Síguenos en redes sociales:

Aitaren Etxea | Gizontasun-eredu berriaren inguruan

Aitaren Etxea | Gizontasun-eredu berriaren inguruan

Laboral Kutxa erakundeak gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde zabaldutako bidea aspaldikoa da. 1997. urtean, esate baterako, Emakunderen Erakunde Laguntzailearen ziurtagiria lortu zuen, aitorpen hori lortzen zuen lehen finantza-erakundea izanik.

Berdintasunaren inguruan gizartean sortu diren aldarrikapenekin bat egiteko asmoz, urtero, martxoaren 8a aitzakiatzat hartuz, ekimen desberdinak jarri ohi ditu martxan Laboral Kutxak. Gaurkoa, gainera, berezia izango da oso. Karmele Jaio idazlearen Aitaren etxea liburuaren etenik gabeko irakurketa saioa egingo da. Irakurraldia goizeko 9.00etan hasi eta eguerdira arte luzatuko da, eta erakundeko presidente Txomin Garcíak eta zuzendari nagusi Xabier Egibarrek parte hartuko dute.

Ekimen berritzailea eta, batez ere, parte-har-tzailea izango da. Izan ere, Laboral Kutxako lankideek hartuko dute parte, eta zonalde bakoi-tzaren jatorrizko hizkuntza errespetatuko da; euskaraz, gaztelaniaz, katalanez nahiz asturieraz irakurtzeko aukera edukiko dute. Erakundearen aniztasuna balioan jartzea da asmoa. "Kapitulu adina irakurle behar genituen baina hori baino gehiagok eman du izena, ardura-maila, departamentu eta zonalde ezberdinetakoak, emakume nahiz gizonak, eta pozik gaude ekimenak Erakundean eduki duen harrera onagatik. Izan ere, aniztasun horrek hobeto adierazten du berdintasunaren alde hartutako konpromiso kolektiboa. Bakoitzak hitza hartuz, baina aldi berean beste batzuei hitza emanez", adierazi dute Laboral Kutxako arduradunek. Partaide batzuek euren bulegoetatik hartuko dute parte, eta euren lanlekua Arrasaten duten langileak, berriz, fisikoki egoitzan bertan egongo dira. Gainera, saioa zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da.

Irakurraldiak irauten duen bitartean, Make it visual enpresako ilustratzaileek modu grafiko eta artistiko batean jasoko dituzte istorioaren nondik norako nagusiak. Karmele Jaio idazleak berak ere pasarte bat irakurriko du eta behin irakurraldia amaitutakoan solasaldia egingo dute berarekin. Liburu hau idaztera zerk bultzatu zuen, berdintasunaren ikuspegitik gaur egungo egoera nola ikusten duen, ditugun erronkez, etab. jardungo dute. "Egia esan, guretzat ohorea da Karmele Jaiok ekimenean parte hartzea. Bere hizketaldiak irauten duen bitartean, zuzenean saioa jarraitzen ari diren pertsonek aukera edukiko dute txat bidez sortzen zaizkien galderak, hausnarketak, kezkak€ gu guztiokin partekatzeko", esan dute. "Aitaren etxea liburuak gai horietan sakontzen jarraitzeko eta elkarrekin gogoeta partekatua egiteko aukera ezin hobea eskaintzen digu; elkarrekin eta elkarrengandik ikastekoa", gaineratu dute.

Wolfen gela propioa

Idazketa prozesuaz

Aitaren etxea 2019. urtean argitaratu zen, eta literatur arloko Euskadi Saria jaso zuen. Ismael eta Jasone ditu protagonista, biak idazleak, nahiz eta Jasonek senarraren itzalpean jarduten duen. Eleberriak hainbat gairen inguruan hausnar-tzeko bidea zabaltzen du, besteak beste, emakumeen ahalduntzea, pertsonen arteko inkomunikazioa eta egungo gizontasun-eredua. "Nobelak idazketari buruzko hausnarketa ere egiten du, batetik, idazlea emakumezkoa edo gizonezkoa izanik horrek dakartzan ezberdintasunei buruz, prestigio edo errekonozimendu aldetik, Virginia Wolfen gela propio hori lortu dugun edo ez; eta bestalde, idazketaren eremua egiaren eremua ere badela, alegia, nola ager-tzen diren prozesu horretan idazleari berari deseroso sentiarazten dizkioten kontuak", argitu du Karmele Jaiok.

Gaurko ekimenari buruz, pozik agertu da idazlea : "Irakurketa intimitatean egiten dugun gauza da eta ekimen honek intimitatetik publikora ateratzeko aukera ematen dio nobelari. Gainera, ahots ezberdinen irakurketa egitea oso aproposa da, izan ere, liburuak munduari ikuspegi desberdinetatik begiratu ahal diogula kontatu nahi du".

Ekimen honek sentsibilizazioaren bidean Laboral Kutxak martxan duen estrategia laguntzen du, izan ere, azken urteetan emakumeen ahalduntzea sustatzeko nahiz gizonen berdintasunarekiko sentsibilizazioa lantzeko trebakuntza-saioak garatzen ari dira. Emakumeek genero-identitate, rol eta estereotipoek eurengan duten eraginaz hausnartzen dute.

IV. Berdintasun Plana

Funtsezko bide-orria

Laboral Kutxan duela 20 urte baino gehiago hasi ziren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean. Iaz onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana, eta hori da berdintasunerantz urratsak egiten jarraitzeko bide-orria. Orain arte martxan jarri diren ekimenak egonkortzea eta sendotzea; berdintasunaren aldeko ekimenetan emakume eta gizon gehiago inplikatzea; eta erakunde berdinzale gisa ai-tzindari bilakatzea bai erakundearen barruan, bai gizarteari begira. Horiek dira, hain zuzen, azkeneko planaren helburu nagusiak. Hitz gutxitan esanda, berdintasuna erakunde osoan zehar zabaltzea da xedea.

Bestalde, eta Laboral Kutxa berdintasunaren aldeko agente aktibo den aldetik, bere konpromisoa kanpo-harremanetan ere islatzen da. Hori horrela, Emakundek sortutako Bai Sarean elkarlanerako gunean parte hartzen du. Berdintasunaren aldeko entitate-laguntzaileek osatzen dute aipatu gunea, lan-merkatuan genero-arrakala desagerraraztea helburu duten enpresa eta erakundeak alegia.