Mundu osoa aztoratu duen izurritearengatik hogei lagun inguru hil dira Lapurdi, Nafarroa Behera, Zuberoa eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan. Aldi honetan ere ezinezkoa da Ipar Euskal Herriko argazki zehatza osatzea Frantziako osasun sailak departamendu horretako eta Akitania Berriko xehetasunak baizik eskaintzen ez dituelako. Krisia hasi zenetik gutxienez bi lagun zendu dira Baionako erietxean, hauetako bat Landetakoa zen, pazienteen %30 bertakoak dira eta. Bestalde, Atharratzeko (Zuberoa) bi lagun Paueko erietxean hil dira.
Pirineo Atlantikoetako bi erietxe nagusi horietan 112 gaixo sendatu dituzte eta etxera itzuli ahal izan dira. Beste batzuek ingresatuta jarraitzen badute ere, batzuk suspertze zerbi-tzutik onik atera ahal izan dira, hauen artean Francis Gonzalez Bokaleko alkatea. 70 urteko hautetsia zainketa berezien unitatean egon da bi astez eta martxoaren 15eko herriko hauteskundeetan zerrendakide zituen hamar bat lagun ere gaitzarengatik artatu behar izan dituzte. "Iparraldeko osasun guneak ez daude gainezka baina denbora laburrean mobilizatu gara eta zerbitzu guztiak berregituratu behar izan ditugu", azpimarratu du Baionako ospitaleko zuzendaritzak. Mediku batzuek buruzagiak lehen lerroan dauden langileekin ez direla inoiz bildu deitoratu dute.
Baionaldean osasun langileen kontrako zenbait mezu zabaldu dituztela eta, erizain batek salaketa aurkeztu du. Mezu anonimoen bidez, auzokide batzuek eraikinean arriskua izan dezaketen profesionalak ez zituztela gehiago ikusi nahi zioten. Erizain batek alokatzen duen etxetik bota nahi izan duen jabea auzipetu dute ere, bestalde, Frantzia hego ekialdean. Azken egunetan, gero eta gehiago dira Ipar Euskal Herrian gaindi etxez etxe dabiltzan erizainek beren ibiligailuetan maskara edo materialik ez daukatela jakinarazteko kartelak jarri dituztenak. Izan ere, Frantziako zenbait hiritan erizain ibiltariek lapurketak jasan dituzte. Ipar Euskal Herriko osasungintzako profesionalen artean %80 inguru emakumeak dira.
Oztopoak oztopo, egunero sostengu zabala lortzen dute, ehunka mezu jasotzeaz gain arratsero milaka lagunek beren lana esku zartekin eskerrak ematen baitizkiete. Baionako udalak Glain aldeko elkartetxean etxez etxe dabiltzan erizainak laguntzeko gune berezia zabaldu du. SOS medikua eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bi gela apailatu dituzte lana bukatzean eta etxera itzuli baino lehen desinfektatu, garbitu, lasaitu eta dutxa bat hartu ahal izateko. Bestetik, Iparraldeko Hirigune elkargoak Baionaldeko garraio publikoa dohainik erabiltzea uzten die eta osasungintzak behar dituen baliabideak ekoiztuko dituzten enpresak lagun-tzea erabaki du. Behar gorriari eran-tzuteko sailez aldatuko dutenei laguntza emanen diete. Azkenik, Olivier Veran Frantziako osasun ministroak osasungintzako profesionalei 500 eta 1.500 euro arteko diru lagun-tzak hitz eman dizkie.
