donostia. "Euskaratik eta euskaraz" sortu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hizkimizki.com webgunea, "mundura salto bat" egiteko asmoz. Funtzionamendua, zera: datu basean 43 hizkuntzatako 300 bat hitz dituzte gordeta, eta aplikazioaren bidez, hizkuntza guztiak konbinatzea lor-tzen dute. Hala, 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen dira, guztiak ere inprimatu eta poltsikoan sartzeko erosoak. Hizkuntza horietako asko, gainera, lehendabizikoz gurutza-tzen dira elkarrekin, aragoiera-nepalera, fula-islandiera edota quechua-nepaliera, kasu.
Hori bai, helburu nagusia jendea euskararen mundura hurbiltzea izanik, eduki asko bertako erreferentzietatik daude sortuak: euskara elkartea, gaztetxea, Basauri, Elgeta eta Aretxabaleta, Ba al dakizue euskaraz? eta antzekoak mintzaira denetan ageri dira. "Esan dezakegu Hizkimizki euskararen enbaxadore izango dela munduan", adierazi du Eider Elkorok, proiektuaren arduradunak.
ametsa egi bihurtzen Abiapuntua Auzokon dauka Hizkimizkik, euskaratik urrun bizi diren herritarrak hizkuntzara gerturatu asmoz Topaguneak martxan jarritako egitasmoan. Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, eta ondare hori zain-tzeko asmoa dute Auzokokoek. "Beste jatorri batzuetako herritarrekin oinarrizko hiztegitxoak lan-tzera jo genuen. Egile izan zitezkeenak identifikatu genituen, egitasmoaren berri eman, kafe bat har-tzera gonbidatu, eta lanean jarri. Ez dugu ezetzik jaso, jendea prest, pozik eta ilusioz agertu da", azaldu zuen Elkorok.
Hiztegi horiek argitaratu eta, datu basea materialez lepo zeukatela ikusirik, "amesten" hasi ziren. "Orduan konturatu ginen guztiak konbinatu genitzakeela", gogoratu du Elkorok, "eta programatzaile mordoarengana" jo zuten. "Eska-tzen genuena ez zen kontu erraza, zailtasunak eta oztopoak jarri zizkiguten. Halako batean, KonponBIT izeneko enpresa batekin egin genuen topo, informatikoki egingarria zela esan ziguten, eta gaurdaino", jakinarazi du.
Hizkimizki plataforma ireki gisa uzteko asmoa dute, eta erabiltzaile kontua sortzen duen edonork egin ahalko ditu zuzenketak. Are, gehiago, hizkuntza berriak txertatzeko aukera ere zabalik uztea erabaki dute, nahiz eta eurak arduratuko diren hori egiteaz. Halaber, munduko hainbat unibertsitate, hizkuntzalari eta bestelako hizkuntz komunitateetako kideengana zabaldu nahi dute proiektua. Informatikoki ere izango du garapena: gaikako hiztegiak bilduko dituen plataforma bat sortuko dute, erosketetarako edota turismorako laguntza moduan balioko duena, besteak beste.
Hizkuntz ekologia Hizkimizki tresna bera baino, atzean dagoen filosofia du altxortzat Nekane Goikoetxea Sorguneak ikertegiko kideak. "Krisi ekonomiko latz baten erdian gaude, merkatua sartu zaigu etxeko sukalderaino, eta jende askok sorpresaz bizi du, inork gutxik aurreikusten zuen. Nago, ekologiarekin eta hizkun-tzekin ere ez ote zaigun beste horrenbeste gertatuko. Uste dut herritartasun aktibo bat behar dela gizarte hau benetan jasangarria izan dadin, bai zentzu ekonomikoan, bai aniztasunarekiko konpromisoan". Hala ere, Goikoetxearen aburuz, oker egongo ginateke hizkuntzaz bakarrik ariko bagina. "Aniztasunarekiko konpromisoa oso lotuta dago gizarte ereduekin, eta hor euskararen munduak badu zer irakatsia. Gure antolaketa modua kooperatiboa izan ohi da askotan, eta balio horiek mundu baztertuan bizi denari irakatsi behar dizkiogu. Hor kokatuko nuke hizkuntz ekologiaren gaia".