendia: “Nolabait merezi ez dugun protagonismoa genuela sentitu nuen, izan ere, kupelak ireki ahal izateko jende asko aritu da lanean urte osoan zehar eta haiei eman behar diegu esker ona”

Nola bizi zenuten Astigarragako irekiera ekitaldia? Eguneko protagonistak izan zineten eta hori ez da gauza arrotza zuentzat, ezta?

Jon Plazaola: Oso hunkigarria izan zen, eta egia esateko urduritasun puntu bat ere bagenuen. Teloiaren atzean gaudenean, teloia zabaltzear dagoen une horretan, lasaiago egoten gara irekiera ekitaldian baino. Horretaz aparte, ilusio handiarekin joan ginen, oso egun polita eta garrantzitsua delako sagardoaren munduaren-tzat. Gainera, aurtengoa denboraldi berezia izango da, normaltasuna errekuperatuko delako eta sagardotegietan kupeletara libreki gerturatzeko aukera izango dugulako.

Aitziber Garmendia: Jonek esan bezala, oholtza gainean gaudenean ez dugu horrenbesteko urduritasuna sentitzen, gure eginbeharra zein den badakigulako. Oso hunkigarria izan zen sagardotegira sartu eta txalapartaren hotsa entzun genuenean, edo sagar dantza egin zigutenean... Nolabait merezi ez dugun protagonismoa genuela sentitu nuen, izan ere, kupelak ireki ahal izateko jende asko aritu da lanean urte osoan zehar eta haiei eman behar diegu esker ona. Bestela, oso ondo pasa genuen, nahiz eta nahi baino lehen alde egin behar izan nuen; arratsaldean Inoiz ez naiz Dublinen egon antzezlana nuen Arriaga antzokian.

Zer moduz dago sagardoa?

J.P: Aspaldian sagardoa edan gabe nengoen eta gustura hartu dut. Aurreko urteetan Madrilen harrapatu nau txotx denboraldiak eta orain zapore karakteristiko hori eztarrian behera sentitzean, revival moduko bat bizi izan dut.

A.G: Aurtengo uzta txikiagoa izan dela eta sagardoak alkohol kontzentrazio gehiago duela azaldu zigutenean, fuerteago egongo zela uste nuen, baina ez da hala; orekatua, freskoa eta ez gozoegia dago. Kontuz, errazegi sartzen baita! (barreak).

Jon Plazaola: “Entonces, ¿Aitziber y tú sois como las burbujas de Freixenet?”, bota zigun Aitziber eta bion agenteak, eta guk barrezka erantzun genion: “Más bien las txinpartas de la sidra”

Nola azaldu madrildar bati zer den txotx egitea?

J.P: Tokatu zaigu hori esplikatzea. Aitziber eta bion agentea, Sonia, madrildarra da eta Sagardo Berriaren Eguneko protagonista gu biok izateko gonbidapena jaso zuenean, uko egitear egon zen ia. Oso egun garrantzitsua eta berezia zela, eta sekulako ilusioa egiten zigula esan genionean, harrituta gelditu zen. “Entonces, ¿Aitziber y tú sois como las burbujas de Freixenet?”, bota zigun, eta guk barrezka: “Más bien las txinpartas de la sidra”.

A.G: Las burbujitas whatsapp taldea sortu dugula esatearekin dena esaten dizut. Horixe gara, txinpartak! (barreak).

Sagardotegira joateko asmoa duzue?

J.P: Astigarragan egon ondoren, kriston gogoa piztu zait eta lagunartean hasi gara dagoeneko antolatzen sagardotegira joateko. Gainera, aurten hemendik ibiliko naizenez, horretarako tartea aterako dut, seguru.

A.G: Noski. Sagardotegira joatea izugarri gustatzen zait, jana eta edariaz aparte, bertan sor-tzen den giroak ez baitauka parekorik.

