DONOSTIA - Emakumeak leman hi- tzaldi zikloaren baitan, Emakumeen euskara batua jardunaldia antolatu zuten atzo Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutoak eta DeustoForumek. Euskara batuan emakumeek zer leku izan duten eta gaur egun zer leku duten aztertzen aritu ziren Irene Arrarats (kazetaria eta itzultzailea), Miren Azkarate (euskaltzaina, hizkuntzalaria), Itxaro Borda (idazlea), Arantxa Urretabizkaia (idazle eta kazetaria) eta Juan Luis Zabala (idazlea) moderatzaile lanetan.
Atzokoa jardunaldi berezia izan zen arrazoi ugarirengatik: alde batetik, aurten 50 urte bete dira Euskaltzain-diak euskararen eredu bateratua bultzatu zuenetik, hots, euskara batuaren jaiotza ofizialetik. Eta bestetik, Euskaraldia. Lehengo asteko ostiraletik hona egunero Euskaraldi hitzaren letra eta kontzeptu bana lan-tzen dihardu. Atzo “L” letra eta horri lotuta “lorpena” kontzeptua erabili zuten, ezin kontzeptu egokiagorik suertatu jardunaldirako.
Euskararekin harremanETAN Arantxa Urretabizkaiak ikasketak erdaraz egin zituen baina etxean gipuzkera hitz egiten zuen. Gaztetatik Garoa eta Kresala irakurtzen alfa-betatu zen eta berehala konturatu zen “euskarari mende askotan gertatu zaion gauzarik hoberena euskararen batasuna izan dela”. Baturik gabe, “ez genuke unibertsitaterik, hedabiderik ez literaturarik, ez ezer”.
Itxaro Borda euskal baserritar fami-lia batetik dator, gaztetatik euskaraz hitz egin du baina sei urtetatik hama-bi urtera arte ez zuen eskolan hizkun-tza erabili. Herriaren moduko astekariak eta Gabriel Arestiren idatziek influentzia handia izan dute Baionan jaiotako idazlearengan. “80. hamarkadak Zeruko Argian idazten harrapatu ninduen eta bertan euskara batua eta iparraldekoa batzen genituen collage baten modura”.
Miren Azkaratek euskara etxean ikasi zuen eta tokiko euskara egiten zuen, hau da, “familia guztia bergara-rra izanik Bergarako tokiko euskara hitz egiten genuen”. Horregatik, hasie-ratik normala izan zen berarentzat kalean euskara mota bat hitz egitea eta kanpoan beste bat. “Etxean Zeruko Argia irakurtzen zen eta hasieratik oso garbi izan nuen batuak gizartean sortzen zuen eztabaida”.
Irene Arraratsek etxean euskaraz hitz egin du betidanik baina ikasketak erdaraz gauzatu ditu: “Esan dezaket modu naturalean sartu nintzela batuaren munduan izan ere, Hernaniko institutura iritsi nintzenean kulturzaletu egin nin-tzen eta kulturzaletu nintzenez, nahi eta nahi ez batuzaletu nintzen”.
Euskalkien influentziA Euskal Herriko herri eta hiri askotan badago euskara batua baztertzen duen jendea. Arrazoiak arrazoi, askok, identifikazio kontua dela esaten dute, “batuan ni ez naiz ni sentitzen” eta horrelakoak entzuten dira maiz. Badago joera bat batutik ihes egiteko.
“Gogoratu beharko genuke Koldo Mitxelenak esandakoa, euskara batua irakaskuntzarako sortu zela eta hedabideetan eta literaturan erabiltzeko euskara bateratzaile bat behar zela”, gogorazi zuen Azkaratek. Hein handi batean, helburu hori lortu da baina argi izan behar da lagunekin hitz egiteko modua eta idaztekoa desberdinak direla. Azkaratek esan zuen moduan, “etxeko euskara ez da inoiz eskoletan irakatsiko, beraz, eredu bakoitza behar den eremuan jorratu beharko da”. Bide honi jarraituz, Arraratsek beste ikuspuntu bat plazaratu zuen: “Oraingoz ez gara gai erregistro bakoitza noiz eta nola erabiltzeko, erdaraz ondo bereizten dugun bitartean”.
Ildo honetatik, Urretabizkaiak beste ikuspuntu bat jarri zuen mahai gainean: “Iruditzen zait 1968 inguruko batuaren lehia horretan ez zetozela bat jarrera politikoa eta hizkuntzarekiko jarrera. Momentu hartan eskuinari legokioke jarrera kultista bat eta ezkerrari jarrera populista bat, baina aldrebes gertatu zen”.
Euskara batua eta emakumea Parte-hartzaile bakoitzak bizi-esperientzia desberdinak izan ditu euskara batua eta emakumearen gaiaren inguruan. Azkaratek Euskaltzaindian sartu zenetik harreman positiboa eta “normaltasun handikoa” bizi izan du gizonezko lankideekin, nahiz eta hedabideekin gauzak beste modu batera izan diren. “Hedabideak arrotzak izan dira nire ibilbide profesionalean behin baino gehiagotan emakume izateagatik”.
Urretabizkaiak, berriz, emakume izateagatik jasan ditu irainak, gehienak idazteko moduagatik: “Nire literatura hormonatua da”, baina gizonena ere”. Arraratsek argi dauka: “Emakumeak apartak ez badira ez dira lekuetara iristen eta gizonezkoekin ez da berdina gertatzen”. Bordarentzat, berriz, “badaude atzerriko hizkuntza batzuk ez dutenak emakumearen papera onartzen”.
1968. urtetik hona izan diren aurrerapauso zein atzerapausoak agerian geratu ziren atzo lau emakume hauek agertutako testigan-tzen bidez.