- Gipuzkoako Foru Aldundiak haur eta gazteen udako eskaintzari alternatiba bat emateko ekimenak prestatu ditu udalekuak bertan behera utzi ondoren. Zen-tzu horretan, Uda kanpainak berriro ekin dio ikasleentzako udako kirol jardueren eskaintzari, lurraldeko udalekin, klubekin eta kirol erakundeekin koordinatuta.

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuak, Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariarekin eta Goizane Alvarez Kiroleko foru zuzendariarekin batera, haur eta gazteen udako eskaintzari alternatiba bat emateko departamentuak prestatu dituen ekimenak aurkeztu zituen atzo goizean.

"Udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu zenetik, lanean aritu gara Gipuzkoako gazteentzat aisialdirako alternatiba bat bila-tzeko", azaldu zuen atzo Millanek. Osasun egoerak hobera egin du eta deskofinamenduaren hirugarren fasea iristear zela ikusita, Eusko Jaurlaritzak joan den astean zabaldu zuen haurrei zuzendutako jarduera ludikoak eta hezitzaileak antolatzeko aukera.

Erabaki horren ostean, Millan joan den ostiralean batu zen Gipuzkoako udalekin Gaztematika sareko foro politiko batean, gazteei zuzendutako udako aisialdiko jarduerak koordinatzeko helburuarekin eta normaltasun berria deritzaionaren barruan inplikatutako alderdi guztientzako eskaintza segurua antola-tzeko orduan udalerrien kezkak zein ziren ezagutzeko.

Millanek udalei eta erakundeei ematen zaizkien laguntzak manten-tzeko konpromisoa duela adierazi zien, udalek aisialdiko jarduerei laguntzen jarraitu ahal izateko. Horrela, bide batez, familiei kontziliatzen laguntzeko konpromisoa hartu dute.

Gainera, udalak eta Aldundiak diruz laguntzen dituen gainerako erakundeak osasun material gehiagoz hornituko dituztela jakinarazi zuen diputatuak, COVID-19tik babesteko ezarritako protokoloak bete-tzen laguntzeko.

Igeriketa, surfa, piraguismoa, arrauna, hipika, bela eta antzeko jarduerak sartzen dira Uda kanpainaren barnean. Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero onartzen duen eskola kiroleko programaren barruan ikasleei zuzendutako udako kirol jardueren eskaintza bat da, udalekin eta lurraldeko kirol-klub eta kirol-erakundeekin koordinatuta egiten dena.

COVID-19aren ondorioz sortutako egoera ikusita, Aldundiak inkesta bat bidali zien Gipuzkoako udalei, egoeraren berri izan zezaten. Millanek jakinarazi zuenez, ekainaren hasierarako erantzun duten udalen laurdenek, gutxienez, uda honetan Uda kanpaina antolatzeko interesa agertu dute. Bide horretan, nahiz eta Aldundiak martxoan eskola kiroleko programaren jarduerak alde batera uztea onartu zuen, interesa duten udalei ematen zaien laguntza mantentzea erabaki da, eta ekainaren 22tik aurrera egitea onartu dute.

Uda kanpainaren barruan udalek tokian-tokian antolatu edo koordinatutako jarduerez gain, klubek eta beste kirol erakunde batzuek ikasleentzako kirol jarduerak ere antola ditzakete uztailaren 1etik aurrera. Jarduerek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko dute.