Jon Andoni Feliziano Irazusta gizon eta abertzale ezaguna zen Anaiarteko Gerra aurretik ere. EAJko militante eta karguduna, Madrilgo Gorteetan diputatu, Gipuzkoatik II. Errepublika garaian. Abokatu, euskaltzale eta kultura handiko gizona. Zintzoa, ona, atsegina eta zorrotza bere buruarekiko. Gutxi izaten diren bezalako hizlaria euskaraz nahiz gazteleraz. El Día egunkarian sarri idazten zuen, Jon Andoni izena erabiliz, euskara erraz eta ederrean. 1932an, Antzerti aldizkaria sortu zuen lagun Antonio Maria Labaien eta Ixaka Lopez-Mendizabalekin batera.

Gaurko gure protagonista Tolosan jaio zen, 1884ko ekainaren 9an. Bost senideko familia batean zaharrena zen, ondoren Maria, Jose Mari, Santos Jesus eta Rosario zituela. Herriko Eskolapioetan lehenengo ikasketak egin eta Zuzenbide ikasketak burutu zituen Deustu eta Madrileko unibertsitateetan. 1910etik aurrera bere lanbideari ekin zion, baserritarren eta nekazaritzako gaietan sakonduz bereziki. Enpresari familiakoa zen, baina ELA sindikatuan afiliatuta zegoen. Langileen alde nabarmendu zen beti, Uzturre zenak aitortu ohi zuenez.

1936ko Gerra Zibilak Tolosan harrapatu eta, bere bizia arriskuan zegoela ikusita, Donostiara, eta handik Donibane Lohizunera joan zen, anaia Santos Jesusekin. Iparraldean eta Bartzelonan bizi ostean, Panamarako bidea hartu zuten biek eta handik Bogotara. Jon Andoni Puerto Rikora joan zen, Kolonbiako ohorezko kontsul. Anaia Kolonbian gelditu eta Jon Andoni, bere ama eta arreba Rosariorekin elkartu zen Puerto Rikon. Han amaitu zuen nonbait Joañixio bere lehenengo eleberriaren idazketa.

Hurrengo bizilekua Buenos Airesen izan zuen; aldi batean Kordoban ere bizi izan zen, Perura abiatu baino lehen. Ezagun egin zen Argentinako lurraldean ere bere idatziak zirela bide; eta hantxe hartu zuen apaiz eta mixiolari izateko erabakia. 1947an hasita Kolonbia eta Peruko Pasiotarren delegatu zen Martin Elorza elgetarrarekin izan zituen harremanek berehala eman zuten beren fruitua eta bere bizitzako helburua mamitzeko bidea eman zioten.

Atzerrian nobelagile Bada hortarako hainbat gai, baina ez gara luzatuko hemen bere nobelagin-tzaren merezimenduak aipatzen, lehen ere egina dago-eta neurri batean (K. Mitxelena, L. Villasante, Ildefonso Gurrutxaga, G. Garate etab.). Alabaina, egin izan diren kritika eta aipuak idazlearen aldekoak dira orohar. Villasanteren iritziz, "Joañixio euskaraz inoiz idatzi den libururik atsegin, natural eta benetakoena da. Erraztasun, jakin-min eta atsegin handiz irakurtzen da. Estiloa ez da Garoaren parekoa. Arinagoa, motzagoa eta bizkorragoa, biziagoa baizik".

Gerra ondoren euskaraz idatzi zen lehenengo eleberria da, seguruenik. Bere herritar eta lagun Ixaka Lopez-Mendizabalek Buenos Airesen zeukan Ekin argitaletxean plazaratu zuen, 1946an, Puerto Rikotik Argentinako hiriburura joan zen urte berean.

Eleberriaren mamia: Amezketako malkar batean dagoen Etarte baserriko semea Argentinako Pampetara doa, gurasoen eta, batez ere, amaren gogoz. Txanpon batzuk aurreratu, 35 urtez lanean saiatuta, eta berriro etxera itzultzea erabaki du, eta berak baino hogeita hamabost urte gutxiago dituen iloba batekin ezkondu. Semea eta alaba izan dituzte. Huraxe poza!

Ameriketara joan eta hango bizimodura ohituta, hainbestexe kosta zaio etorri eta baserri-girora egitea berriro, ez baitu asebetetzen baserriak, eta triste da Joañixio.

Hasieratik da hunkigarria nobela. Bere amari eskaintzen dio, honelaxe: Nere ama zanari. Zure seme maiteak, illobi aurrean eskeintzen dizu, zuk erakutsitako izkuntzan jaio zaion bere seme maite 'Joañixio'.

