Eusko Jaurlaritzak Behizain Eskola bultzatu du Gipuzkoan bertan, Aretxabaletan, "kalitatezko prestakuntza eskainiz" esnetarako behien azpisektorearen "egoera zaila, biziberritu asmoz".

Haziren eta Gomiztegi kooperatibaren eskutik abian jarritako prestakuntza-ekimen berri hau astelehen honetan aurkeztu da, eta bertan izan da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua bera ere.

Arantxa Tapiaren sailetik ohar batean jakinarazi dutenez, zentro berria "jarduera honek dituen zailtasunei aurre egiteko" sortu da, "Berrikuntzaren, ekimen berrien sustapenaren eta esnetarako behien alorrean sortzen diren joera berri guztietara egokitzea ahalbidetzeko helburuarekin".

25 urtez ardien sektorean gazteak prestatu eta trebatzeko urteroko ikastaroa eskaintzen duen Artzain Eskolan "arrakastatsua" izan den eredu pedagogikoa hatuko du oinarri Behizain eskolak.

Ustiategien errentagarritasun eskasa, ingurumenean duten eraginagatik eztabaidagai izatea, eta belaunaldien arteko erreleborik eza lirateke, besteak beste, esnetarako behien alorra "une zailak" pasatzearen arrazoi nagusiak.

Egoera horri egin nahi dio aurre Behizain Eskolak jarduera "biziberritu asmoz", eta, horretarako, "Ingurumenarekin arduratsuak diren ekoizpen-sistemetan eta kateko eragileen arteko lankidetzan oinarritutako kalitatezko irakaskuntza" eskaini nahi du.

Prestakuntza Aretxabaletako Areantza Etxebarri baserrian eskainiko da, eta "sektore horretan urte luzeko eskarmentu profesionala duten" Julen eta Agustin Abasolo anaiek kudeatuko dute ikastaroa.

Ustiategi horretan 260 abelburu, 80 hektarea lursail, larre mekanizagarriak eta propio artzaintzarako erabiltzen diren larreak dituzte. Hantxe bizi eta lan egingo dute ikasleek, "Esnetarako behiekin aritzen diren baserrien eta enpresen eguneroko errealitatea" bertatik bertara ezagu-tzeko.

Ukuilu, gaztandegi, eta jezte zein merkaturatzeko aretoetan egindako praktikez gain, ikastaroa egiten dutenek prestakuntza teorikoa ere jasoko dute: Ekoizpen, kudeaketa eta plangintza prozesuak, eraldaketa eta merkaturatzea; eta horiez gain, jardueran garatzen diren arlo guztietarako "banakako" laguntza ere eskainiko zaie.

Irakaspena "integrala izango da, sektore horretako hezkuntza oso lotuta baitago baserrien/enpresen errealitatearekin". "Horregatik ez da prestakuntza amaitzen eskola-ordutegiarekin. Ikasleek, esne-ekoizpeneko, eraldaketako eta animaliak zaintzeko enpresa baten logika eta dinamika zein diren barru-barrutik ikastea da helburua ", nabarmendu dute oharrean.

"Prestakuntza-proiektu honen xedea, azken batean, gure erkidegoan dagoen profesionalen sarea mantentzea eta indartzea da, betiere esnetarako behien arloan sortzen diren joera berri guztiei, berrikun-tzari eta egokitzapenei erne egonik", azpimarratu dute amaitzeko. l