Sei hilabete bete dira Eutanasia legea indarrean sartu zenetik eta soilik bi erkidegok - Euskadik eta Kataluniak - argitaratu dituzte hiltzeko laguntza-eskaerei buruzko datuak; bitartean, osasun-langileen arteko prestakuntza eta informazio faltak, atzerapenak eragiten jarraitzen du, kaltetuen sufrimendua luzatuz. Abenduaren 25ean bete dira sei hilabete, gaixotasun larri eta sendaezina duten eta sufrimendu "iraunkor eta onartezina" duten pertsonei hiltzeko laguntza medikoa bermatzen dien legea indarrean sartu zenetik.

Martxoaren 18an oso babes zabalarekin Kongresuaren oniritzia jaso zuen lege horren onarpena, pozik ospatu zuten heriotza duina izateko eskubidea defendatzen urteak daramatzaten kolektiboek; eta, bere garaian argi ohartarazi zuten, erne egongo zirela araua bete, eta lagun-tzarako baldintzak betetzen zituztenei eskaintzen zitzaiela bermatzeko.

Urte erdi pasa ondoren, ez da batere lan erraza legea betetzen ote den aztertzea, Kataluniak eta Euskadik bakarrik eman baitute aurkeztutako eskaeren eta egindako eutanasien berri.

Azaroaren amaierara arte 53 pertsonak eskatu zuten eutanasia Katalunian, eskaeren erdiak (28) onartuak izan ziren - hiru bakarrik ukatu ziren-, eta 24k heriotza duin baterako laguntza jaso dute dagoeneko. Osasun Saileko idazkari nagusi Meritxell Masók, Osasun Antolamendu eta Erregulazioko zuzendari nagusi Azucena Carranzok eta Kataluniako Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidente Albert Tucak prentsaurrekoa eskaini zuten kasu horien berri emateko.

Euskadin, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak eta José Luis Quintas sailburuordeak, beraiek eskatuta, agerraldia egin zuten Legebiltzarrean, legearen aplikazioaren berri emateko. Gure lurraldean, hamahiru pertsonak jaso dute laguntza, eta beste hamabi prestazioa jasotzeko zain daude. Abenduaren 10era bitartean 34 eskaera jaso, eta horietatik zortzi pertsona hil egin ziren eskubide hori baliatu ahal izan baino lehen; prestazioa pertsona bakar bati ukatu zaio. Ez da halako gardentasun antzematen gainerako erkidegoetan, isiltasuna mantentzen baitute egindako eutanasiekiko; gainera, Valentziako Erkidegoaren eta Kanariar Uharteen kasuan, kasu bakoitza baimentzeaz arduratzen diren Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideen izenik ere ez dute argitaratu.

Trataera desberdina Hala salatu du Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkarteko (DMD) presidente Javier Velascok, legearen aplikazioa oso bestelakoa baita eskualdearen arabera. "Erkidego batzuek beste zenbaitek baino askoz gehiago errazten dute legean aitortutako eskubide horren erabilera eraginkorra, eta maila askotan ari dira lanean, profesionalen prestakuntzatik hasi eta epeak bete arte", adierazi du.

Horien artean, Velascok Katalunia eta Euskadi nabarmendu ditu, bide batez, Andaluziak eta Madrilek Berme eta Ebaluazio Batzordea eratzeko lau hilabete behar izana deitoratuz; horren ondorioz, bi erkidego horietako herritarrek luzaroan itxaron behar izan dutelako eskubide hori eskura-tzeko. "Onartezina da".

Lurraldeen arteko desberdintasunaren adibide ugari jaso dituzte DMD elkartean legea indarrean jarri zenetik. "Baldintzak betetzen ez dituztelakoan, hainbat erkidegotatik iristen zaizkigu eskaera ukatu egin zaien pazienteen kasuak; beste eskualde batzuetan, berriz, oso antzeko kasuak onartu egin direnean".

Horrek esan nahi du, tamalez, "Toka-tzen zaizun tokiaren arabera, batzuetan zorioneko izan zaitezkeela, eta beste batzuetan ez duzula zorterik izango; eta, eskubide bati buruz gabiltzanean, objektiboagoa izan beharko luke. Velascok argi asko salatu nahi izan du, gainera, autonomia-erkidego guztietan dagoen gabezia orokorra: medikuen prestakuntza eta informazio falta. "Sarritan, eskaera jasotzen duten profesionalek ez dute jakiten eskaera horrekin zer egin, eta hala jakinarazten diote herritarrari, batzuetan objekzioa argudiatuz, eta horrek izapideak atzeratzea ekartzen du".

"Zenbait erkidegok asko erraztu dute eskubide horren benetako erabilpena"

Heriotza Duina izateko Eskubidea