beasain - Suaren bueltan elkartuko dira beste behin ere bihar iluntzean beasaindarrak, Mariren jaitsiera egiteko asmoz, dantza nagusi izango delarik. Loinazko San Martin plaza urtero jendez beteta izaten da eta emozio handiko uneak izan ohi dira herritarrentzat. Hain zuzen, Loinatz jaien hasiera eta ohitura zahar hau ospatzeko elkartuko dira 22.30ean plazan.
Aurrez, leku berean, 18.00etan, emango zaio hasiera ofiziala ohiko txupinazoa jaurti ondoren. Ume eta gaztetxoek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin eta aurten Andramendi ikastolakoen ardura izango da. Segidan musikak hartuko ditu txoko guztiak, Mariren jaitsiera ondoren gertatuko den bezalaxe; hain zuzen ere, Hell Beer Boys talde beasaindarra berriz ere txozna gunean izango da, Azken Sustraiak, Aurrez Aurre, Las Tuerkas eta DJ Mintx taldeak bezala. 23.00etan hasita, Bideluze plazan Puro Relajo eta Hell Ryders taldeek ere eskainiko dituzte kon-tzertuak.
Larunbatean, berriz, danbor hotsak izango dira nagusi. 12.00etan irtengo dira Igartza auzotik eta ordubete beranduago elkartuko dira plazan Koskola txaranga eta Musika Eskolako bandarekin batera. Bertan egingo dute danborradako bilkura. Iluntzean, helduen danborradaren txanda izango da eta hauek ere Igartza auzotik aterako dira 19.00etan. Bertan joaldia egingo dute eta ondoren Ezkiagaraino joango dira. Plazako joaldia, berriz, 21.00etan izango da. Aurten kupel berriak Aitz Zorrotz elkarteak jaso ditu, 32 guztira. Iluntzean, txozna gunean berriz ere kontzertuak izango dira; besteak beste, Nuevo Catecismo Católico, Palmeras Stuck eta Repercusion. Bideluze plazan, bestalde, Munch eta Su Ta Gar taldeak izango dira ikusgai.
Igandean, Udalbatzaren ohiko soka dantza ikusi ahalko da plazan 12.30etan hasita eta arratsaldean hainbat dantza eta kale emanaldi izango dira.
errespetuz Udaleko ordezkariek herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin jaietan mantenduko diren prebentzio kanpaina ezberdinak jarri ditu martxan. Hain zuzen, Bizi ditzagun! leloa izango da aurtengo jaietan denda eta tabernetan salgai aurkitu ahal izango diren festetan eramateko lepoko zapiak eramango dutena. Festak “errespetuz” bizitzeko ere gogoratu dute udaleko ordezkariek.