- Animaliak hiltzea eta tratu txarrak ematea eta dendetan saltzea eta erakustea debekatuko da; gainera, maskoten jabe berriei arduraz jokatzeari buruzko prestakuntza gainditu izana exijituko zaie, besteak beste. Hori dio Espainiako Gobernuak atzo onartutako Animalien Babeserako Legearen aurreproiektuak. Animalien babesa arautzen duen lehenengo legea izango da, Ione Belarra Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren ministroak azaldu zuenez, eta etorkizuneko arau horrek, izaki bizidun horien eskubideak urratzen dituzten “hiru gaitz nagusiak: tratu txarrak, abandonua eta hiltzea” oinarri izango dituela azpimarratu zuen.

Talde animalistek, testuan jasotako hainbat neurri nabarmendu dituzte: Behin legea indarrean jartzen denean, animalia batekin bizi nahi duen ororentzat nahitaezkoa izango den prestakuntza; animaliak maskota-dendetan merkaturatzeko eta erakusteko debekua; eta hazkuntza ere mugatzea, baimendutako hazle profesionalek bakarrik egin ahal izango baitute.

Debekatuta egongo da, halaber, animaliak hiltzea, “albaitariaren irizpidearen eta kontrolaren arabera, animaliak ez sufritzeko helburu bakarrarekin, justifikatutako eutanasia izan ezik”; debekatuta egongo da animaliak abandonatzea, tratu txarrak ematea -“animaliari mina edo sufrimendua eragiteko ekintza orotzat” zehaztu delarik -, bai eta borroka eta jarduera artistikoetan, turistikoetan, publizitatekoetan edo eskekotasunean erabiltzea ere. Lege honek sare sozialetan erakutsi izan diren tratu txarrekin amaituko duela azpimarratu zuen Belarrak, kasu zehatz batzuk aipatuz, esate baterako, orain hilabete batzuk gizon bat basurde txiki bat itotzen zueneko bideoa, edo bizirik erre zuten azeri baten irudiak.

“Animalienganako sentsibilitatea gero eta handiagoa izan arren, Espainian animaliekiko tratu txarrek ia erabateko zigorgabetasuna izan dutela” salatu zuen ministroak. Animaliak babesteko etorkizuneko lege berriarekin, debekatuta egongo da animaliek jaiotzetan, kabalgatetan eta prozesioetan parte hartzea, eta bestelako kultura-ekitaldi batzuetan araututa egongo da, adibidez erromerietan eta azoketan. Aurreproiektuan zehapen-maila desberdinak ezartzen dira arau-hausteen kasuan: arinentzat, isuna 600 eta 30.000 euro artekoa izan daiteke; larrientzat, 30.001 eta 100.000 euro artekoa; eta, oso larrientzat, 100.001 eta 600.000 euro artekoa. Txakurren kasuan, guztiak hartuko dira “konpainiakotzat”, baina “laneko txakurrek” - Esaterako, gida-, polizia-, ehiza- edo artzain-txakurrek - euren jarduera arautuko duten xedapen gehigarriak izango dituzte. Felidoei dagokienez, auzoko katuak zaintzeko erantzukizuna eta existentzia egon badagoela onartu du, eta horien kudeaketa “etikoa” udalen eskumenpean egongo omen da, nahiz eta esparru horretarako protokoloak autonomia-erkidegoek sortu beharko dituzten.