Getariako Arraun Klubaren 50. urteurrena eta askoz gehiagoRuben Plaza
Getariak ez du aurten soilik Arraun Klubaren 50. urteurrena ospatuko. Datozen hilabeteetan, herri osoaren memoria kolektiboa ere balioan jarriko da. Itsasoaren, arraunaren eta getariarren arteko harreman estua lagun, mendeetan zehar ehundu dena. Getariako Arraun Elkarteak 50 urte beteko ditu egitura juridikoa hartu zuenetik, baina arrauna askoz lehenagotik dago txertatuta herriaren izenean eta izaeran.
Ezin Getaria ulertu itsasorik gabe. Balea-arrantzaren garaiko portu bizi hura, itsasgizonak, arrantzaleak eta ontzigileak izan zituen herria da, eta lan tresna izandako arraunak, pixkanaka, kirol eta nortasun ikur bilakatu ziren. Arrauna ez zen aisialdi hutsa: beharretik sortutako jarduna izan zen, belaunaldiz belaunaldi transmititua, eta itsasoari aurre egiteko ezinbesteko jakintza eta ondarea.
Egungo kluba
Testuinguru horretan, 1976an gazte talde batek heldu zion, ordura arte sakabanatua eta formalki antolatu gabe zegoen arraun jardunari egitura ematearen erronkari. Horrela sortu zen Getariako Arraun Elkartea, aldaketa garai zurrunbilotsu eta ezegonkor bete betean, sustrai sakoneko tradizioari forma berria emateko asmoz. Ordutik, herriko gazte askorentzat elkartea aisialdi gune, heziketa espazio eta babesleku izan da, eta, aldi berean, errendimendu handiko kirola eta tokiko izaera ederki uztartzen jakin duen proiektua.
50.URTEURRENEKO EGITARAUA
Otsailak 12
- Hitzaldia: Tostako arraunaren etorkizuna.
- Hizlariak: Ion Larrañaga (Getaria), Jon Salsamendi (Bermeo) eta Jone Oliban (Deustu).
- Gidaria: Kepa Iribar.
Martxoak 7
- Belaunaldi ezberdinetako arraunlariekin osatutako trainerua Oriaren Traineru Jaitsieran.
Apirilak 16
- Hitzaldia: Euskal itsas ondarea eta arrauna.
- Hizlariak: Ibon Gaztañazpi eta Xabier Alberdi (Itsas Museoa).
Maiatza (data zehazteke)
- Hitzaldia: Arraunlariaren azken urteotako bilakaera fisikoa.
- Hizlariak: Iñaki Arratibel, Naroa Becerril eta Mikel Orbañanos.
- Gidaria: Jon Ander de la Hoz.
Xabier Goikoetxea, elkarteko presidenteak, garbi dauka gaur egungo egoera ez dela kasualitatea: “Gaur bizi duguna ez da une bateko loraldia, aurreko belaunaldiek egindako lanaren emaitza baizik. Kate luze baten parte gara, eta gure ardura kate horri jarraipena ematea da”. Herri txikia da Getaria, hiru mila biztanle eskas dituena, eta horrek zailtasun handiak ekarri izan ditu beti. Baliabide urritasuna, belaunaldi aldaketak eta testuinguru sozial aldakorra tarteko, urte gogorrak ere bizi izan ditu klubak.
Baina, bitxia bada ere, tamaina txiki horrek balio berezia eman dio proiektuari. “Herri txiki batean oso zaila da horrenbeste urtez klub bat bizirik mantentzea. Baina arraunak beti eman die aukera herriko gazteei kirola egiteko, eta horrek komunitatea batu egin du”, dio Goikoetxeak. Une onak eta txarrak tartekatuz, trainerua gelditu eta berriz martxan jarri behar izan duten urte boladak izan dira. Harrobiko lana, aldiz, ez da inoiz eten.
