Bertso batek gaurkotasuneko gai baten inguruan kritika zorrotza botatzeko balio dezake, baina baita gorazarre egiteko ere. Bagera Donostiako Euskaltzale Elkarteko ikasle eta irakasleek bertsoaren forma erabili dute Cristina Enea Fundazioa zoriontzeko.
Ingurugiroaren alde egindako lana, eta lan hau aspalditik datorrela azpimarra-tzeko asmoz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteko ikasle eta irakasleek bertsoa prestatu dute Cristina Enea Fundazioarentzat.
Urte honetan zehar bere hamargarren urteurrena betetzen du Cristina Enea Fundazioak eta hiriko hainbat eragilek opari bana eskainiko dio hilabetean behin.
“Bere txikitasunean, handia zen guretzat” proposatutako erronka, aitortu du Begoña Altuna elkarteko ikasleak, “guretzat Cristina Enea zer esan nahi duen” bertso batean adierazi nahi zutelako.
Duela lau urte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazle izan zen Beñat Gaztelumendi irakasleak aitortu du “bertsolari moduan beti ilusioa egiten duela zerbait egitea, baino politagoa dela taldean zerbait egitea, bertsolaritzan ez baita ohikoa sormen lana taldekoa izatea”.
Hauxe, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Cristina Enea Fundazioari egindako oparia, abestutako bertsoa:
Kristina Enea aurten
duzu urtemuga
han arnasten ditugu
negu eta uda;
bizitzaren ardatzak
lurra eta ura
haiekiko guztiok
dugunez ardura
segi dezagun zaintzen
gure ama natura.
Doinua: Pasaiako plazatik