Uraren Euskal Agentziak Papelera Leitzaranek (Galgo) egindako presaren suntsipena burutu du. Egindako lanaren helburua ibaiaren zati hori faunak zeharkatu ahal izatea erraztea izan da, bai eta jada erabiltzen ez zen azpiegitura horrek baldintzatzen zuen ibai-zatia naturalizatzea ere.
URA agentziatik atzo azaldu zuenez ohar baten bidez, eraispena faseka egin dute, guztira 21 metroko presa txikia eta ezkerraldeko estribua.
Lana ekaineko azken astean burutu dute, guztira 28.330,85 euroko inbertsioa eginez.
Fasekako jarduera horri esker, ingurunea bera ere pixkanaka egokitu ahal izan da ibai-dinamika berrira, "modu progresiboagoan, presan metatutako sedimentuak mugiaraziz, garraioak ere uholde-erregimen arruntaren dinamika naturalari jarraituta berregituratuz, eta ibaian gorako inpaktua ere gutxituz", zehaztu zuen atzo euskal agentziak.
Presa XX. mendearen bigarren erdian eraiki zen, ur-lamina handitu eta premiazko ura hartu ahal izateko, hasiera batean Papelera Leitzaran eta ondoren Galgo enpresei Leitzaran ibaitik eta Ubaran errekatik ura hartzeko eman zitzaien emakidaren arabera.
Enpresak 2007an utzi zion jarduerari, eta emakida iraungi egin da. Inondik ere, presak Leitzarango uraren eta faunaren joan-etorri askea saihesten jarraitzen zuen.
Bestalde, URAren eta Andoaingo Udalaren arteko lankidetza-protokoloaren esparruan, Andoaingo Olagain auzoan saneamendua eta ibai-pasealekua hobetzeko proiektuarekin lotutako landareztatze-lanak egitea programatu egin da.
Presaren eraisketa faseka egin da ekaineko azken astean, 21 metrotan, 28.000 eurotik gorako inbertsioarekin