- Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Galiziara joatekoa da gaur; bertan, harrera egingo dio Santiago de Compostelako aire-basean, arrantzontziaren hondoratzetik bizirik atera diren hiru marinelak eta atzo portura eraman zituzten bederatzi hildakoen gorpuak Ternuatik aberrira ekartzeko bidalitako hegazkinari.

Joan den asteartean Ternuako (Kanada) itsasoan hondoratu zen Villa de Pitanxo ontziaren Grupo Nores enpresa armadoreak egoitza duen Pontevedrako Marin arrantzale-herriko kaleak jendez lepo bete ziren atzo, desagertuta dauden 12 marinelen bilaketari berriro ekitea eskatzeko protesta jendetsuarekin.

Pitanxo ontziko tripulazioaren erdiak desagertuta jarraitzen duen arren, Kanadako agintariek bilaketa bertan behera utzi zuten, San Juan herritik 460 kilometro ekialdera ontzia hondoratu eta 36 ordura, bizirik aurkitzeko aukerarik ez dagoelakoan eta eguraldi txarra dela eta.

Samuel Kwesik, Villa de Pitanxo ontzitik bizirik irten ziren hiru lagunetako batek, desagertutako hamabi lagunen bilaketari berriro ekiteko erregutu zuen atzo, laguna duen Julio Torres Maringo artzain ebanjelistak prentsari azaldu zionez.

Maringo protestan, desagertuta jarraitzen duten dozena marinel horien arteko Francisco de Pazo makinaburu beteranoaren alaba María Josék iragarri zuenez, aste honetan tripulatzaileen senideak Madrilera joatekoak omen dira, euren eskaria Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Yolanda Díaz Lan ministroari helarazteko.

Maria Jose izan zen agertokian hi-tza hartzen lehena; inguruan, arrastre-ontzi izozkailuko marinelen irudiak kamisetetan eta pankartetan inprimatuta. 24 arrantzale zihoazen ontzian guztira eta itsasoak bederatzi gorpu itzuli ditu oraingoz; urperatze lazgarritik bizirik irten diren hirurak honako hauexek dira: Juan Padin patroia, haren iloba Eduardo Rial, eta Ghanako Samuel Kwesi arrantzalea.

María José de Pazok ahotsa goratu zuen, duela lau egunetik hona Ipar Atlantikoan bilaketarik ez dagoela salatzeko. "Badakigu ez daudela bizirik, baina gorpuak berreskuratu nahi ditugu. Kanadako patroiek esan digutenez eguraldia hobetu omen da. Zergatik ez dira berriro bila hasten? Bost metroko olatuak daudela... Hori han normala da". 50 metroko luzera zuen Galiziako ontzia ozeanoak irentsi zuen egunean, bi aldiz handiagoak ziren olatuak.

"Azalpenak nahi ditugu, ez hitz hutsalak", aldarrikatu zuen arran-tzale talde honetako senideen ohiko bozeramaileak. "Egunak pasa ahala, orduan eta nekezagoa izango da bat aurkitzea", salatu zuen.

"Abandonatuta sentitzen gara", "ez dute ezer egin", "ez dira animaliak, han botata uzteko", izan dira han eta hemen entzun diren kexak. "Gauza erraza da: zerbait egin ezazue", izan zen azken mezua.

Aura, Martinen bikotea, igo zen oholtzara jarraian justizia eta "Gobernuaren babesa" aldarrika-tzeko, "gurekin ez dauden hamabi pertsona horien alde".

gorputzak berreskuratzea Fernando González koipeztatzailearen seme Cristopherrek, guztiek gogoan duten galdera egin zuen ozen: "Nori iruditzen zaizkio nahikoa 36 ordu?, "Guk ez daukagu Kanadakoen protokolo bera" salatu zuen.

Aitaren lekuan jarri da, "hotzez hilda ito zen" esanez. "Zer sufrituko ote zuen?" aipatu zuen hunkiturik. "Segi dezagun zarata ateratzen. Behin gorpuak eta bizirik irten direnak iristen direnean, hau guztia ahaztu egingo baita. Ez gaitezen isildu". Jonathan Calderonen emazte Carolinak, ezin argiago esan zuen: "Hilda egon arren, ekarriko duten itxaropenik ez dut galduko".

Ekaitza. Villa de Pitanxo ontzia Kanadako Ternuan hondoratu eta 36 ordura, agintariek bertan behera utzi zuten desagertutako tripulatzaileen bilaketa. Guztira, hiru marinel baino ez dira bizirik atera, eta bederatzi gorpu erreskatatu ahal izan dituzte. Horrenbestez, tripulazioaren erdiak desagertuta jarraitzen du. Bilaketari berriro ekiteko eskatu dute marinelen familiek; izan ere, "bizirik ez daudela jakin arren", gorpuak berreskuratzea eskatzen baitute. "Eguraldiak hobera egin du. Bost metroko olatuak daude, baina hori normala da Kanadan", azpimarratu dute. Bitartean, berreskuratutako bederatzi gorpuak identifikatu dituzte Kanadako agintariek, atzo jakitera eman zutenez.