Haurra da etorkizuna, Zarauzko ikastolan erdigunean jartzen dutena. Ikaslearen izaera errespetatuz, formazio jarraian dagoen talde profesional eta egonkorrak ikasleak hartuko ditu, beso zabalik. Haurraren berezko garapen ahalmena sustatuz, irakaslea bidelagun izango du, hezkuntza marko pedagogiko eraldatzailean oinarrituta.
Hitz potolo horien atzean ezkuta-tzen da xehetasuna. Haurraren zailtasunak garaiz hauteman eta lagun-tza ildoak identifikatzeko, aurten, psikomotrizisten eta optometristen behaketa aditua txertatu dute ikasguneetan, haurrak bere osotasunean garatzen laguntzeko.
Espazioa ere horretara egokitu dute; espazio irekiak sortuz, txokoetan antolatuta, haurra eroso eta libre senti dadin.
Bestalde, euskaraz bizi da ikastola, bai ikasgelan, bai ikasgelatik kanpo. Hori apustu baten ondorio da: curriculum ofizialaz gain, euskal curriculumean ere oinarritzen baita proiektua. Euskal Herria aintzat hartu eta euskaraz bizi den komunitatea da ikastolakoa. Baina era berean, gaztelania eta ingelesa menperatuko dituzte ikasleek eleanitz proiektuaren bitartez, eta frantsesa aukeran izango dute.
Salbatore Mitxelena Kiva ikastola da. Haurraren askatasuna eta nortasuna errespetatuko da, eta horren zaintza estua egingo dute formazio jarraian dauden profesionalek. Honenbestez, haurrak kooperazioan oinarritutako talde-lanetan hazten eta hezten jarraituko du. LH5ean, EKI proiektuarekin hasiko da gaztea. Horren bitartez, beharrezko jakingaiez gain, bizitzarako oinarrizko izango dituzten gaitasun batzuk jasoko dituzte.
Herritik eta herriarentzat
Ikastola herritik jaio zen eta herriarentzat. Lokarri hori ez da eten. Izan ere, hartu-eman zuzena jorratzen dute ikasleek bertako erakundeekin. Jaso eta emanez aberasten dira, elkartasuna garatuz. Gainera, ikastolak sare oso bat du eskola orduetatik kanpo: Etxebeltz bertso eskola, xake eskola, psikomotrizitate saioak, ingeles-udalekua Jangela autogestionatua da eta inguruko baserritarrei erositako produktuekin egunero bertan egindako bazkari ondua ematen da.
Hezkuntza komunitate honek hiru ardatz nagusi ditu: irakasle eta langileak, ikasleak eta gurasoak. Guztion artean egiten da ikastola. Hartu-eman estua dago hiru erpinen artean, eta horrek ahalbidetzen du, esaterako, aurten egokitu den jai erraldoia aurrera ateratzea: Kilometroak. Auzolanean, nork beretik emanez, giro ezinhobean murgilduta daude Zarautz osoari egun oparoa igaroaraziko dion euskararen aldeko festa prestatzen. Informazio gehiago: www.zarauzkoikastola.eus.