aketze politika deitzen zaio Bigarren Mundu Gerra aurreko urteetan, aurrekoaren esperientzia gazia oraindik ahaztu gabe zutela, indar aliatuek Alemaniarekin izan zuten gehieziko pazientziari. Austria elkartzea edo Sudeteak okupatzea ere onartu zizkioten Hitlerri Munichen, gerra ez pizteko asmoz. 1939ko irailaren 1ean ordea, Alemaniak Polonia inbaditzeari ekin zion, ordurako gainezka zegoen pixontziko ur jauzia ekarriz.

Zorionez gerra amaitu eta Polonia herrialde aske izatera bueltatu zen, eta urte asko pasa ostean, Europar Batasuneko kide da egun, Alemania eta beste zenbait herrialderekin batera. Kontua da duela egun gutxi Poloniako epaitegiek erabaki dutela bertako legedia europarraren gainetik dagoela eta bere kasa jokatuko dutela zenbait aspektutan. Noski, hori ez du onartzen Europar Batasunak.

Polexit bezalako hitzak ageri dira nazioarteko prentsan, Brexit bezalako ekimenen bidetik joan daitekeelako. Urteak daramatza Espainiak Europatik datozen zuzenketak behin eta berriz jasotzen, legeak nahi gisan aplikatzen dituelako, eta ez da sekula Spexit edo Spalida kontzepturik aipatu. Txirigota edo pandereta bai.

Ados, Poloniatik azkenaldian gehiegi gusta-tzen ez zaizkigun erabaki batzuk iritsi direla. Erabaki atzerakoiak, tolerantzia eta errespetuaren kontrakoak, onargaitzak. Baina tira, lagun artean beti dago marratik pasatzen den baten bat eta heldu aroan behintzat ez dugu inor kanporatzen koadrilatik. Ikastolan geundenean bezala, agian pedagogia pixka bat egin beharko da hauekin ere, artaldeko logikan berriz sar daitezen, edo gela guztietan zegoen on puskaren ondoan jarri, harek dena aguantatzen baitu. Gela barruan mantentzeagatik berarekin hitz egin, enegarrenez, ea jarrera aldatzen duen, gurasoei deitu baino lehen.

Europar Batasunari indarra talde izaerak ematen dio. Arrazoi batengatik edo besteagatik kideak kanporatzen hasiko bagina, Batasuna ahulduko litzateke eta bertako herrialdeak ere bide beretik. Gainera, arriskutsu samarra litzateke bat kanporatzea, atea irekiko bailieke kaleraketak biderkatzeari. Kasu, honek ez du esan nahi edozein gauza onartu behar denik. Marra gaindiezinak daude, eta zenbait muga oso argi izan behar ditugu, baina ziur nago bururatuko zaiela nola presionatu, hainbat neurri ekonomiko martxan jarriz adibidez, ohitura duten bezala. Baietz trenak trenbidea jarraitu.

Hau esanda, Europar Batasunak ezin du gehiegizko inposaketekin jolastu kontinente zaharrean. Ezta kideen artean horrelakorik onartu ere. Horretarako daude bazkide eta ganberak, oreka bat lortzeko. Robespierren izualdiarekin bukatzeko bost kideko direktorio bat ezarri zuten banakako tirano joerak amaitzeko. Batasunean kontzeptua berdina da, askoren artean zentzua, edo zentzudunen bat, bilatzea errazagoa dirudi, nahiz eta askotan betikoek agintzen dutela iruditu.

Baten batek gogoraraziko dit direktorio ostean Napoleon eta lagunen estatu kolpea etorri zela, baina ez gaitezen aurreratu. Fraternité pixka bat otoi.