Jon eta Aitziber aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak izan dira. Ekitaldia joan den urtarrilaren 11n ospatu zen, Astigarragako Alorrenea sagardotegian Ruben Plaza

Sarritan ikusi zaituztegu oholtza gainean edo telebistako saioetan elkarlanean, baina agerikoa da lankide ez ezik lagunak zaretela.

J.P: Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin eta pribilejio bat da adiskide den pertsona batekin lanean aritzea.

A.G: Finlandia telesailan elkar ezagutu genuen eta geroztik profesionalki oso ondo funtzionatu dugu. Baina lankide baino gehiago, lagunak gara.

Aukeratu hiru hitz bestea definitzeko.

J.P: Aitziber izugarria, laguna eta irakaslea da.

A.G: Jon jakinda jaio zen, beraz, ez du irakaslerik behar (barreak). Jon laguna, jolasordua eta konfidentea da niretzat.

Jolasordua?

A.G: Jonekin egotea ondo pasatzea da, horregatik bera definitzeko orduan jolasordua hi-tza etortzen zait burura, nahiz eta adjektiboa ez izan.

Eskuartean dituzuen proiektuei buruz, zertan zabiltzate orain?

J.P: ETB 1-entzako telesail bat grabatzen aritu naiz, Bizkaiko kostaldean, eta izugarri disfrutatu dut. Titulua ez da behin betikoa baina momentuz Itxaso deitzen da eta surfari buruzkoa da. Zuzendaria Antonio Huerta da eta momentuz ez dago emisio data zehaztuta. Bestalde, antzezlan dezente ditut eskuartean: Un Oscar para Óscar antzezlana estreinatu genuen irailean Madrilen, eta abuztuan Donostiara ekarriko dugu. Irabazi antzezlanarekin ere saio dezente dauzkagu.

A.G: Tanttakaren Sexberdinak antzezlanaren birarekin jarraitzen dugu eta duela gutxi jakin dugu apirilean Kolonbian aurkeztuko dugula. Hori bai izango dela abentura ikaragarria! Bestalde, El bosque izeneko komedia absurdoa grabatzen ari naiz, Disney-rentzat, titulua ez da definitiboa; eta Como Dios manda filma.

Elkarrekin ondo funtzionatzen duzuela argi dago. ‘Losers’ antzezlanarekin arrakasta handia izan ondoren, asmoa duzue berriro oholtzara igotzeko?

J.P: Noski. Beti daukagu hori presente oso ondo moldatzen garelako, baina horrexegatik, gogoz egon arren, ez dugu erre nahi eta elkarrekin aritu ondoren haize pixkat hartzea ondo datorkigu, izan ere, bakoitzak bere aldetik asko motibatzen gaituzten proiektuak dauzkagu.

A.G: Ogibide honetan oso garrantzitsua da ondo neurtzea jendea nekatu ez dadin, horregatik distantzia hartu eta bakoitzak berea egiteko tartea hartuko dugu, nahiz eta badugun zerbait buruan... Losers antzezlanari buruz, amaiera ezinhobea eman genion joan den udan; lau egunetan jarraian Victoria Eugenia betetzea euskarazko lan batekin ez da gauza txikia.

Aktore izan ezik, sortzaile lanetan ere aritu zarete.

J.P: Errodaje aldetik lasaiago nabil honetan idazteko gogoa piztu zait berriro. Ideia asko darabilzkit buruan....

A.G: Suiziodioari buruzko antzezlan bat daukat eskuartean, baina nekez aurkitzen dut denbora hori borobiltzeko. Gaia oso gogorra da eta, akaso, nahigabe atzeratzen nabil...

Zer eskatzen diozue 2023 urteari?

J.P: Eskatu baino, eman behar dela uste dut, gero jaso ahal izateko, eta zeozer jasotzen badut, pozik egongo naiz.

A.G: Oso ohikoa bada ere, osasuna eskatzen diot, niretzat eta inguruko guztientzat.