erea Salinas eta bere senarra, Alfred, Donostiako Equilibrium Club zentroaren jabeak dira. Entrenatzaile pertsonalak dira biak eta duela 21 urte zabaldu zuten Donostiako zentroa, izan ere, lehenago beste bat baitzuten Londresen. Equilibriumen hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. Lehenik eta behin, pertsona bakoi-tzaren balorazio funtzionala egiten dute eta horren arabera, norberari komeni zaion entrenamendua atxikitzen diote. Horrez gain, kiroldegia eta osteopatia, fisioterapia eta pilates praktikatzeko guneak ere badituzte.

Equilibrium martxoaren 13an itxi zuten, koronabirusaren ondorioz alarma egoera ezarri baino egun bat lehenago. "Hamahiru pertsonak egiten dugu lan bertan eta orain ABEEEn (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak) gaude", azaldu dio egunkari honi Salinasek. "Zorionez, niri ETBtik deitu didate eta arratsaldero Qué me estás contando saioan agertzen naiz kirola egiten", gehitu du.

Nahiz eta Equilibrium zentroa itxita egon, jabeek aurkitu dute modua bezeroei euren zerbitzu guztiak birtualki eskaintzen jarraitzeko. Doan egiten dute, izan ere, Equilibrium itxi zuten egunean bazkideen kuota guztiak izoztu eta ordutik aurrera ez baitute ezer ere kobratu. "Equilibrium izeneko mugikorreko aplikazio bat geneukan eta entrenamentuetarako erabiltzen genuen. Orain, bazkideentzat eskuragarri jarri dugu entrenamenduak etxetik egin ditzaten", adierazi du Salinasek.

Gainera, Interneten plataforma bat ere sortu dute (pt.equilibriumclub.com) eta horren bidez jende asko ari omen da Equilibriumen alta hartzen. "Plataforman alta hartzen duenak galdeketa labur bat bete behar du eta horren bidez, bakoitzari zein entrenamentu komeni zaion identifikatzen dugu. YouTuben bideo batzuk zintzilikatu baditugu ere, webgunean norberaren beharretara egokitzen diren ariketa askoz ere zehatzagoak ditugu", zehaztu du. Alarma egoera amaitu arte, webgunean eskaintzen duten guztia doakoa izango da.

Orain etxetik ari dira Equilibriumeko bazkideentzako entrenamenduak prestatzen, baina etorkizunera begira ere jarri dira. "Irtenbidea prestatzen ari gara, nolabait esateko. Zentroaren barruan espazio indibidualak sortuko ditugu pertsona bakoitzak eremu pribatu bat izan dezan eta espazio horiek denbora baterako erreserbatu ahal izango dira", nabarmendu du Salinasek.

Alarma egoeraren ondorioz jende asko ari da osasuntsu mantentzeko kirola egiten, etxe barruan baldin bada ere. Equilibriumen ere euren ekarpentxoa egin nahi izan dute eta 21 eguneko transformazio egutegi bat prestatu dute. Gaur astelehena hasiko da eta pt.equilibriumclub.com webgunean alta emanda dauden guztiek egin ahal izango dute. "Itxialdi egoera honetan egon garenez, gure bizitza hoberantz eraldatuko dugu 21 egun horietan funtsezko hiru ohitura kontuan hartuta: elikadura, ariketa fisikoa eta atsedena", azaldu du.

Egunero bizitza osasuntsu bat mantentzeko jarduerak proposatuko dituzte eta horrek hartzailearengan "aldaketa fisiologikoak, psikologikoak eta biokimikoak" sortuko ditu. "Pertsona bakoitzak erabakiko du ea bere gorputzarentzat komenigarria den edo ez egun bakoitzean proposatzen duguna, pertsona guztiek ez baitute berdina behar osasuntsu mantentzeko", esan du.

Etorkizunari dagokionez, profesionalek euren zerbitzuak askoz ere eskuragarriago jarri beharko dituztela uste du Salinasek. "Teknologiak asko lagunduko digu horretan. Gure kasuan, webgunearen bidez bazkideek betetzen dituzten galdeketei esker, pertsona bakoitzari dagokion entrenamendua azaltzen duen bideoa eskaini ahal izango dugu eta horrek jende askori lagundu ahal izango dio".

Baina profesionalek ere diru-sarrerak behar dituztenez, bazkideek zerbait ordaindu beharko luketeela uste du. "Zenbait zerbi-tzu modu mailakatuan ordaindu beharko dituzte. Zerbitzu gutxi nahi badituzte, gutxi ordaindu beharko dute eta gehiago nahi badute, zertxobait gehiago. Teknologiari esker zerbitzu ekonomikoago bat eskaini ahal izango dugu eta askoz ere jende gehiagorentzat, gainera", amaitu du.

Donostia. Nerea Salinas eta bere senarra, Alfred, dira bertako jabeak eta 21 urte daramatzate negozioarekin. Lehen Londresen bizi ziren eta han ere beste zentro bat zeukaten.

Zerbitzuak. Arreta pertsonalizatua eskaintzen dute eta norberarentzat egokiak diren entrenamenduak diseinatzen dituzte. Gainera, kiroldegia eta osteopatia, fisioterapia eta pilates praktikatzeko guneak ere baditu.