Bigarren eleberria da Bizia garra-tza da. Hau ere Buenos Airesen argitaratu zuen, Ekin argitaletxean, 1950ean. Aurrekoaren antzekotasun handia du estiloz eta egituraz. Bere bizitzako gertakari eta helburuetan du oinarri. Euskararen defentsa nabaria da funtsean. G. Garateren iritziz, "Joañixio eta Bizia garratza da 1957 urtera arte idatzi diren erromanik onenak dira eta gero ere ez dira asko helduko horien mailara, adierazia eta adierazlea, biok kontuan hartuz".

Moyobambako Prelaturan Hasierako ezbai eta zalantza askoren ostean, azkenik onartu zuen Martin Elorzak Moyobambako Prelatura hasi berriaren Administrari Apostoliko ardura, 1949 urte hasieran. 1953an bertako gotzain izendatu zuten, Amazonia baztergabean Eliza berri bat sortzeak zituen buruhauste eta oztopoak bere gain hartuta.

Egun hauetan zabalkiro aipatuko dugun Martin Elorza gotzaina, Elgetan jaio zen, 1899an. Erlijiosoen gidaritza eta gobernatze-lanetan esperientzia handia zuen, eta mixiolari nekaezinaren espiritua. Garai hartan langile-mixiolari berriak behar zituen bere eginkizuna ondo burutu ahal izateko, Prelaturako eskakizunei erantzunez. Pasiotarren Kongregazioak laguntasun berriak noiz-nola bidaliko zain zegoen Jon Andoni Lima-Perura iritsi zenean, 1950ean, eta aukera ona ikusi zuen eliz-buruak, bidali zizkioten lehenengo laguntzaile pasiotarrekin bateratsu heldu baitzen tolosarra.

Liman izan zen garaian, San Isidroko pasiotarren etxean bizi izan zen Irazusta. Eta hango egoera ikusi eta gogoeta serioak egin zituen, Ande mendi-kate handia pasatu eta mixiolari-bizitzako zereginetan sartu aurrez. Elorzak pozik hartu zuen bere babesean, kultura eta balio handiko pertsona zen-eta laguntzera zetorkiona.

Moyobamba herri handia zen ordurako, 9.000 bizilagun bazituen, eta San Martin Departamendu lurralde zabalak zeregin asko zuen. Behin hara heldu zenean, zenbait lan eta ardura beregain hartu zituen Irazustak, besteak beste, berak antolatutako Círculo Católico de Estudios. Aldi berean, garai bateko mixiolur eta bere inguru-giroko kronistatzari ekin zion, gero Redención aldizkarian (Deustu-Bilbo) argitara eman ziren artikulu bikainak ida-tziz. Hamazazpi idazlan argitaratu zituen han egin zuen egonaldian, gaztelera aberats eta argian, Terciario pasionista edo Jai Terpas goitizenaz lehenik, eta gero Jon Andoni izenez. Idazlanok goiburu orokorra zeramaten: Desde Moyobamba.

Erabili zituen gaiak, gehienbat, lehenengo mixiolarien lanari eta pastoralgintzari, oihan baztergabe hartako bizilagunen erlijio eta gizarte-ohiturei dagozkie, hango fauna eta flora, eta geografiari buruzko ohar interresgarri asko tartekatuz. 1950eko idazlanetako batean kontatzen du lehenengo aldiz Andeak pasatzean zer-nolako inpresioa egin zioten, "5.000 metro goitik hegan, harkaitz biluziak eta landare izpirik gabeko mendilerroen ikuskizun ikaragarriak, ikuste hutsak beldurra ematen duten amildegiak?".

Horren guztiaren ostean, anabasa eta ezina aurkituko zuela uste zuen lanbide berrian, baina ez zen holakorik izan, zorionez. Herrialde ederra iruditu zitzaion Moyobambakoa, bere sorterria bezalakoxe, mendiz inguraturik.

Ez zuen lehen pertsonan eta bere buruaz hitz egin nahi izaten, jarrera hori egoistaegia iruditzen baitzi-tzaion: "Norberekoikeriak baztertu egin behar dira ahal den neurrian, oso itsusiak dira-eta" (1951ko Az.)

