donostia. Gipuzkoan bizi diren ugaztun haragijaleek bizi duten egoerari dagokionez, deigarriak dira basakatuaren biziraupenari buruzko datuak. Herrialdeko gune askotan desagertua egon da jasandako jazarpen gogorragatik, baina galtzeko zorian egotetik badirudi berreskuratze bideari heldu diola azken urteotan. Hala uste du Foru Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuburuak, Iñigo Mendiolak.
Izan ere, espezie harrigarri honen inguruko datuak jasotzen ari dira azkenaldian foru-teknikariak eta esperantzarako leiho bat ireki daiteke hemendik aurrera.
Ongi kontserbatutako guneetan -Aralarren, bereziki- sentitu dute adituek basakatuaren presentzia. Hori da lepahoriaren kasua ere; egoera kaxkarrean jarraitzen badu ere, badirudi mustelido txiki honen populazioak ere ez duela atzera egiten.
jaramon gutxi Basapiztien berreskuratzearen ifrentzua, baina, erbiñudea izan daiteke. Oso animalia ohikoa izan da Euskal Herriko baso eta larreetan, baina azken hamarkadan dentsitatea behera egiten ari da nabarmen.
Dituen tamaina eta ohiturengatik oso zaila da, baita ere, harrapari hau ikustea. Eta inork gutxik egin dio jaramon ahalik eta espeziearen galera nabarmentzen hasi den arte. Gipuzkoan bezala, beherakada Iberiar Penintsula osoan ari omen da nabaritzen.
Tamainaz eta ospez handiagoa da, bestalde, azeria. Urte askotan zehar -mendetan ez esatearren- jasan duen ehizak ez du, itxura denez, espeziea arriskuan jartzea lortu herrialdean. Hori dela eta, ehizatu daitekeen haragijale bakarra da. Armaz eta taldean egiten dira, uxaldi moduan, baina baimen berezia behar da horretarako.