Abenduaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea), 2.521 pertsona deitu dira 2018-19 LEPko bigarren faseko hautaprobetarako. Asteburuan, 217 plaza daude jokoan; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Kirurgia eta Oftalmologiako espezialitateetarako, hurrenez hurren, deitutako 26 plaza, eta Psikologo Kliniko kategoriako 20 plaza.

Azterketak larunbatean eta igandean izango dira, Las Nieves-eko Ikastegian eta EHUko Farmazia Fakultatean, Gasteizen.

Instalazio elektrikoetako teknikari (441 hautagai), goi mailako informatikari eta Ergonomia eta Psikosoziologiako Prebentzio teknikari (371 eta 186 lagun, hurrenez hurren, kategoria bakoitzean), dira deitutako lanbide-kategoriak.

19 kategoriako azterketak

Hala, larunbatean, hilak 17, 9 lanbide-kategorietako probak egingo dira, 9:30ean, instalazio elektrikoetako teknikariarena izan ezik (13:30ean izango da). Igandean, hilak 18, azterketak asteburu honetan egingo dituzten 19 kategoriak bete arte, gainerako 10 kategoriek 9:30ean egingo dituzte azterketak. Oraingoan, salbuespena azterketaren lekuari dagokio, Farmazia Fakultateak hartuko baitu Anatomia Patologikoko espezialista medikoaren proba.

Aurrekoetan bezala, zenbait kategoriatan, probak hainbat ariketatan banatuko dira; beraz, emaitzak ezin izango dira berehala lortu, eta eskuz zuzendu arte itxaron beharko da, kalifikazioa jaso ahal izateko.

Larunbat honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburua hautaprobetara joan da, Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan parte hartzen duten guztiei babesa eta adorea emateko.

Osakidetzak aurrera jarraitzen du 2018/2019 LEParen bigarren fasean aurreikusitako hautaprobekin. Proba horiek azaroan hasi ziren, eta abenduan egiten ari dira. Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, urtarrilean jarraituko dute, hilabete horretan amaituko baitira hautaprobak.