- Donostiako Gros auzoan nazioarteko lehiaketa egongo da: Danimarkako, Herbehereetako, Norvegiako eta Japoniako arkitektura-estudioak lehiatuko dira Gastronomy Open Ecosystem (GOe) diseinatzeko; Basque Culinary Centerrerari (BCC) atxikitako espazio berri hori ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarrituko da.

3xn eta BIG (Bjarke Ingels Group), biak danimarkarrak, dira proiektu honetarako deitutako nazioarteko lehiaketako finalistetako bi, Norvegiako Snhetta-rekin batera; baita Herbehereetako OMA (Office of Metropolitan Architecture) eta Toyo Ito & Associates japoniarra ere, azken bi hauek Pritzker saridun izandakoek gidatutakoak direlarik.

Basque Culinary Centerrek ohar baten bitartez azpimarratu duenez, "Arkitekturaren abangoardiako nazioarteko erreferentziazko estudioak dira guztiak", irabazlearen izena maiatzean iragarriko dutela ere zehaztuz.

"Gastronomiaren balio-kate osorako konponbideak bilatzeko, talentuaren sormena, berrikuntza eta garapena" sustatuko dituen GOe, Udalak lagatako 5.500 metro koadroko lursail batean eraikiko da, Okendoko kultura-etxearen ondoan dagoen 25.791 metro koadroko udal-jabetzako eremuan.

Basque Culinary Centerrek azaldu duenez, lehiaketa honen helburua "hiriko erreferentziazko gune berri bat izateko beharrari" erantzuten dion proposamena aurkitzea da. "Arkitektura-proiektu honekin, izaera ireki eta bereziko espazio bat sortu nahi da, graduondoko talentua, ekintzailea eta ikertzailea erakar-tzeko baliagarri izango dena. Jasangarritasuna izango da eraikinak bete beharko duen balio eta irizpide nagusietako bat, hiriko paisaian modu organiko eta parte-hartzailean txertatuz" zehaztu zuten.

Nabarmendu nahi izan dute 2013an Pritzker saria jasotako Toyo Ito (Seul, 1941), "gaur egungo arkitekto berritzaile eta eraginkorrenetakoa dela nazioartean. Arkitekturaren ikono eztabaidaezina". Japonian hasi zen lanean, handik mundu zabalera hedatuz. Bere lanik aipagarrienetakoa Sendaiko Mediateka da.

OMA izeneko nazioarteko ikerketa eta diseinu estudioa, berriz, 2000. urtean Pritzker Saria eskuratutako Rem Koolhaas entzutetsuak sortu zuen, eta hainbat egoitza ditu Rotterdam, New York, Hong Kong, Doha eta Australian.

Bestalde, 3XN, egungo Eskandinaviako arkitekturaren "aita" estudioa dela esan ohi da. "Diseinuaren, funtzioaren eta testuinguruaren sintesia bilatzean" oinarritzen dira euren eraikinak. Bulegoak Kopenhagen, New Yorken, Londresen eta Bartzelonan dituen Danimarkako beste estudioa, BIG, "nazioarteko arkitekturaren enfant terrible da". Hautagaien zerrendako azkena Norvegiako Snhetta da, eta enpresa honek egindako lanen artean, goraipatzekoa da Alexandriako Liburutegia.