Koronabirusak 9 lagun kutsatu ditu Ipar Euskal Herrian
- Hutsak dauden karriketan maskararik ez duten poliziek etxera joateko agindua ematen diete hainbat herritarrei Ipar Euskal Herrian egunotan. Hondartzetan eta mendian ibiltzea ere debekatua da. Kanpoan ibiltzeko baimen berezia idatzita beharrezkoa da joan den asteartetik eta agiria ez daramanari 135 euroko isuna eman diezaiokete.
Koronabirusak 9 lagun kutsatu ditu Ipar Euskal Herrian, hauen artean bat Atharratzen (Zuberoa) eta bertze bat Baionako zahar-etxe batean bizi den 86 urteko emazte bat. Bertako egoiliar guztiak bakartuta daude eta sukarra maiz zaintzen diete. Osasun sailak ez du daturik eskaintzen gaixoei buruz eta ez du jakinarazten nola kutsatu diren. Pirineo Atlantikoetan 27 kutsatu daude eta atzo lehen heriotza gertatu zen gizon bat zendu baitzen Paueko erietxean.
Izurriteari buru egiteko behin behineko bi erietxe zabaldu zituzten atzo Angeluko Elkartetxean eta Donibane Lohizuneko Kexiloa kirol gelan, eta gauza bera eginen dute laster Donapaleun. Bertan 42 medikuk lan egiten dute txandaka Baionako erietxearen lana arintzeko eta larrialdi zerbitzuak ez gainditzeko bat batean. Osasun saileko profesionalak kezkatuta daude maskarak falta zaizkielako beren burua babesteko. Zenbait zurgin, hargin eta enpresarik beren maskarak eskaini zizkieten atzo eta josten dakitenek neurrira egindako babesak prestatzen dizkiete elkartasunez.
Frantziako estatuko 13 milioi haur eta ikasle etxean egonen dira gaur bosgarren egunez jarraian. Hezkun-tza sailak aginduta Seaskaren ikastoletan ere bi erronka dauzkate: urrutiko irakaskuntza proposatzea eta zenbait ikastegitan ateak zabaltzea osasungintzan ari diren profesionalen seme alabei harrera egiteko. Milaka gaztek erabili ohi duten eskola garraioa bertan behera utzi dute osoki Hendaiatik Atharratzeraino.
Konfinatzearen agindua Italiak eta Espainiak baino geroago hartu arren, Europa mailan koherentzia gehiago behar litzatekela eta Frantziako gobernuak hartutako erabaki guztiak asumitzen dituela dio Edouard Philippe lehen ministroak. Joan den igandeko herriko hauteskundeak mantentzeko zientzialarien irizpideei jarraitu zietela eta izurritea uste baino lasterrago hedatu zelarik ezin izan zutela dena bat batean bertan behera utzi argitu du. Le Monde egunkariari emandako elkarrizketan Agnès Buzyn Frantziako osasun ministro ohiak dio gaitzak tsunamia eraginen zuela jakinarazi ziola gobernuari duela zenbait aste. Philippek zehaztu du horren berri zuela eta neurriak hartu zituela aspaldi munduan zehar dauden fran-tziarrak etxera ekarriz eta bilkurak antolatuz. "Serio hartu dut gaia bakartze zorrotzak aginduz baina zientzialari batzuek zioten ezin zela exajeratu" argitu du Matignongo jauregitik ahal bezain gutxi mugitzen baita orain bertatik.
Emmanuel Macron Frantziako errepublikako presidenteak iragarritako zergen ordainketen atzerapenaren aukera berandu datorrela salatu du Sébastien Carré Iparraldeko enpresa ertainen buruak. "Hauteskundeentzat bezala, dena berandu eta gaizki egiten dute. Ez dute neurririk iragarri autonomoentzat eta tokiko zergak ere arindu edo atzeratu beharko dira" dio Carrék. "Elkartasun ekonomikoa eta keinu indartsua behar dugu aste honetan bertan". Akitaniako gobernuak 50 milioi euroren funtsa sortu du Baionako Merkataritza Ganberak krisi batzordea eratu duelarik. "Kotizazioen ordainketen atzerapena baino anulazioa eskatzen dugu eta lanpostuak babesteko gaur bertan erabaki zorrotzak hartu behar ditugu" dio André Garreta Ganberako presidenteak.
Datorren igandean egin behar zen herriko hauteskundeen bigarren itzulia ekainera atzeratu du Fran-tziako gobernuak eta lehian dauden hautagaiek epe luzeagoa izanen dute itunak prestatzeko.
Euskal Hirigune Elkargoa, eta udal gehienen zerbitzu publiko gehienek ateak hetsi dituzte. Kanbon ur beroen guneak, Larresoron Ainziart-Bergara makila egilearen tailerra eta Lourdes-n otoitz leku guztiak hetsi dituzte lehen aldiz.
Temas
Más en Sociedad
-
Sabor a Euskadi: los sellos de calidad que cuidan lo que comemos
-
Reciben el alta nueve de los 22 heridos en el incendio de una residencia en Zaragoza
-
La investigación europea sobre el apagón se centra en un fallo en el plan de defensa del sistema
-
Guitrans alerta del déficit de transportistas y apuesta por atraer profesionales