Antzuolako Antigua auzoan lasaitasuna da nagusi goizeko 10.30ean. Mari Angeles eta Patri solasean ari dira. Zaratarik ez inguruan. Gauzak asko aldatu dira sei hilabetean. “Lasaitasun galanta daukagu orain. Gehiena kamioiekin”, diote. Patriren balkoiak GI-632 errepide zaharra parean du. “Oraindik ere badatoz kamioi batzuk, bertara datozenak. Hemen empresa handiak baitaude: Goizper, Elay? Baina ez du zerikusirik lehengoarekin. Ederki utzi dute. Uste nuen nire bizitzan ez nuela obra bukatuta ikusiko”, azaltzen du.

Ez da zarata kontua bakarrik. Beste aldera pasatzeko (Antigua industrialdea errepidearen bestaldean dago) jendeak arazoak zituen lehen. “Kotxe eta kamioi ilara handiak zetozen oso goizetik eta orain, aldiz, inongo arazorik gabe pasa daiteke”, dio Mari Angelesek.

Obrek luze jo dute. 2012an hasi zituzten lehenengo lanak eta zazpi urte itxaron behar izan dituzte an-tzuolarrek emaitza ikusteko. “Kotxeak oraindik tarteka pasatzen dira, baina esan daiteke herriak erakartzen duena etortzen dela bakarrik”, dio Mari Angelesek. “Antzuolan ere kotxe asko dago eta, baina ez dakizu zer lasai egon garen abuztuan”, gehitzen du Patrik.

Autobia berriak (A-636) bizitza aldatu diela aitortzen dute. Adineko emakumeak dira biak eta orain bizi duten lasaitasuna sekula ez omen dute izan herrian. Patrik badu, ordea, kezka bat. “Peajea (bidesaria) jartzen badute geroago, ez ote dira denak bueltan hemendik etorriko? Ez dakit ba? Espero dut ezetz”.

Herrigunean, Herriko plazan, zenbait bizilagunek ez dute aldaketa hain handia sumatu. Babesean bizi dira, errepidetik urrutiago eta kotxerik erabiltzen ez dutenek beste ikuspuntu bat dute. Horrela azaltzen du denda txiki bat duen emakume batek. “Nik ez dut gehiegi sumatu. Egia da, bidegorritik zoazenean nabaritzen dela. Lehen trafikoaren zarata barruraino sartzen zitzaizun, eta nik tarteka esaten nuen, bufff!. Errespetua ematen zuen. Pentsa-tzen dut etxeak errepide ondoan dituztenek beste iritzi bat izango dutela, baina hemen barruan ez dugu gehiegi nabaritu”.

Eta horrela da. Orain arte bizi izan duten egoera eta egungoa Pepita Edok azaltzen digu. Antzuolako ur parkearen ondoan bizi da adineko emakume hau, errepidea ondoan duela. “Gehien nabaritzen duguna kamioiena da. Oso gutxi ikusten ditugu eta horiek ziren zarata gehien ateratzen zutenak. Kotxeekin gutxiago nabaritu dugu, oraindik nahi baino gehiago datoz. Nire suhiak esaten du despistatuta egongo direla, ez zirela jabetuko bide berria egin dutenik”, dio txantxetan.

“Nire logelak errepide aldera ematen du eta lehen goizeko bostetan iadanik zarata hasten zen. Niri balkoian egotea gustatzen zait, baina zenbait ordutan ezin zenuen ezta lehioa ireki. Inpernu bat zen!”, dio Pepitak.

Aintzane Oiarbide foru diputatuak aitortzen du: “Pazientzia handia izan dute antzuolarrek. Obrek beti afekzioak sortzen dituzte. Pentsa, baserriak zirrikituekin egon dira urteetan eta orain behintzat planifikazio bat egin dugu etxe guzti horiek behar bezala uzteko”. “Uste dut jendea gustora geratu dela eta pakea suposatu duela antzuolarrentzat”, gehitu du Oiarbidek.