donostia - Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) atzo argitaratu zuen 2018. urteari dagokion irakaskuntza pribatuaren gastuari eta finantzaketari buruzko txostena, eta agerian utzi zuen hezkuntza-zentro pribatuetako guztizko gastua %11,7 handitu zela 2015 eta 2018. urteen artean Euskadin.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek 2018an guztira izandako 1.149 milioi euroko diru-sarreren %62 itunen bidez jasotako diru-laguntza publikoetatik jaso zuten, aurreko ikasturteen antzerako ehunekoa delarik.

Horrez gain, ikastetxe pribatuek beren diru sarreren %34 kuoten bidez finantzatu zuten; %22 irakaskuntzari dagozkio, eta %9,3 zerbitzu osagarriei.

Guztira, familiek ordaindutako 389 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten, eta horietatik %65,6 irakaskuntzakoak izan ziren, %19 jantokikoak, %5,6 garraiokoak eta %7 jarduera osagarrietakoak. Gainerakoak beste zerbitzu batzuengatiko kuotei zegokion.

Irakaskuntza pribatuko sarea 220.000 ikasle baino gehixeagori zerbitzua eskaintzen dieten 472 ikastetxek osatzen dute, eta guztira 1.175 milioi euroko gastua izan zuen ekitaldi horretan; BPGaren %1,5 izan zen hori, eta urte arteko hazkundea %3,7koa.

2018an gastu korrontea 1.086 milioi eurokoa izan zen, 2015 eta 2018 artean %7ko igoera izan zuelarik. Guztizkoaren %92,4 izan zen gastu horretatik zatirik handiena langileentzako izan zen (%73). Bestalde, inbertsioak ere (89 milioi euro), nabarmen egin zuen gora (%24).

Zentro-motaren arabera, unibertsitate-aurreko mailetakoak izan ziren sektoreko gastu osoaren zatirik handiena egin zutenak (%86); unibertsitate-mailako ikastetxeek, berriz,%12a jaso zuten, eta arte-irakaskuntzakoek, %2.

2015 eta 2018. urteen artean, ikasle bakoitzeko irakaskuntza-gastua %3 hazi zen, eta 4.034 eurokoa izan zen Haur Hezkuntzan, 4.124 eurokoa Lehen Hezkuntzan, 5.268 eurokoa DBHn, 5.013 eurokoa Lanbide Heziketan, eta 1.286 eurokoa Helduen Hezkuntzan. Unibertsitatean ikasle bakoitzeko gastua 5.429 eurokoa izan zen, eta Arte Irakaskuntzetan berriz, 1.506 eurokoa. - M. Tolosa