Gaur egun, klubak 35 bat arraunlari gazte ditu infantil, kadete eta jubenil mailetan banatuta. Bestalde, gizonezkoen trainerua Euskolabel Ligan dabil 2022. urtetik hona. Jon Ander de la Hoz, arraunlari ohi eta urteurreneko batzorde antolatzaileko kidearen ustez, hortxe dago klubaren muina:“Klub txiki baten indarra harrobian dago. Getariak beti presente izan du hori, eta horri eutsi behar zaio”. Bere kasuan, kuadrillako beste zortzi lagunekin partekatu izan du tosta, eta bere esanetan, “ia kuadrilla gehienetan dago arraunlariren bat, edo arraunlari izandakoren bat, bestela”.
Xabier Goikoetxea eta Jon Ander de la Hoz.
De la Hozen hitzetan, gainera, urteurren honek badu barru barrutik bizi den zerbait, identitatearekin zuzenean lotua dagoena. “Getarian herriarekin errotik lotuta dagoen kirolik badago, arrauna da noski. Klubak egitura eman zion, baina arrauna askoz lehenagotik zegoen hemen”, dio. Horren lekuko dira elkartea sortu aurretik irabazitako banderak, tartean bost Kontxa, edota belaunaldi ezberdinetako arraunlariak traineru berean elkartu izana, historiaren eta orainaren arteko zubia eraikiz.
50.URTEURRENEKO EGITARAUA:
Ekaina (data zehazteke)
- Hitzaldi zikloaren amaiera: Mikel Olazabal ETBko kazetariaren ibilbidea eta arraunaren bilakaera.
- Gidaria: Jon Ander de la Hoz.
Abuztua (Salbatore jaiak)
- Kuadrillen arteko batel estropadak.
Urria
- Arrauna hizpide izango duen bertso jaialdia.
Azaroak 7
- 50. urteurreneko jaia elkartean.
- Klubeko kide historikoei omenaldia.
- Herriko elkarteekin kirol desafioa eta bazkari herrikoia.
Azaroa (data zehazteke)
- Musika jaialdia, euskal musikaren esparruko hainbat artistarekin.
- Urteurrenaren itxiera ekitaldia.
Egitaraua
Urteurrenaren egitarauak ikuspegi zabala izango du, iragana, oraina eta etorkizuna uztartuz. Antolatutako hitzaldietan arraunaren bilakaera teknikoa, fisikoa eta soziala jorratuko dira, baita itsas ondarearen eta arraunaren arteko lotura ere. Gainera, komunikazioaren eta gizartearen ikuspegitik ere begiratuko zaio kirolari. “Ez da Getariari buruz bakarrik hitz egingo. Arraunak gaur egun dituen erronkak mahai gainean jarri nahi ditugu”, azaldu digu De la Hozek. Hitzaldi guztiak, ‘Arraunaritira’ profilean ikusi ahal izango dira streaming bidez.
Uda iristean, ospakizunak kalera aterako dira, edo hobe esanda, itsasora. Noizbait klubeko tostan aritutako neska mutilei, kuadrillen arteko batel estropada batean parte hartzeko aukera eskainiko zaie. Hala, urteurrena jai giroan biziko du herriak.
Azaroaren 7an burutuko den amaiera ekitaldian, elkartearen historian arrastoa utzi duten kideak omenduko dituzte. “Hau guztia ez da gaurkoentzat bakarrik. Aurretik egon direnei zor diegu, eta etorriko direnei bidea zabaltzeko ere bada”, dio Goikoetxeak.
Getariak, beraz, klubaren 50 urteak ospatuko ditu. Eta, batez ere, itsasoak eta arraunak herriari eman dioten nortasuna, memoria eta etorkizunerako oinarriak jarriko ditu balioan. De la Hoz eta Goikoetxeak bat egiten dute horretan, eta argi daukate datozen hilabeteak “oso bereziak” izango direla getariar guztientzat.