Apaiz egitea Apaiz izateko helburu sutsuz heldu zen Jon Andoni Moyobambara, eta pasiotar erlijioso izateko amets betez. Horixe nahi zuen Elorzak ere. Baina Pasiotarretan profesioa egiteko oztopo handiak ikusi eta -artean ez zuten nobizialdirako tokirik Ameriketan-, apaizgintzarako zegozkion ikasketak egiten hasi zedila agindu zioten. Urteetan aurrera joan eta gizon ikasia izaki, Teologia ikasketak egiteko epealdia labur ziezaiotela eskatu zuten Erromara. Bitartean lanean jarraitu zuen, ordea, lehen aipaturiko Círculo Católico de Estudiosen, elkarte hartan biltzen baitziren maisuak, epaileak, legegizonak, medikuak eta abar. Hilean hitzaldi bat ematen zuen gutxienez, zientzia, erlijioa edo apologetika gai ezberdinei buruz.

Elorzaren biografoek diotenez, bere ahalegina eta Limako Nuntziaturaren gogoa hala izaki eta laster heldu zen Erromako baimena, eguna izendatu eta apaiz ordena zezaten berehala, Teologia ikasten gero jarrai zezan, harik eta amaituko zuen arte. Baimen hori 1951ko apirilean heldu zen, eta urte hartako irailaren 9an apaiz ordenatu zen.

Apaiz egin eta Limako Nuntziaturan Pasiotarren ardurapean zegoen San Isidro elizan eman zuen lehenengo meza, astebete beranduago. Meza berriko aitamabitxiez gainera, mixiolari pasiotar asko bildu zen, eta beste egitekorik gabe Buenos Airestik etorri zen bere lagun Aita Migel Altzo kaputxinoa sermoia egitera.

Tarapotora bidali zuten apaiztu ostean, Prelatura barrutiko herririk jendetsuenera. Handik aurrera ida-tzi zituen artikuluetan ere Desde Moyobamba goiburua erabili zuen, ordea.

Hamaika aldiz amestutako apaiz egiteak beretzat zuen esanahia adierazteko oraingoan bere buruaz hitz egin nahi zuela aitortu zuen, biho-tzeraino sartuta baitzuen: "Nire bizi-tzako ospakizunik handiena, apaiz egitea. Horixe baita gertakaria: Jon Andoni apaiza dela gaur. Gizon batek nahi lezakeen mailarik gorenena lortu baitut. Goretsi ondasun mugagabe hau eman didan gure Jaungoikoa!"

Heriotza Iritzia ezin hobea zuen gaurko protagonistari buruz ongi ezagutzen zuen A. Martin Elorza argiak, eta informe hobezinak bidali zituen Erromara. Bere eskutitzetan agertzen dira eurekin egon zen bi urte eta hilabetean Jon Andonik egindako lanik gehienak. "Prelaturako lege-aholkulari izendatua izan zen eta bere zerbitzu eta apaiz izateari zegozkionak oso ondo bete zituen Tarapoton, parrokia hortara atxikita zegoenez", dio Elorzak.

Eginkizunez gainezka zebilen eta hilabete gutxiren buruan gaixotu egin zen Jon Andoni. Onbeharrez Limara eraman zuten, han hobeki zaindu zezaten. Hala ere, berehala hil zen, 1952ko martxoaren 4an.

A. Martin Elorzak begirapen eta maitasun handiz zaindu zuen gaixo egon zen artean eta ustegabeko bere heriotzaren ondoren, merezi zuen bezalako hileta egiteaz arduratu zen pertsonalki, ehorzketako gastuak ordainduz.

Laster zabaldu zen Irazustaren heriotzaren berria eta penaz hartu zuten hura ezagutzeko aukera izan zutenek. 1952ko maiatzean argitaratu zen bere azkenengo idazlana, Redención aldizkarian: bere gaixotasun eta heriotzaren susmoa nabarmen ikusten zuela dirudi.

Gregorio Arrien pasiotarra eta Historian doktorea da. Haren lan historiografikoaren ardatz izan dira, besteak beste, Pasiotarren eta hezkuntzaren historia eta euskal umeen erbestaldia. Gerra Zibilean Erresuma Batura ebakuatutako umeei buruzko historia bat kaleratu berri du, Sabino Arana Fundazioak argitaratuta.

Joxemari Iriondo

Kazetaria, Herri Irratian eta EITBn. Euskal kantugintzaren, bertsolaritzaren eta euskal kulturaren eragile. ETBko eta Eusko Irratiko zuzendari izana. Euskararen Aholku Batzordeko kide.

Ohorezko euskaltzaina eta Euskaltzaindiko Herri Literatura saileko kidea, besteak beste.