Gauez arrantza egitearen xarma
Oporretako gauak festaz festa pasatzea baino, bada kainaberak hartu eta kostaldera hurbiltzea nahiago duenik. Ordainetan, arrainen bat arrantzatzeko aukera eta, batez ere, uda parteko gau ikusgarriez gozatzeko parada izaten da. TESTUA Aitor Arambarri
GAUA joan eta gaua etorri, gure itsasaldeko hondartza, moila eta kostako pasealekuak arrantzalez betetzen dira. Bakarrik, edo lagun bat edo besteren konpainian, iluntasun orduak kainabera baten inguruan pasatzea aukeratzen duenik bada gure herrian. Askok jarduera xelebretzat hartuko dute agian baina, batez ere uda partean, gero eta jarraitzaile gehiago dituen aktibitatea dugu honako hau.
Zergatik egin arrantza gauez? Azalpen logikoena, agian, jendearena da, udan egunez hondartzan arrantzan egitea ezinezkoa baita. Arrainen portaerek ere badute zeresanik. Izan ere, itsasoko biztanleek aktibitate gehiago izan ohi dute gauez; arrain handiagoak ibiltzen dira, gehiago jaten dute eta, beraz, errazagoa da hauetako batek amuari heltzea.
Ander Arriolarentzat, 22 urteko arrantzale azpeitiarra, "ohitura" kontua ere bada, normalean ilunpean egiten baitu arrantza. "Hemen agian ez dago tradizio gehiegi, baina Mediterranear itsasoko kostaldetan oso normala da eta jarraitzaile asko ditu", dio azpeitiarrak. Bera, normalean, Zarauzko hondartzen aritzen da.
Arrantzaz aparte, jarduera hau egiten duenak uda parteko gau zoragarriez gozatzeko aukera ezin hobea du. Izarrez jositako zeruak eta itsasoko olatuen soinu bandak kutsu bohemioa darion klima erlaxantea eratzen dute. Zerbezak, musika edota elkarrizketa interesgarriren bat edo beste agertzean, arrantza bigarren mailako zerbait bilakatzen da.
ARRANTZARAKO PREST
Arrainak eta tresneria
Kantauri itsasoko uretan era guztietako arrainak aurki daitezke. Kostaldetik arrantza egiten dutenentzat espezierik arruntenak erlak, barbarinak, lupinak, mihi-arrainak eta sarboak dira. Baina, Arriolak dioenez, "beste dozenaka espezie harrapatzeko parada dago gure itsasaldean".
Horretarako, noski, amuak ezinbestekoak dira. Arrantzale azpeitiarrak azaltzen duenez, bi multzotan banatzen dira. "Alde batetik amu biziak daude, hala nola, zizareak edo karramarroak, eta bestaldetik, guk arraindegiko amu deitzen dizkiegunak, hau da, gamba, sardina, txipiroi eta mota honetako karnatak", argitzen du.
Gauez arrantza egiteak baditu zenbait handicap, ikuspen falta esaterako. Hau gainditzeko, arrantzaleek hainbat sistema original garatu dituzte. Arruntena kainaberaren muturrean zintzarriak edota argi artifiziala jartzea da, baina bada imajinazioa zertxobait gehiago lantzen duenik ere. "Nik txirrikari argia egiten duen zerbait lotzen diot. Horrela, arrainen batek amuari hozka eginez gero, argia igo egiten da, arran-tzalea ohartaraziz", azaldu du Arriolak.
Gauez aritzen den arrantzalea, normalean, pare bat kainaberaz horniturik inguratzen da itsasora, nahiz eta dozena erdi erremintaz horniturik agertzen denik ere baden. Kainaberen neurriak 3,90 eta 4,50 metro artekoak izaten dira. Linterna, amuak, txirrikak eta arrantzarako beste hainbat lanabesek osatzen dute jarduerarako tresneria. Hainbeste trasterekin, bada gurdi txiki batzuk erabiltzen hasi denik ere. "Hegoaldean nahiko normalak dira, eta gutxinaka hemen ere ikusten hasi dira. Nik neuk, adibidez, erabiltzen dut, eta egia esan oso praktikoak dira", azaldu du Arriolak.
ARRANTZA IRAUNKORRA
Ingurumena garbi
Ingurumena errespetatzea ere ezinbestekoa da arrantzaleentzat, nahiz eta askok kontrakoa pentsa. Arriolak jakinarazi duenez, Mediterranear itsasoko zenbait hondartzetan arrantza debekatua izan da bertako arrantzaleen jokaera desegokiak direla eta. "Hondartza zikina uztea, gure hondakinak bertan isurtzea arrantza gau baten ondoren geure buruaren aurka egitea besterik ez da", dio azpeitiarrak.
Arrainen neurrien arazoa arran-tzaleak kezkatzen dituen beste puntuetako bat da. "Itsasontzietan ari-tzen diren arrantzaleak oso kritikatuak izan ohi dira puntu honetan. Horregatik uste dut kostako arrantzaleok eredu izan behar genukela alor honetan", azaldu du Arriolak. Bere iritziz, legislazioan aldaketak ematea ere beharrezkoa da espezie konkretu batzuen defentsarako. "Erlen tamaina minimoa, esaterako, hamabost zentimetrokoa da, benetan lotsagarria", salatu du azpeitiarrak.
Jarduera honek gure lurraldean duen onarpenaren adibide pasa den maiatzean Zarauzko hondartzan lehiatutako Espainiako itsaso-kosta txapelketa da. Bertan euskaldunen emaitzak ikusgarriak izan ziren: taldeka garaile, banakakoan Victor Justel txapeldunorde eta, pieza handienaren saria Jesus Mari Altuna zarauztarrarentzat izan zen.