“Euskara ez da hizkuntza bat bakarrik: zerbait berezia da, beste hizkuntza eta kulturaz apartekoa”
ikaztegieta - Tarba Dedah Saharan jaiotako euskalduna da, duela zortzi urte Euskal Herrira etorri zena. Soraluzetik eta Amezketatik pasa eta gero, Ikaztegietan bizi da gaur egun bere guraso eta anai-arrebekin. Gaztelera, euskara eta hassaniera menperatzen ditu, eta arabiarra eta ingelera ikasten ari da. Gaur egun batxilergoko lehenengo mailako ikaslea da Tolosan. Euskaraldian belarriprest rola beteko du.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
-Gutxi gora behera duela 8-9 urte etorri nintzela, aurretik Salamancan bizi izan nintzen 5-6 urtez.
Zure jaioterrian badago euskararen egoeran dagoen hizkuntzarik?
-Saharan ez da arabiarrez hitz egiten jende askok uste duen moduan, beste hizkuntza batean hitz egiten da: hassaniera. Saharako kanpamentuetan hitz egiten den hizkuntza da, ez dauka zer ikusirik arabierarekin, eta jende kopuru handi batek hitz egiten du.
Egunerokotasunean zein hizkuntzatan hitz egiten duzu?
-Zoritxarrez gaztelaniaz. Gurasoekin hassanieraz, eta batzuetan gazteleraz ere. Lagun minekin eta kuadrilakoekin ia dena gaztelaniaz egiten dut, baina ezezagunekin gehienbat euskaraz.
Zeren arabera erabakitzen duzu pertsona bati hizkuntza batean edo bestean zuzentzea?
-Ezezagunei beti saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, behintzat lehenengo hitza euskaraz izaten. Gustatzen zait, eta uste dut euskalduna izanda ez dudala zertan gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzatan hitz egin beharrik. Gainera, besteei entzuten dizkiedan aditzak edo niretzat ezezagunak diren esaldiak entzutea gustatzen zait eta hauek ikasten saiatzen naiz. Uste dut ez dagoela modu hobeagorik hitz egiten ikastea baino.
Nola eta noiz hasi zinen euskaraz hitz egiten?
-Etorri nintzen momentuan. Hasieran asko kostatu zitzaidan, batez ere hitz egiterako garaian. Hala ere, inguruak asko lagundu zidan. Nik gaztelania oso ondo nekien baina inguruko jende gehienak euskaraz hainbeste hitz egiten zuenez, esan dezaket lana asko erraztu zidatela.
Zergatik erabaki zenuen Euskaraldian parte hartzea eta Tolosaldeako hamaikakoaren parte izatea?
-Tolosako Galtzaunditik, euskara elkartetik, proposatu zidaten. Behin eskolan egin genuen euskararen aldeko proiektu batean parte hartu nuen eta honen ondoren berriro topo egin nuen zonalde honetako Euskaraldiaren arduradunekin. Haiek aukera eman zidaten eta ez nuen zalantzarik izan, uste nuelako aukera polit bat zela niretzako. Gainera, besteengan eragin nezakeela pentsatu nuen, lagunak euskaraz egitea behartuko nituela, aitzakia on bat izango zela. Proiektu honekin zerbait aldatzeko aukera dagoela uste dut.
Beraz, lortu duzu zure ingurukoak ere proiektuan inplikatzea?
-Nire lagun minetako bat Saharakoa da ere bai, eta duela lau urte etorri zen Euskal Herrira. Dagoeneko badaki euskaraz, ulertzen du eta hitz egiterakoan ere badu maila minimo bat, baina lotsa ematen dio, pauso hori falta zaio. Proiektua goitik behera azaldu nion eta lortu dut anima-tzea, ahobizi moduan. Hori oso pauso garrantzitsua dela uste dut.
Zein da zailtasun handiena hona etortzean?
-Ziur naiz praktikan jartzea zailena dela, adibidez, aditzak erabileran jartzea oso zaila iruditu zitzaidan, hizkuntzaren zati konplikatuena dela uste dudalako.
Zergatik belarriprest?
Lehenengo hitza beti euskaraz esaten dut eta ez daukat bat ere arazorik euskaraz hitz egiteko. Besteek daukate arazoa nirekin euskaraz hitz egiterako garaian, beraz, gainontzekoak nirekin euskaraz aritzera behartzeko aukera bat bezala ikusi nuen. Ez nion logika handia ikusten ahobizi rola aukeratzeari, dagoeneko euskaraz egiten dudalako eta ez litzakeelako izango erronka bat ez niretzat, ezta besteentzat ere.
Pertsonalki zer espero duzu lortzea esperien-tzia honekin?
-Euskara bera gehiago ikastea. Gainera, nire-tzat euskara ez da hizkuntza bat bakarrik, zerbait berezia da, kultura oso bat, eta zerbait apartekoa, beste kultura eta hizkuntzekin zer ikusirik ez duena. Munduko leku txiki batean bakarrik hitz egiten den hizkuntza bat, jatorri ezezagunekoa, urte pila bateko historia daukana... zerbait berezia dela iruditzen zait eta denok baloratu beharko genukeena.
Uste duzu Euskaraldiak gure ohiturak aldatzea lortuko duela?
-Nik uste dut baietz. Euskaldun pila batek eman du izena eta hainbeste jende inplikatuta dagoela ikusita, uste dut emaitza oso onak emango dituela. Askotan entzuten dugu euskara erabiltzen ez badugu, desagertu egingo dela, eta horrela esanda badirudi jendeak ez duela jaramonik egiten. Aldiz, proiektu desberdinak agertzen direnean jendea prest agertzen da.
Más en Sociedad
-
“Debemos trabajar para construir una sociedad más inclusiva, cohesionada y justa”
-
“La violencia y el racismo no pueden tener cabida en este pueblo”
-
Euskadi registra más de un rescate en montaña al día, principalmente a montañeros y senderistas
-
A prisión un cura de Burgos por engañar a menores para hacerse con imágenes íntimas