Frantziako gobernuaren gabeziari aurre egiteko, egunotan Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluak osasungintza eta zahar etxeetako langileei 12.000 test egiten dizkie. Profesionalek neurri aintzindaria begi onez hartu dute. "Frantziako estatuan horrelako lehen ekimena da", azpimarratu du Koldo Robles Baionaldeko zenbait zahar etxeetako zuzendariak. "Dekonfinamendua presta-tzeko testen emaitzak lagungarriak izanen dira. Departamenduko arduradunek milaka maskara erosi eta banatu dizkigute ere. Hetsiak diren beren ikastetxeetako garbitzaile eta sukaldariak gurera etor litezke lan egitera, elkarlan ona dugu. Hurbiltasunak eraginkortasuna dakar". Iritzi bera du Anne Marie Bruthe Iholdiko zahar etxeko arduradunak. Bertan ere egoiliarren konfinamendu osoa beren logeletan duela bost aste hasi zen baina, halere, bi kasu agertu dira alzheimer gunean, gehien babestua den tokian. Armadaren laguntzarekin Frantziako gobernuak behin behineko garbitze guneak eraikiko ditu Ipar Euskal Herriko zahar etxeetako sarreretan. Oihal etxe horien bitartez segurtasuna indartzea aurreikusten dute.
"Hauteskundeen ondotik egin bada ere, konfinamendua aski goizik ezarri zuten eta uholde handirik ez dugu jasan. Erietxeek ez dute gainezka egin Iparraldean", pozten da Xabi Xabaño Donibane Lohizuneko medikua. "Lana ez da ongi banatu ospitale publiko eta erietxe pribatuen artean", deitoratzen dute bere lankide batzuek.
Osasun krisiak aldaketa sakonak ekarri beharko dituela azpimarratu du LAB sindikatuak. "Babes neurri eta baliabideak ez dira beti errespetatzen eta profesionalak arriskuan daude", salatu du, besteak beste, Xan Brialy Baionako erietxeko langileak. "Munduko seigarren indarrean bat batean gaindituta agertu da. 40 urtez zerbitzu publikoaren suntsitzea gertatu ondoren, oraingo gobernuak amateur gisa joka-tzen du". Euskal erizain askok François Hollande presidentearen garaian Marisol Touraine osasun ministroak maskarak erostea eta biltegia berritzeari utzi ziola deitoratu dute. "Ez dut uste Parisek berandu erreakzionatu duenik, zientzialariak ere umilak dira eta elementu asko ezezagunak direla diote", adierazi du Vincent Bru Lapurdiko diputatu zentristak. "Suspertze zerbitzuen oheak bikoiztu ditugu eta orain Frantziak maskaren ekoizpena berreskuratu behar du."
Emmanuel Macron presidenteak Ipar Euskal Herrian itxialdia maia-tzaren 11an bukatuko dela hitz eman du. "Erabaki egokia da epidemia ez baita hasieran bezain latza. Orain argi da gehiago iraunen duela", dio Xabi Chabaño medikuak. Eskola hasteak arriskua dakar bere hitzetan baina garantzitsua berriz itzultzea, edo bederen etorkizuna prestatzeko data bat gogoan izatea. "Segurtasun neurriak beharko dira eta baliabideak zenbat diren neurtu beharko da ere", gehitu du Xabañok. Izurritearengatik Italian 127 mediku, 31 erizain eta 9 farmazialari hil dira. Frantziako estatuko zenbakiak ez dituzte oraindik eskaini. Kezka handia da baina osasungin-tzako profesionalek indar handiak egiten dituzte eta lan zama handirik gabe daudenean ez dute zalantzarik izaten lan asko dagoen guneetara joateko.
Txaloak. Osasungintzako profesionalek egunero sostengu zabala lortzen dute, ehunka mezu jasotzeaz gain arratsero milaka lagunek beren lana txalo zaparradekin eskerrak emanten baitizkiete.
Lana gaizki banatuta. "Lana ez da ongi banatu ospitale publiko eta erietxe pribatuen artean, deitoratzen dute medikuek eta erizainek, nahiz eta zentrook ez duten gainezka egin.
Maiatzaren 11an. Emmanuel Macron presidenteak Ipar Euskal Herrian itxialdia maiatzaren 11an bukatuko dela hitz eman du. "Erabaki egokia da, epidemia ez baita hasieran bezain latza", dio Xabi Chabaño medikuak.