Síguenos en redes sociales:

Gipuzkoako landa-bideak, berritze prozesuan

- 1,5 milioi euro bideratuko ditu 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-bideak hobetzera. Helburua, bizi-kalitatea hobetzea, lehen sektorearen garapena bultzatzea eta lurralde-oreka sustatzea izango da.

Dirulaguntza horiek, bide berriak eraikitzeko, lehendik daudenak asfaltatzeko edota hormigoia bota-tzeko, nekazaritzako ustiategietara doazen bideak konpontzeko, uhin-bikoak jartzeko eta sarbideak seinaleztatzeko erabiliko dira.

Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu ditu laguntzak, eta datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Handik aurrera, udalek eta lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeek 20 eguneko epea izango dute eskaerak egiteko.

Jabier Larrañaga Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, departamentu honek lan horien finantziazioa babestea erabaki du, udalek euren aurrekontuetatik egiteko zailtasunak dituztelako.

Iaz, pandemiak eragindako ezohiko gastuak zirela eta, laguntza horiek bertan behera geratu ziren, krisiak lehen sektoreko jarduera ekonomikoan eragindako beharrei erantzun ahal izateko.

2019an, udalek eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeek 3,2 milioi euroko inbertsioak egin zituzten guztira, eta Aldundiak 1,6 milioi euro bideratu zituen laguntza horietara. 65 udalerritako eta toki-erakundetako 72 proiektu burutu ahal izan ziren, eta landa-bideen 67 kilometro berritu edo lehen aldiz asfaltatu ziren.

Gure lurraldean, mota honetako 3.360 kilometro bide ditugu, eta sare hori pixkanaka berritu ohi da laguntza horien bidez; izan ere, hobekuntza horiek egitea izaten baita udalek egiten duten "eskaera nagusietako bat", bereziki 2.500 biztanletik beherakoek. Horrexegatik ematen die udalerri txikiei "lehentasuna" deialdi honek.

Deialdi hori LandaGipuzkoa foru-proiektuaren barruan kokatzen da. Egitasmo horren xede nagusien artean leudeke, besteak beste, oinarrizko azpiegiturak mantentzea eta hobetzea.