- Lehendakaritzaren egoitzan egin zen ekitaldi batean, Joseba Agirreazkuenaga historialari eta EHUko Historia Garaikideko katedradunak 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso zuen atzo. Sari horren atzean arrazoi anitz daudela azpimarratu dituzte, hala nola, Agirreazkuenagaren ikerketa eta irakaskuntza-ibilbidea, haren argitalpen ugarien kalitatea, dibulgazio-lan garrantzitsua, bere ikerketa ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna, edota ezagutza euskal gizarteari transferitzea.

"Euskadi Sari honen bidez, gure nahia da zure ekarpena sustatzen eta indartzen laguntzea. Akuilu bat izatea, egindako bidean argi gehiago jartzeko eta egin beharreko bidean aurrera egiten laguntzeko. Asko eman duzu, eta asko duzu zabaltzeko oraindik", nabarmendu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria EAEko eta EAEtik kanpoko ikertzaile, zein talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzeko helburuarekin. Gauzak horrela, urte bakoitietan Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloan egiten da deialdian. Urte bikoitietan, berriz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aintzatesten du sariak.

Agirreazkuenaga EHUn aritu da irakasle eta ikertzaile moduan 1980tik. Azken honi dagokionez, ikerketa-talde bat zuzentzen du 1988tik: 17 pertsonek osatzen dute. Bertan, euskal historiografia garaikidea berrikusten eta berritzen lagundu duten emaitzak aztertzeko ikerketa-kontzeptu bat aplikatzen du. Horiei esker, euskaldunen historia orokorra sakon berritzeko aukera egon da, ikuspegi orokor eta metodologiko eguneratu batetik abiatuta.

Horrez gain, azpimarratzekoa da ere transferentzia zientifikorako ikerketa-egitura ezberdinak sortu izana; esaterako, Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, Bidebarrieta Kulturgunearen kudeaketa eta sorrera, edota bere ikerketa-arloarekin lotutako hainbat aldizkari eta entziklopedia eratu izana.

Bere lanei dagokienez, nabarmentzekoak dira bere ikerketa historikoak. Hauetan, euskaldunen kasua eta euren historia ikuspegi orokor eta konparatibo batean aztertzen ditu. Halaber, Euskadiko Ordezkaritza Batzarren eta Legebiltzarren izaera, zein historia nazioarteko foro eta ikerketa-sareetan kokatu ditu, euskal historiografia nazioartean zabaltzeko funtsezkoak izan direnak.

Saria jasotzean, Agirreazkuenagak eskerrak eman zizkien bere ibilbidean ezinbestekoak izan diren pertsona guztiei, bidetik Gabriel Garcia Marquezen "Bizitza ez da batek bizi izan zuena, batek gogoratzen duena eta kontatzeko nola gogoratzen duen baizik", gogora ekarriz.

Horrekin batera, berak historia hautatzeko duen zergatia azaleratu zuen: "Epe luzean pentsatzen ikasteko, skepsis permanentean bilaketak egiteko, memoria galtzen dugunean noraezean erortzen gara".

"Epe luzean pentsatzeko dugu historia, skepsis permanentean bilaketak egiteko"

Historialaria

"Sari honen bidez, zure ekarpena sustatzen laguntzea da gure nahia"

Lehendakari