Eusko Jaurlaritzak pasa den irailean aurkeztutako hezkuntza-legearen aurreproiektuaren zirriborroari eginiko osoko ekarpena aurkeztu zuten hezkuntza-komunitateko hainbat eragilek atzo Gasteizen. Zehazki, euskarari dagozkion artikuluen inguruan mintzatu ziren eta “euskarazko eredu orokor eta inklusiboa” aldarrikatu nahi izan zuten erakundeek EAEko hezkuntza-sisteman.
Atzoko agerpenean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbao aritu zen hizketan, baina EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi erakundean zein ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak ere bertaratu ziren.
Jaurlaritzak irailean aurkezturiko zirroborroari ekarpenak egiteko epea datozen egunetan amaitzen dela kontuan izanda eman dute aurrerapausoa eragile hauek. Denek “kezka” bera dutela aipatu zuen Bilbaok, “gabezia” gisa deskribatu zuena: “Etorkizuneko hizkuntza-eredua” zein izango den ez omen da “argi geratu”. “Lege berrial zehaztapen-maila altua izan beharko du eraginkorra bada”, azpimarratu zuen Bilbaok; euskara “malgutasunez” landuz gero, “etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea kaltetuko” omen da, Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan.
EAEko ikasle guztiek “euskara ezagutzeko eskubidea” izanik, lege berriak hori bermatuko duen “eredu orokortu eta inklusibo berri bat” islatu beharko lukeela jakinarazi zuen Bilbaok, belaunaldi berriak “euskaldunak eta eleaniztunak” izatea bideratuko duena.
Hala ere, legeak hizkuntzaren ikaskuntza “ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak” kontuan hartzea eskatu zuen eta “euskara gutxiago duneari euskara gehiago ematea”.
Euskal curriculuma aipatzeko tartea ere topatu zuen Bilbaok eta honek “euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia” izatea eskatzen omen du euren proposamenak, baita “ikastetxeetako hizkuntza-jarduna” arautzea ere.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta gainerako eragileek eginiko proposamena Eusko Jaurlaritzak irekitako prozesuan ekarpen gisa erregistratuko dutela jakinarazi zuen Bilbaok. Horrez gain, alderdi politikoei ere helaraziko omen diete, “haiek ere ekarpenetan jar ditzaten”. Datorren abenduan, euskal gobernuak lege proiektua plazaratzen duenean, “etorkizuneko estrategia definituko” dutela esan zuen Bilbaok.
“Hezkuntza-sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea”, azpimarratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak, “baina oraindik urrun gaude ezagutzaren unibertsalizaziotik”.