Síguenos en redes sociales:

Buruhaustea gozamen bihurturik

Jendaurrean ARITZEKO funtsezko gakoak ESKAINI DITU Andoni EgaÑa BERTSOLARIAK Uda Ikastaroetako tailerrean

Buruhaustea gozamen bihurturikRuben Plaza

ZERI diozu beldurrik handiena? Horrela ekin zion Andoni Egaña bertsolari eta idazle entzutetsuak atzo EHU/UPVko Uda Ikastaroen baitan eskaini zuen hitzaldiari. Orotara, 20 orduko tailerra zuzendu du zarauztarrak, bi jardunalditan banatuta, eta partaideen erantzuna txalotzekoa izan da.

Miramar jauregiko kanpoaldean eguzki izpiek gogor jotzen zuten bitartean, eta Kontxako badiaren itxura paregabeak uretan murgiltzea eskatzen zuen momentuan, lagun ugari bildu ziren Egañaren aholkuak jasotzeko asmoz. Eguraldi erakargarriaren tentazio oro alde batera utzi eta adin zein toki anitzetako 100 entzule inguruk tailerraren aldeko hautua egin zuten, artistaren esanetan, "norbere prestazioak hobetzeko gogoarekin eta publikoki hizketan ikasteko".

Jendaurrean aritzea egunero bete beharreko jarduera da eta betidanik izan da zeregin zaila, kasu formaletan zein informaletan. Horren ondotik, tailerraren xedea buruhauste edo sakrifizio hori gozamen bihur-tzea zen eta hasierako helburuak soberan bete dituzte antolatzaileek. Lantegi gertukoa eta dibertigarria izan da, aspektu teorikoak jorratzeaz gain, umoreak txoko handia hartu baitu.

Andoni Egañak algaraz zipriztinduriko aholkuak partekatu ditu egunotan entzuleekin, momentuko gaiak era barregarrian, ulerterrazean eta eraginkorrean landuz. "Lantegi honek urteetan zehar jendaurrean lortu dudan esperientzia partekatzeko balio izan dit", adierazi zuen. Zalantzarik gabe, hizlariaren prestazioak eta hurbiltasunak bertaratutakoen parte-hartzea ahalbidetu du, solasaldi bizia eraikiz. Tailerrak iraun duen bitartean, feedbackean oinarrituriko ariketak nagusitu dira komunikazio prozesuan sumatzen diren beldurrak eta mamuak uxatzeko. "Putzura bota eta trebatzea gomendatzen diet, edonor delako gai jendaurrean hitz egiten hobetzeko", gaztigatu zuen.

Lantegia hiru hanken bueltan finkatu da. Jendaurrean aritzearen zailtasunen jabe egitea da aurreneko pausoa. Horren ostean, autoebaluaketa prozesuaren bidetik hobetu daitekeela sinistu behar da eta azkenik, horiek praktikan jarri.

Inprobisatzearen arriskuak

Bertsolaritzaren oinarriekin apurtzen

Inork aurkakoa pentsa balezake ere, Egañak ahalik eta gutxien inprobisatu behar dela irizten du. Bertsolaria den aldetik, bere jarduna inprobisazioan oinarritzen da; dena den, jendaurrean hizketan aritzerakoan kontuak erabat alda-tzen direla dio zarauztarrak. "Ohituta ez dagoenak hobe du aurrez prestatu duena puntuz puntu jarraitzea. Aldiz, konfiantza handia izanez gero, posible da gidoitik pixka bat aldentzea", iradoki zuen. Zentzu horretan, Andoni Egañak aurrelanaren garrantzia goraipatu zuen, diskurtsoan garatuko diren gaiak prestatu ezean hitzaldiak ez duelako "ez hanka eta ez buru" izango. Edonola ere, informazio jarioarekin ez da aski, estrategia egokiak txertatu behar zaizkio. "Hitzaldiaren helburua testuinguru batera egokitzen jakin behar da nahitaez. Sarritan, gauzak esateko moduari ematen zaio garrantzia, baina funtsezkoa testuinguruari erreparatzea da", jakinarazizuen.

Hala, bertsolari zarauztarra umorearen gainean ere mintzatu zen eta gaitasun berezirik ez duen edonork sor dezakeela azpimarratu zuen, beti ere lanketa sakona eginda. "Berezko zerbait izan ezean, umorea sortzen ikasi daiteke, baina horretarako egunerokoan mihian izaten ditugun gaiei logika apurtzen eta zentzua erabat aldatzen jakin behar da", ohartarazi zuen txantxa artean.

Ildo beretik, Lazkao Txikiren ahots tonuaren kadentziak jendaurrean hitz egitean garrantzitsuak direla nabarmendu zuen, hizketaldi monotonoak saiheste aldera. "Ahots entonazioan enfatizazioak egon behar dira. Nahita erori, indar gehiagorekin altxatzeko. Gorputz jarrerekin ere lortu daiteke jendearen konplizitatea. Esate baterako, tokiz mugitzea komenigarria da publikoarengandik hurbilago egoteko eta solasaldiari dinamismoa emateko", gehitu zuen.

Gainera, azkenaldian, ikastaroaren perfil aldaketa nabarmena agerian geratzen hasi dela uste du Egañak: "Lehen, ikasle gehiago etortzen ziren; orain, aldiz, ikasketak bukatuta eta ofizio batean murgilduta daudenak datoz, hori baita norbere ofizioan hobetzeko modua, jendaurreko hizketa garatzea, alegia".