Gasteizko Legebiltzarrean Euskalgintzaren Kontseiluak parte hartu zuen atzo. Bertan, EAEko Hezkuntza Lege berriaren inguruko eztabaidan parte hartu zuen, azken asteetan beste hainbat eragile eta adituren modura.
Atzoko agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok aurkeztu zuen ekarpena. Bilbaok argi ezarri zuen hezkuntza-hitzarmen berriak bi alde izango lituzkeela. Batetik, teknikoa litzatekeena, alegia, "nola egin daitekeen ikasle euskaldun eleaniztunak bermatzeko; eta bestetik, politikoa, hala nola, "erabakia hartzea belaunaldi berriak euskaldun egingo dituen ikasteredua abian jar-tzeko".
Alde teknikoaren inguruan eginiko azalpena 2008an plazaratutako Ikasle euskaldun eleaniztunak sor-tzen proposamenean oinarritu zuen Kontseiluak. Dokumentu hark hainbat ondorio ezagutarazi zituen, baina "garrantzitsuena" ikasleek "euskara ikasteko eskubidea aitortuta" dutela da eta "hezkuntza-sistemak eskubide hori bermatu behar" diela, "ofizialtasunak hala ezartzen duelako". Bestalde, egindako azterketak guraso gehienek euren seme-alabentzat D eredua hautatzen zutela jakinarazi zuen, baita eredu hura zela "etorkinen gizarteratzeko baliagarriena" zena.
Egun ere baliotasuna izango lukeen 2008ko proposamena hiru ardatzetan oinarrituta ezarri zen, Bilbaok azaldu zuen lez. Lehena, hizkuntzen ordu banaketa ikasketa prozesuan, euskararen rola nagusia izanik; bigarrena, hizkun-tza-proiektua "zutabe" izatea ikastetxeetan; eta, hirugarrena, ikasleek euskaraz B2 maila dutela egiaztatzeko erabili beharreko ebaluazio motak xedatu beharra.
Alde politikoan, aurreko ostegunean izandako Euskaraz hezi berdintasunean hazi dinamikak "hezkuntzako eragile nagusiak eta gehiengo sindikala batuz" euren adostasuna lortu zela goraipatu zuen Bilbaok, eta legebiltzarreko ordezkariak bertara atxikitzera gonbidatu zituen.